Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Zerga eskumenak hobetu ditu Gipuzkoak, Kontzertu Ekonomikoa berritzearen eraginez

Zerga eskumenak hobetu ditu Gipuzkoak, Kontzertu Ekonomikoa berritzearen eraginez

Batzar Nagusiak Zumaian elkartu dira gaur, Osoko Bilkura ibiltarian, eta bertan onartu da neurri hauek jasotzen dituen Foru Dekretu-Araua

2018/07/02

Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek eta Estatuko Gobernuak Kontzertu Ekonomikoa berritzea adostu zuten pasa den urtean, eta akordioak fruituak ematen jarraitzen du. Horrela, Gipuzkoako Batzar Nagusiek, urtero legez, Osoko Bilkura ibiltaria egin dute, aurtengoan Zumaian. Bertan, Foru Dekretu-Araua eztabaidatu eta onartu dute, araudia erabakitakora moldatzeko beharrezkoak diren neurriekin. Honi esker, Gipuzkoak bere zerga eskumenak hobetu ditu hainbat tributututan, esaterako, Sozietateen gaineko Zerga, Ez-Egoiliarrak, Oinordetza eta Zergen Foru Arau Orokorra. “Madrilen lortu genuen akordioak egonkortasuna ematen die euskal erakundeei epe motz eta ertainean, eta gainera gure eskumenak indartzen ditu, gaur onartu diren neurriei esker”, esan du Ogasuna eta Finantzetako foru diputatu den Jabier Larrañagak. 
Foru arduradunak araudi aldaketaren beharra defendatzeko hartu du hitza, eta proposamenak EAJ/PNV, EH Bildu, PSE-EE eta Alderdi Popularraren babesa jaso du. Ahal Dugu-Podemos, bere aldetik, abstenitu egin dira. Larrañagak azaldu du moldaketa urjentziaz egin dela, Gipuzkoako araudia ahalik eta azkarren egokitzeko Kontzertu Ekonomikoa aldatzen duen 10/2017 Legera, “beharrezkoa baita koordinazioa mantentzea lurralde historikoen eta Estatuaren artean”. 
Honela, Sozietateen gaineko Zergan, bi neurri nagusi hartu dira, bereziki Gipuzkoan eta Estatuan operatzen duten sujetu juridikoei eragiten dietenak. Horrela, zazpi milioitik hamar milioira igotzen da eragiketa bolumenaren muga, zerga ordainarazi eta egiaztatzeko eskumena nori dagokioen zehazteko eta araudi aplikagarria zei nden erabakitzeko. Hamar milioi eurotik gorako kasuetan, ikuskaritza eskumena eta araudi aplikagarria Gipuzkoarenak izango dira, baldin eta ekitaldi horretako eragiketa guztien %75 edo gehiago Euskal Autonomia Erkidegoan egiten badira. 
Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergan, bere aldetik, zergak biltzeko eskumena izango du Gipuzkoa, atzerrian bizi diren zergadunek eskualdatzeak egin eta ondasunaren balio gehiena gure lurraldean dagoen kasuetan. Honekin batera, foru Ogasunak eskumena izango du Estatuan egoiliar ez diren kausatzaileen oinordekoak Gipuzkoan bizi badira, eta baita egoiliar gipuzkoarrek atzerrian kokatutako higiezinak dohaintzan jasotzen badituzte ere. 
Ez-Egoiliarren Errentaren gaineko Zergan, bere aldetik, zentzu berean doaz aldaketak, ikuskaritza eskumena duen administrazioak zerga kobratu eta itzultzeko duen eskuduntza kasuak hedatzen baitira. Orain arte, zerga aurkezelaren helbidearen arabera egiten zen. Eta, azkenik, Zerga Foru Arau Orokorra ere aldatzen da, beste lurralde eta herrialdeekin prozedurak eta eskumenak koordinatzeko. 
Larrañagak esan duenez, aldaketek eragin mugatua dute ikuspegi kuantitatibo batetik, “baina gure eskumenak hobetzean esan nahi dute”. Hau dena ikusita, foru Ogasunaren arduradunak neurri hauen balio kualitatiboan jarri du azpimarra, Kupoaren eta Kontzertu Ekonomikoaren inguruan erdietsitako akordioaren garrantzia nabarmenduz beste behin ere: “Alde batetik, Kupoaren likidazioarekin, gure erakundeek zuten pisuzko ziurgabetasun elementua garbitzen da; beste aldetik, Kontzertua berritzearekin, gaur hemen plazaratu dugun bezala, araudian hobekuntzak txertatzen ditugu”. 

  

3201