Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Zerga-erreformari buruzko ponentzia abiatu da Gipuzkoako Batzar Nagusietan

Zerga-erreformari buruzko ponentzia abiatu da Gipuzkoako Batzar Nagusietan

Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatua izan da lehena hitz egiten, eta azpimarratu du beharrezkoa dela erreformari erronka sozialetatik heltzea, oreka eta kohesio soziala bermatzeko.

2024/02/05
Ogasuna

Gaurtik aurrera eta bost hilabetez, astelehenero, Batzar Nagusietan zerga-erreformaren inguruan egingo den ponentziari hasiera eman dio Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuak. Bere hitzaldian, Peronak aurreko erreformen balantzea egin du – 2014koa PFEZn zentratuta, eta 2018koa Sozietateen gaineko Zergan –, eta nabarmendu du biek emaitza onak izan dituztela enplegua sortzeari eta jarduera ekonomikoa indartzeari dagokienez, eta, “aldi berean, fiskalitate bidezkoagoa eta ekitatiboagoa lortu dela”.

“Ondo egituratutako zerga-sistema dugu, COVID-19ak eta Ukrainako gerrak eragindako egoera ekonomiko zailak gainditzen lagundu diguna”, adierazi du Peronak. Ogasun eta Finantza diputatuak gaineratu du gure fiskalitatea “aberastasuna sortzeko tresna egokia” dela, eta, horrekin batera, “Gipuzkoako politika publikoak indartzeko behar dugun finantza-nahikotasuna” eman digula.

“Datu ekonomikoak eta lurralde honen egungo testuingurua mesedegarriak dira orain erreforma fiskal bati ekiteko, epe luzera gure ongizate ekonomiko eta sozialean aurrera egiteko beharrezkoa den sendotasuna eta segurtasun juridikoa emango duena”, azpimarratu du. “Erreforma honekin gaur hasi dugun lanaren ondoriozko eskema fiskala edozein dela ere, eskuartean ditugun erronka sozioekonomikoei aurre egiteko beharrezko bermea eskaini beharko du”.

Lan honen bidez aurre egitea espero diren erronken artean, gure enpresen lehiakortasun ekonomikoaz gain, jaiotza-tasa, genero-berdintasuna, aurrezpena, trantsizio energetikoa edo etxebizitza sustatzeko neurrien garapenean haratago joateko asmoz planteatzen da zerga-erreforma. “Gazteen emantzipazioaren arazoa, adibidez, etxebizitzari eta erronka demografikoari lotuta dago, eta, beraz, zerga-sistema bat landu behar dugu, beste politika eta tresna batzuekin batera, gazteek beren bizi-proiektuak garatu ahal ditzaten. Era berean, klima-aldaketari aurre egiteko jarduerak sustatu behar dira, jasangarritasuna eta trantsizio energetikoa bultzatuz”. Peronak azpimarratu duenez, erreforma honetan arreta berezia jarri behar zaie alderdi horiei.

Gaurtik maiatzera bitartean, nazioarteko eta tokiko adituek eta lurraldeko gizarte-eragileek parte hartuko dute Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean. “Erreforma horri ekiteko, balio eta ezagutza handiko pertsonak gonbidatu ditugu, besteak beste, nazioarteko jardunbide egokienak ikasi eta aplikatu ahal izateko”. Era berean, nabarmendu du garrantzitsua dela “tokiko eragileek erronka horiei aurre egiteko eman ditzaketen errealitateak eta ikuspegiak entzutea”. Peronak, gaineratu du beharrezkoa dela “guztiok batera” moldatzea gure erronkak hobekien doitu eta konponduko dituen

eskema, “zerga-sistemaren egonkortasuna epe luzera bermatuz, gure ongizatea, oreka eta kohesio soziala sendotzen jarraitzeko”.

Azkenik, Ogasuna eta Finantzetako foru diputatuak hiru erakunde-mailen arteko lankidetzarako eta koordinaziorako deia egin du. “Fiskalitatea Ekonomia Itunak ematen digun funtsezko eskumena da. Horri gehitu behar zaizkio euskal erakundeek lehiakortasuna bultzatzeko eta aurkezten diren erronkei aurre egiteko dituzten gainerako eskumenak. Lankidetza, erakundeen errespetua eta herriaren ikuspegia funtsezko balioak dira aurrera egiten jarraitu ahal izateko”.

  

995