Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak 87.173 euroko ekarpena egingo du Vista Alegre parkea biziberritzeko

Aldundiak 87.173 euroko ekarpena egingo du Vista Alegre parkea biziberritzeko

Bertan dauden pasealeku eta jolasguneak hobetuko dira.

2019/02/13

Bertan dauden pasealeku eta jolasguneak hobetuko dira, hartara hiri parke bilakatu dadin, kokatzen den eremu babestuaren eskakizunetara egokituta.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak Zarauzko eraztun berde-urdinaren balio naturalistikoa eta klima aldaketaren eraginei aurre egiteko babesaren beharra azpimarratu du.

Jose Ignacio Asensio, Ingurumen diputatua, eta Gloria Vazquez, Zarauzko Udaleko Ingurumen zinegotzia, Vista Alegre parkean egiten ari diren obrak ikusten egon dira.

Zarauzko Udala «Zarauzko eraztun berde-urdina» izeneko proiektua sustatzen eta gauzatzen ari da, balio ekologikoa duten Zarauzko hiri inguruko eremuak kontserbatu, babestu eta berreskuratzeko (Talaimendi, Iñurritza, Mutxio eta Santa Barbara, Astiko hezegunea, Donejakue bidea, Vista Alegre, Tejeria, eta abar), herritarrei zerbitzu ekosistemikoak (biodibertsitatea, kultura, paisaia, aisia eta olgeta, eta abar) eskaintzeko aukera emango duen korridore natural bat konfiguratu ahal izateko.

Bestalde, Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren helburuetako bat da arrazoi desberdinengatik elementuen kalitate estandarretan eta ezaugarrietan galera bat jasan duten lurraldeko eremuak biziberritu, lehengoratu edo balioan jartzea, iraunkortasun ikuspuntu batetik hartzen diren edo inguru horientzako espero diren erabilera eta funtzioei dagokienez.

Testuinguru honetan, Zarauzko Udalak, eraztun berde-urdina garatzen jarraitzeko asmoz, hitzarmen bat sinatu zuen Foru Aldundiarekin, Vista Alegre parkea urbanizatu eta hobetzeko proiektua gauzatzeko. Parke hori Santa Barbara mendiaren magalean dago, Natura 2000 Sareko Garate-Santa Barbara eremuaren barruan, eta proiektuaren xedea da parkea biziberritzea, bideak konponduz eta parkeko ibilbideetan zehar dauden atsedenerako edo jolaserako eremuak hobetuz. Horretarako, zegokion proiektua idatzi zuen; proiektuaren exekuzio aurrekontua, guztira, 280.472 euro da, eta Aldundiak 87.173 euro jarriko ditu.

Jarduketa honekin bilatzen da egun dauden arazoak konpontzea (bideak egoera txarrean, bidezidorrak mendi-hegal oso makurretan, drainatze eskasa, lurzorua higatzen duten jariatzeak, eta abar). Horretarako, zoladura aukera desberdinen azterketa eta analisia egingo da, eta euri urak sare espezifiko baten beharrik gabe eta mantentze premia minimo batekin biltzeko aukerak ikusiko dira, arreta berezia jarriz hiri altzarien eta adinekoek ariketa fisikoa egin ahal izateko eremuen kokapenean. Hori guztia helburu batekin: eremu hori hiri parke bilakatzea, espazio babestu batean egoteak dakartzan eskakizunetara egokituta.

Asensiok esan duenez, «Departamentuaren helburuetako bat da Gipuzkoa jasangarri bat lortzeko bidean aurrera egitea, hartara klima aldaketaren erronkari aurre egiteko. Hondatutako espazioen berreskuratzeak, ekosistemen biziberritzeak eta hauen naturalizazioak lurraldeari aukera emango diote klima aldaketaren aurrean irmo mantentzeko eta erresistentzia hori areagotzeko, eta testuinguru horretan sartzen dira Zarautzen burutzen ari garen lanak”.

Obra hau Udalak sustatzen duen «eraztun berde-urdina» proiektuaren barruan sartzen da. Proiektuaren xede nagusia da balio ekologiko handia duten Zarauzko hiri inguruko eremuak kontserbatu eta babestea.

  

1379