Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Zazpi Ibilbide Luze Gipuzkoa oinez zeharkatzeko

Zazpi Ibilbide Luze Gipuzkoa oinez zeharkatzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuak, Hiriburutzaren legatu den DSS2016EU GR SAREA aurkeztu dute

Gipuzkoako gune natural babestu guztiak oinez zeharkatzeko zazpi Ibilbide Luze edo GR; horrela gauzatuko da Donostia 2016-ren 2016 bidea proiektuaren legatua. DSS2016EU GR SAREA izeneko mendi-bide sare hau Europako mendi-bide sarearen barruan kokatzen da, eta Hiriburutzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiaren lankidetzari esker egokitu eta seinaleztatu da. Sarearen aurkezpena egin dute gaur Arantza Ariztimuño, Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendariak, Pablo Berástegui Donostia 2016-ren zuzendariak eta Txema Garay Club Vasco de Camping elkarteko presidenteak.

Bi erakundeen arteko elkarlanari esker, Gipuzkoako GR ibilbide guztiak sare bakarrean bateratu ahal izan dira lehenengo aldiz. Legatu garrantzitsu hau Donostia 2016-k sustatutako balioei lotuta dago, hala nola, ariketa fisikoari eta naturarekiko harremanari.

Balio horiexek dira, hain zuzen, Donostia 2016-k sustatutako 2016 Bidea proiektuak bultzatu dituenak. Izan ere, bizi ohitura osasuntsuen, ingurugiroarekiko errespetuaren eta mendizaletasunaren alde egin zuen joan den urtean 7 hilabete luzez ekintza kulturalez aberastutako etapa ezberdinetan Euskal Herri osoa zeharkatu zuen ekimenak. Izaera horri jarraiki, DSS2016EU GR SAREA inguratzen gaituzten paisaia zoragarrian barrena ibiltzeko gonbidapena da, gure lurraldea sakonean ezagutu eta hartaz gehiago gozatzeko.

Arantxa Ariztimuñok azpimarratu egin du lurraldeko balio kultural eta naturalak ezagutzera emateko ezinbestekoak diren mendi ibilbide horien kontserbazioan eta hedapenean bere zuzendaritzak orain arte egindako lana. Halaber, DSS2016-rekin elkarlanean egindako lanen garrantzia azpimarratu du, eta honakoa adierazi du: "era honetako ekimenak bultzatzen jarraituko dugu gure lurraldeko balio natural zein kulturalak hiritarrengana gerturatzeko. Garrantzitsua da hiritarrek horrelako azpiegiturak baliatzea gure inguru naturalera egiazko ikuspuntu batetik abiatuta hurbiltzeko".

Bestalde, Pablo Berásteguik baieztatu du: "Hiriburutzak Gipuzkoari legatu gisa utzi dizkio Ibilbide Luzeen sarearen hobekuntza eta eguneratzea, dagoeneko existitzen zen bide sistemaren osagarri. Kasu honetan, Hiriburutzaren legatu honek herritarrei ahalbidetuko die, batetik, bizitza osasungarriagoa eta, bestetik, lurraldeko ingurune natural pribilegiatuaz gozatzeko tresna gehiago izatea.”

Argitalpena

Donostia 2016-k DSS2016EU GR SAREA osatzen duten 7 ibilbideen inguruko informazio guztia biltzen duen argitalpen bat landu du. Gida hori lurraldeko hainbat interesgune ezberdinetan banatuko da, hala nola, turismo bulegoetan, udaletxeetan etab. Halaber, ibilbidearen inguruko zehaztasun guztiak eskuragarri egongo dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunean  www.gipuzkoaoinez.com.

GR sare honek dakarren legatua amaiera bikaina da 2016 bidea proiektuarentzat, Hiriburutzaren ekintzen artean interes handiena piztu duen ekimenetako batentzat, alegia. 2016ko martxoaren 27an bere ibilbidea hasi zuenetik urriaren 30ean amaitu zuen arte, 7 hilabetez, igandero-igandero mendia hiritarrei gerturatzea izan zuen helburu 2016 bideak, eta guztira mendiko 32 etapa, 100 ekintza kultural baino gehiago eta 1.285 parte-hartzaile baino gehiago bildu zituen.

7 Ibilbide Luzeak

GR 121 TALAIA ibilbidea - Hondarribia-Saturraran: 80km- Gipuzkoako kostaldea zeharkatzen duten 6 etapa.

GR 121 BIZKAR ibilbidea - Mutriku-Arantzazu: 94km- Bizkaia eta Arabaren arteko mugan ibilaldi handia osatzen duten 4 etapa.

GR 283 GAZTAREN ibilbidea - Aralar-Aizkorri Aratz: 92km- artzaintzaren inguruko guztia ezagutu ahal izateko 5 etapa.
GR 121 EPAIPIDE ibilbidea - Lizarrusti-Behobia: 96km- Gipuzkoako auzo-mendi zabaletan zehar doazen 4 etapa.
GR 35 ALTXONBIDE ibilbidea - Lizarrusti-Zarautz: 70km- artzainek erabilitako udako bazkak negukoekin lotzen dituzten bideetan zehar doazen 3 etapa.
GR 285 MENDIBAI ibilbidea - Elgoibar-Behobia: 128km- barnealdeko mendikatean zehar Gipuzkoako 5 ibai nagusiak zeharkatzen dituzten 4 etapa.
GR 286 ARAINDARRI (Hiru Tenpluen) ibilbidea - Arantzazu-Zumaia: 80km- Gipuzkoako barnealdea eta kostaldea lotzen duten 4 etapa.

  

2309