Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Zarauzko Udalak eta Aldundiak kantxa estalia eraikiko dute polikiroldegiaren ondoan

Zarauzko Udalak eta Aldundiak kantxa estalia eraikiko dute polikiroldegiaren ondoan

Institutuaren ondoan erakikiko da ikasleek eta herritarrek erabil dezaten.

Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planak 55 udalerriri eta 567.000 biztanleri eragiten die, hau da, Gipuzkoako biztanleen % 80ri; guztira 53,8 milioi euroko inbertsioa egin da, eta Aldundiak 10,6 milioi euroko laguntza eman du".

Itxaso: “Foru Aldundian adin guztietako, edozein sexuko eta jatorri guztietako herritarrek instalazio egokiak izan ditzaten eta horietara sarbidea izan dezaten nahi dugu, haietan kirola edo gainerako aisialdiko jarduerak egin ahal izateko eta, horrela, haien bizi kalitatea hobetzeko”.

Xabier Txurruka, Zarauzko alkateak eta Denis Itxasko Kultura eta Kiroleko Diputatuak hitzarmena izenpetu dute Aritzbataldeko polikiroldegiaren ondoan kantxa estalia eraikitzeko. Proiektuaren kostea 2.110.657 eurokoa da (BEZ barne), eta Aldundiak 600.000 euro jarriko ditu.

Kantxa estalia eraiki nahi da Aritzbatalde kiroldegia handitzeko eta Zarauzko kirol ekipamenduen “oinarrizko sarea” hobetzeko: kiroldegiko kantxa eta Zarauzko oinarrizko kirol-ekipamenduak txiki geratu baitira Zarauztarren eskola kirola, kirol federatua edo eta guztion kirolaren praktika maila altuagatik (zentzu guztietan). Azpimarratu, berdintasunezko erabilera eta polibalentea ahalbideratuko dela; batez ere kirola egiteko zailtasun gehien dituzten zarauztarrekiko.

Xabier Txurruka alkateak azaldu du proiektu honek Zarauzko institutuaren eta kirol talde askoren interesari erantzuten diola: «Kantxa estali berria Lizardi institutuaren ondoan jartzeko planteamenduarekin herriko kirol taldeek entrenatzeko eta asteburuetan partidak jokatzeko dituzten kapazitate arazoak konpondu nahi dira eta, aldi berean, institutuak berak dituenak, biak bateragarriak baitira. Horrela, bada,  instalazio berria optimizatu nahi da, irakastorduetan institutuak polikiroldegi eta kantxa estali gisa erabili ahal izateko, eta irakastorduak ez diren orduetan eta asteburuetan, berriz, Zarauzko kirol taldeek entrenamendu eta kirol pista gisa erabiltzeko.» Halaber, alkateak azpimarratu du Udala proiektu horretan elkarlanean aritu dela Lizardi Institutuko zuzendaritzarekin eta Zarautz Kirol Elkarteko zuzendaritzarekin: «Alderdi guztiak pozik gaude azken emaitzarekin. Orain lehiaketara atera behar da eraikinaren eraikuntza, ahalik eta azkarren abian jartzeko. Obrak datorren udazkenean hastea espero dugu.»

Eraikin berriak hall moduko espazio txiki bat du, kirol anitzetarako pistari sarrera ematen diona, eta balkoi moduko harmaila altu batera eramaten duen eskailera bati lotua dagoena.  Harmaila horren azpian, barnera biltzen diren harmaila sistema bat aurreikusten da; hala, egunerokoan erabiltzen den azalera maximizatu egingo da, eta, partida ofizialetan, ikusle kopurua handiagotzeko aukera eskainiko du.

Kantxak 1846.23 m2-ko azalera izango du; horietatik 968 pistarako erabiliko dira, eta 397.79 ikusleentzat.  Gainerakoan, biltegiak, sarrera eta pasabidea eraikiko dira, besteak beste.

Kirol ekipamenduak birmoldatu, berritu, ordeztu eta lekualdatzeko 2017-2020 aldiko Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planaren esparruan sartzen da laguntza; izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat inbertsio finantzatuko ditu lurraldeko kirol azpiegiturak hobetzeko eta, horrela, erantzuna emateko Gipuzkoako gizarteak jarduera fisikoa eta kirola egiteko duen premiari. Aldundiak lehentasuna eman dio egungo ekipamenduak berritu eta birmoldatzeari, instalazio berriak eraikitzearen ordez.

Itxasok nabarmendu duenez, "planak 55 udalerriri eta 567.000 biztanleri eragiten die, hau da, Gipuzkoako biztanleen % 80ri; guztira 53,8 milioi euroko inbertsioa egin da, eta Aldundiak 10,6 milioi euroko laguntza eman du".

“Foru Aldundian adin guztietako, edozein sexuko eta jatorri guztietako herritarrek instalazio egokiak izan ditzaten eta horietara sarbidea izan dezaten nahi dugu, haietan kirola edo gainerako aisialdiko jarduerak egin ahal izateko eta, horrela, haien bizi kalitatea hobetzeko”, esan du Itxasok. 

Bai Zarauzko Udalak bai Aldundiak balorazio ona eman diote lankidetzari, eta adierazi dute bizi ditugun garai hauetan inoiz baino beharrezkoagoa dela baliabide publikoak modu eraginkorrean eta jasangarrian erabiltzea, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta.

  

1817