Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Zerga bilketa metatua %2,6 hazi da Gipuzkoan maiatzaren 31 arte, aurreko urteko aldi berdinarekin alderatuta

Zerga bilketa metatua %2,6 hazi da Gipuzkoan maiatzaren 31 arte, aurreko urteko aldi berdinarekin alderatuta

Gipuzkoako Foru Ogasunak 2015ean baino 34 milioi euro gehiago bildu ditu

2016/06/12

Zerga-bilketa metatua %2,6 hazi da Gipuzkoan maiatza arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Zehazki, 2015ean baino 34 milioi euro gehiago bildu dira. Gipuzkoako Ogasun eta Finantza foru diputatuak, Jabier Larrañagak, emaitzen irakurketa baikorra egin du, baina “zuhurtzia” eskatu du, oraindik ondorioak ateratzen hasteko goiz baita. Aurreko hilabeteko zerga-bilketatik hona, BEZaren itzulketetan jazotako hazkundearen eragina nabarmendu du Ogasuneko arduradunak. 
Maiatza arteko bilakaeraren zergatia azaltzerako orduan, eragin positiboa izan dute sarreretan PFEZeko lan atxikipenak, BEZak eta zerga bereziek, eta Sozietateen gaineko zergaren itzulketak gutxitu dira. Balantzaren beste aldean, aipatutako BEZaren itzulketen hazkundea, ondare irabazien atxikipenak gutxitzea eta Sozietateen gaineko zergaren sarrerak ere behera egin dutela nabarmendu behar dira. 
Errentaren esparruan, lan atxikipenen atalean 16,9 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%2,8). Ondare irabazien atxikipenak eta kapital higikorraren etekinen atxikipenak, aldiz, bilakaera negatiboa izan dute: 15,8 eta 9,6 milioi gutxiago, hurrenez horren. PFEZa bere osotasunean hartuta emaitza positiboa da, pasa den urtean baino 2,4 milioi gehiago batu baitira (+%0,5).
Sozietateen gaineko zergaren atalean, kuota diferentzial garbiaren sarrerak 10 milioi jaitsi dira eta itzulketak, bere aldetik, 16,2 milioi gutxitu 2015eko maiatzarekin alderatuta. Azkenik, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %0,2 igo da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 0,9 milioi euro gehiago bildu dira: 27,4 milioi gehiago batu dira (+%4,8), itzulketak 31,7 milioitan jaitsi dira (+%14,4) eta lurraldeen arteko doikuntzak 5,2 milioi igo dira (+%4,3).

  

1770