Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Zerga bilketa %3,6 hazi zen Gipuzkoan 2018an

Zerga bilketa %3,6 hazi zen Gipuzkoan 2018an

Foru Ogasunak aurreko urtean baino 167,1 milioi gehiago jaso zituen

2019/01/21

4.837,4 milioi euro jaso zituen Gipuzkoak 2018 urtean, aurreko urtean baino 167,1 milioi euro gehiago (+%3,6). Igoerak ia ia zerga guztiei eragiten die, bereziki Foru Aldundiak kudeatzen dituen zerga zuzenei. Zehazki, igoera nabarmena izan dute Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergak (PFEZ) eta Sozietateen gaineko Zergak, eta baita Balio Erantsiaren gaineko Zergak (BEZ) ere. Balantzaren beste aldea, adierazgarria da Estuarekin egiten diren doikuntzak murriztu direla, bai BEZan zein zerga berezietan. 
Ogasun eta Fintzetako foru diputatu den Jabier Larrañagak esan duenez, “bikaina” izan da 2018 urtea zerga bilketari dagokionean, Gipuzkoak bigarren urtez jarraian bere errekorra hobetu baitu. Foru arduradunak gogoratu du 2017 ezohiko urtea izan zela, Kupoaren desadostasunen inguruan zegoen gatazka konpontzearen ondorioz baliabide gehigarriak jaso baitziren, “eta orain zifra hori ere hobetu dugu”. Larrañagaren ustetan, igoeraren gakoa ekonomiak bizi duen indarraldian dago, eta gogoratu du Foru Aldundiak legealdiaren lehen egunetik egin duela honen alde apustu. “Ekonomia sustapenaren alde ari gara behin eta berriz, eta alor hau ondo joateak zerga bilketan igoerak dakartza. Eta, ondorioz, politika publikoak garatzeko eta daukagun ongizate mailari eusteko behar ditugun baliabideen hazkundea ere badakar”, adierazi du. 
Zifrak zergaz zerga xehatuta, Errentaren zergaren atalean, foru Ogasunak 83,7 milioi gehiago (+%5,5) bildu zituen lan etekinen atxikipenengatik. Ondare irabazien arloan, igoera 10,9 milioi eurokoa da (+%27,4), eta kapital higikor eta higiezinenetan 4,6 milioi (+%4,9) eta milioi batekoa (+%3,8) hurrenez hurren. Honela, PFEZaren saldo globala ere positiboa da, aurreko urtean baino 114,6 milioi euro (+%6,9) gehiago bildu baitziren 2018an. 
Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiak, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kontzeptua, 50,3 milioi euro gehiago bildu ditu: sarrera gordinak 44,7 milioi eurotan hazi dira, eta itzulketak 5,6 milioi eurotan gutxitu dira. Honela, zerga honen globalak 59,1 milioi euroko hazkundea izan zuen (+%21,5). Bitartean, zerga berezien atalean, zifrak positiboak dira baita ere: Hidrokarburoen gaineko Zerga 11 milioi eurotan igo zen (+%2,6) eta Tabakoaren Laboreen gainekoak 5,3 milioiko hazkundea izan zuen (+%4,7).
Bestalde, Foru Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionean, zerga bilketa %8,9 hazi zen, hau da, 110,1 milioi euro gehiago jaso ziren: sarrerak 79,8 milioi eurotan igo ziren (+%5,3), itzulketak 56,9 milioitan egin zuten gora (+%8,9) eta lurralde arteko doikuntzak 87,2 milioitan hazi ziren (+%24,3). Azkenik, Estatuarekin egiten doiketak negatiboak dira, bai BEZan zein zerga berezietan. Honela, 159 milioi euro eta 15 milioi euro gutxiago jaso dira bi zerga hauengatik, hurrenez hurren. 

  

1774