Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Zegamak ia 900 kirolari hartuko ditu asteburu honetan Zegama-Aizkorri dela eta

Zegamak ia 900 kirolari hartuko ditu asteburu honetan Zegama-Aizkorri dela eta

Guztira 545 pertsonak, horietatik 79 emakumeak, egingo dute mendi maratoi ospetsu honen 24. edizioa; Junior kategorian 88 parte-hartzaile daude, horietatik 32 emakumeak; eta KB kategorian 248 (55 emakumeak).

Azahara Domínguez eta Goizane Álvarez diputatuak Zegama Aizkorriren aurkezpenean

Azahara Domínguez eta Goizane Álvarez diputatuak Zegama Aizkorriren aurkezpenean


Zegamak Gipuzkoako kirol ekitaldi garrantzitsuenetako bat hartuko du asteburu honetan. Zegama-Aizkorrik, bere kategoria ezberdinekin, ia 900 kirolari bilduko ditu Goierriko udalerrian. Guztira 545 lagunek, horietatik 79 emakumeak, eman dute izena aurten 24. edizioa ospatuko duen mendi maratoi ezagun honetan. Gainera, 88 kirolarik (32 emakume) junior kategorian parte hartuko dute eta 248k (55 emakume) KB kategorian.
Donostian mendi lasterketa honen aurkezpena egin dute astelehen honetan Goizane Alvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatuak, Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru arduradunak, Iker Zubeldia Zegamako alkateak eta Maialen Arizkorreta antolakuntzako kideak.
Azken honek azaldu duenez, Golden Trail Word Series-en laugarren proba puntuagarria da, 20 nazionalitatetako korrikalariak bilduko dituena, eta parte-hartzaileen % 28 baino gehiago gipuzkoarrak dira.
Zegamak kirolari ezagun asko hartuko ditu aurten ere, besteak beste, Manuel Merillas, Elhousine Elazzaoui, Roberto Delorenzi, Nadir Maguet, Antonio Martínez Pérez, Alain Santamaria edo Andreu Blanes, gizonezkoen artean. "Edizio honetan Kilian Jornet hamaika aldiz txapeldun eta man errekorra izan dena ez etortzeak podiuma inoiz baino irekiago utzi du", adierazi du Arizkorretak. Emakumezkoetan, Sylvia Nordskar iazko irabazlea eta Miao Yao, Judith Wyder, edo Marta Martinez bezalako lehen mailako beste izen batzuk izango dira.
Euskal izen nabarmenen artean, Aritz Egea, Ander Iñarra (Euskadiko txapelduna 2024an), Anartz Artola, Ander Gerrikaetxebarria, Aitor Ajuria eta Aitor Zunzunegi gizonezkoetan eta Sara Alonso (lehena GTWS 2025 rankingean), Malen Osa (bigarrena 2024an), Oihana Kortazar eta Maite Maiora (biak Zegaman irabaztea zer den) eta Ainara Alcuaz eta Maud Combarieu Euskal Selekzioko ordezkariak emakumezkoetan.


Gero eta emakume gehiago
Zegaman gero eta emakume atleta gehiago daudela azpimarratu du Arizkorretak. Zentzu horretan, maratoian emakumeen parte-hartzea % 15 ingurukoa izango dela adierazi du, KB kategorian emakumeak % 22 dira eta junior kategorian % 36ra igotzen da. "Datu horiek erakusten digute emakumeen parte-hartzea eta lehiakortasuna, bai orain, bai etorkizunean, bermatuta dagoela", nabarmendu du.
Era berean, kirol proba honen antolakuntzatik azaldu dutenez, "adin tarte hori kirol asteburuan apur bat umezurtz geratzen zela ikusita, berrikuntza gisa, KB modalitatearen barruan 23 urtez azpikoen kategoria gehitu da ostiraleko proban". "Horrela, trailrunningaren oraina osatzen duten eta etorkizunean sarritan entzungo ditugun izenei protagonismoa ematea lortzen dugu", esan du Arizkorretak.
Junior kategoriari dagokionez, iazko dortsal eskari altuen aurrean, aurten lehen aldiz zozketa bidez banatu dira. "Kategoria honetan parte hartzen dutenek larunbateko eliteko lasterketaren aurkezpenean ere parte hartuko dute", adierazi dute antolatzaileek.
Aurten ere, lasterketak estaldura mediatiko handia izango du. Nahi dutenek streaming bidez jarraitu ahal izango dute, youtubeko kanal ofizialaren bidez, euskaraz eta gaztelaniaz. Gainera, GTWSek ingelesez emitituko du bere youtube-kanalean. Halaber, EiTBk eta TV3k lasterketa osoa euskaraz eta katalanez eskainiko dute. Eta lasterketak erreportaje bereziak ere izango ditu kirol-kateetan, hala nola Teledeporte edo Eurosport.

