Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Zarautzek adinekoen egoitza berria izango du Iñurritzan 2021ean, eta eguneko zentroa Aldapetan, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat

Zarautzek adinekoen egoitza berria izango du Iñurritzan 2021ean, eta eguneko zentroa Aldapetan, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat

Udalak Aldundiaren esku utziko du Kortazarreko esparrua, mendekotasun egoeran dauden pertsonentzat zentro bat eraikitzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zarauzko Udalak ezagutzera eman dute Kortazarreko lurzoruan –udalak Aldundiaren esku utzitakoa– eraikiko den adinekoen egoitza eta Aldapetan eraikitzen ari diren eguneko zentroa aniztasun funtzionala duten pertsonentzat, 2021 urte amaierarako prest egotea espero dena. Horrela adierazi dute Markel Olano diputatu nagusiak eta Xabier Txurruka Zarauzko alkateak, Zarautzera gaur egindako bisitan. “Proiektu honek eragin positiboa izango du Urola Kostako herrietan dauden itxaron zerrendak murriztean”, esan du diputatu nagusiak, eta legealdi hasieratik adineko pertsonen “ongizatea, bizi-kalitatea eta zaintza” lehen lerroan jartzeko aldundiak hartutako “konpromisoa” azpimarratu du.

          Kortazarreko esparrura egindako bisitan, Markel Olano eta Xabier Txurrukarekin batera izan da Maite Peña, Gizarte Politikako foru diputatua. Hitzarmen berriak helburu du Urola Kostako gizarte zerbitzuen alorreko eskariari erantzun egokia ematea, adineko pertsonen arretari zuzenduriko hainbat zerbitzuetan plazak gehitzea, hain zuzen ere. Zentzu horretan, Iñurritzako Kortazar lurzoruaren optimizazioaren azterketa egingo da. Udalak aldundiaren esku lagako du esparru hori, Zarautzen eta inguruko udalerrietan plaza gehiago eskaintzeko helburuarekin.

Foru Aldundiak Urola Kostako arreta soziosanitarioren eredua beste kolektibo batzuei hedatzea aurreikusten du. Zarauzko Udalarekin eta lurraldean dibertsitatearen arloan lan egiten duten erakundeekin elkarlanean, aniztasun funtzionaleko pertsonei zuzenduriko eguneko zentro berria irekiko da Aldapetan eta 20 plaza eskainiko ditu. “Izaera berritzailea” izango du, aniztasun funtzional eta premia ezberdinak dituzten pertsonei “tradizionalki” erakunde jakin batzuek kudeatutako zentro espezifikoetan artatuak izan direneierantzuna eta laguntza emango baitie. Horrela adierazi du diputatu nagusiak, eta aurreratu duenez, proiektu hau etorkizunean “Gipuzkoako beste eskualdeetara hedatzeko aukera aztertuko da”. “Lurralde kohesionatua eta aurreratua gara, eta horrelako proiektu berritzaileekin arreta integrala eta banakakoa eskaini nahi dugu, pertsona ardatz duena eta komunitatean gizarteratzea sustatzen duena”, esanez amaitu du Olanok.

 

Azken asteetan Gipuzkoako Foru Aldundiak Irungo egoitza berriaren obrak kontratatzeko prozedurari ekin dio eta Usurbilgo zentro berritzailea aurkeztu du. “Inbertitzeko egindako esfortzu horrek, halaber, isla izango du Zarautzen eta, horrenbestez, Urola Kostan”, nabarmendu du Olanok. Gaur Zarauzko Udalarekin batera aurkeztutako akordioarekin erakundeen arteko lankidetzaren “adibide” dena–, zahartzeari eta mendekotasunari eskainitako arreta sarea “eraldatzen” ari garela esan du diputatu nagusiak, eta gehitu du Gipuzkoa “gizarte politiketan indartsua” izateagatik bereizten den lurraldea dela.

Markel Olanok nabarmendu du “beharrezkoa” dela mendekotasun egoeran dauden adinekoei zuzenduriko “plaza kopurua handiagotzea”. Helburua da “etorkizunean suertatu daitezkeen beharrei aurre hartzea”, mendekotasuna duten adinekoak “beraien etxeetan" bizi ahal izateko arreta soziosanitario eredua izan arren, osasun arazoengatik bertan jarraitu ezin dutenerako pentsatuta. Xede horrekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako “estrategia integral” bati esker, legealdi amaiera arte “egoitzetan eta eguneko zentroetan guztira 361 plaza” sortu direla azpimarratu du. Eta gaineratu du, estrategia integral hori 2018-2021ko Gizarte Zerbitzuen Mapan islatuta dagoela, eta horri esker 869 plaza berri sortzea proposatzen dugula, horietatik 446 plaza mendekotasun egoera dauden pertsonei zuzenduta eta 155 aniztasun funtzionala duten pertsonei.

Bestalde, Xabier Txurruka alkateak azpimarratu duenez, “akordio hau albiste zoragarria da Zarautzentzat. Gizartearen zahartzea errealitatea da eta, aldi berean, baita erronka handia ere, eta horrek erakunde publikoen aldetik estrategia eta konpromiso argi eta garbia eskatzen du. Proiektu guztien helburu eta ardatz pertsonak direla esaten dugunean, arreta soziosanitarioaren ekipamenduak hobetzearen inguruan ere mintzo gara. Mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonen egoitza berri bat martxan jartzeak gure herrian plaza eskatzen dutenen itxaron zerrendak murriztea ekarriko du”.

 

Diputatu nagusiak amaitu du gogoraraziz “Gipuzkoan gizarte kohesionatua” dugula, “gizarte-ehun sendo eta gizarte zerbitzu aurreratu batzuei esker”. Gizarte kohesiorako “ezinbestekoa da gizarte politiken eredu honi eutsi diezaiogun eta Gipuzkoan lanean ari gara kolektibo honek ongizatea eta bizi maila duina izan dezan”, gehitu du. Zarauzko Udalarekin adostutako protokolo honen bidez, Foru Aldundiak “ekarpena” egiten dio Urola Kostan eta Gipuzkoan modu orekatuan garatzen ari den arreta ereduari. “Eta bide horretan eragin behar diogu lankidetzan tokian tokiko administrazioek, bai aldundiak bai lurraldeko udal guztiek”.

  

1867