Kirolaren balioekiko grina gipuzkoarra
Bestalde, Goizane Alvarez Kultura eta Kirol diputatuak adierazi duenez, "Zegama-Aizkorri gure lurraldeko kirol-probarik enblematikoenetako bat izateaz gain, Gipuzkoak mendiarekiko, eta kirol-balioekiko duen konpromisoaren isla ere bada”. “Edizio honetan ia 900 pertsonak parte hartzea lasterketa honen nazioarteko proiekzioaren erakusgarri da, berriro ere munduko trail runningeko elitea biltzen baitu. Bereziki nabarmendu nahi dut emakumeen parte-hartzearen gorakada, urrats sendoz egiten baitu aurrera kategoria guztietan, eta aitortu nahi dut bertako antolakuntzaren eta boluntarioen lana, horiek gabe ezinezkoa bailitzateke kirolaren festa handi hau. Zegama erreferentzia globala da dagoeneko, eta Kultura eta Kirol departamentuak tinko babesten jarraituko ditu kirol bikaintasuna, tokiko konpromisoa eta nazioarteko proiekzioa uztartzen dituzten ekimenak”, gaineratu du.

Trafiko murrizketak eta Lurraldebuseko zerbitzu bereziak
Zegama-Aizkorriren tamainako kirol proba, parte hartzaile guztiekin eta mugitzen duen publikoarekin, erronka handia da Zegama bezalako herri txikientzat. Hori dela eta, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebuseko zerbitzu bereziak jarriko ditu asteburu osoan, nahi duten pertsona guztiak herrira ibilgailu pribatuan joan beharrik gabe irits daitezen.
Azahara Domínguez diputatuak jakinarazi duenez, larunbatean, hilak 24, 15:00etan, 16:00etan eta 17:00etan irtengo dira Zaldibiatik, eta geldialdi hauek egingo dituzte: Oteginea (15:05, 16:05 eta 17:05), Garagartza (15:10, 16:10 eta 17:10), E. Lasa (15:15, 16:15, 17:15), Oriamendi (15:18, 16:18 eta 17:18), Kiroldegia (15:20, 16:20 eta 17:20), Ihurre (15:25, 16:25 eta 17:25), Idiazabal (15:30, 16:30 eta 17:30), Segura (15:30).
Itzulerako zerbitzu bereziak Zegamatik irtengo dira 20:00etan, 21:00etan eta 22:00etan, eta Seguran, Idiazabalen, Ihurren, Kiroldegian, Beasain-Renfen, Atezaindegian, Ordizia-Renfen, Eraskinean eta Zaldibian geldituko dira.
Igandean, hilak 25, zerbitzu bereziak 6: 30ean, 7: 00etan eta 8: 00etan abiatuko dira Zaldibiatik, eta itzultzeko autobusak 15:55ean, 16:55ean, 18:55ean eta 19:00etan aterako dira Zegamatik.
"Parte hartuko duten edo lasterketa ikustera joango diren pertsona guztiak gonbidatzen ditugu zerbitzu berezi hauek erabiltzera joan-etorrietan, izan ere, Zegaman jende asko bilduko da asteburu honetan eta autobusa erabiltzea izango da kirol asteburu handi honetaz gozatzeko modurik onena", adierazi du diputatuak. "Pribilegio handia da gure lurraldeak Zegama Aizkorri bezelako maila duen proba bat hartzea, erakusleiho ezin hobea baita munduari Gipuzkoako altxor ezkutuenak eta gure ingurune natural pribilegiatua erakusteko. Honek kalitatezko bisitariak erakartzeko aukera ematen digu, gure berotasuna eta bikaintasuna balioan jartzen dutenak", gaineratu du.
Azkenik, Iker Zubeldia Zegamako alkateak, herrira gerturatzen den jendeari deia egin die: “Gonbidatuta zaudete aurten ere eta egun eder bat igarotzea. Aurtengo edizioaren bereizgarritasunik nabarmenena trafiko arauena da. Nolabaiteko norabide berdeago bat eman nahi diogu nabarmen hazkuntzan doan kirol ekitaldi honi . Denok nahi dugu lasterketara ahalik eta erosoen iritxi baina proba honen iraupena zihurtatzeko inguruarekin beste konzientziazio bat behar dugu”. 
 

  

3672