Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Zinemaldia izango da bere emisioak Gipuzkoako Borondatezko Karbono Funtsaren bidez konpentsatzen lehena

Zinemaldia izango da bere emisioak Gipuzkoako Borondatezko Karbono Funtsaren bidez konpentsatzen lehena

Zinemaldiak beste urrats bat egin du jasangarritasunaren aldeko apustuan, eta bere karbono aztarnaren erdia baino gehiago konpentsatzeko konpromisoa hartu du, Naturklima Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak abian jarritako Gipuzkoako Borondatezko Karbono Funtsaren bitartez. Horrela, Donostiako Nazioarteko Zinemaldia erakunde aitzindari bihurtzen da zentzu horretan.

2022/06/29
Zinemaldia Gipuzkoako Borondatezko Karbono Funtsaren

Konpentsazio horretaz gain, Zinemaldiak, bigarren urtez jarraian, moketa gorri birziklatu eta birziklagarria erabiliko du zeluloidearen munduko izarrak eta pertsona ospetsuak Kursaalen eta Victoria Eugenian hartzen dituzten alfonbra gorriak egiteko.
Jose Ignacio Asensio: «Gipuzkoa konpromiso klimatikoaren abangoardian jarri da berriz ere;  apustu irmoa egin dugu Zinemaldiarekin batera,  lehen mailako erakunde eta ekitaldi honek, bidea ireki dezan klimaren aldetik neutroak diren ekitaldi jasangarriei. Beste behin ere, Zinemaldia erreferenntziazko ekitaldietan aitzindari izango da, oraingo honetan, jasangarritasunaren alde hartu duen konpromisoarengatik».

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu Jose Ignacio Asensiok eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinos jaunak, gaur goizean, iragarri dute Zinemaldia izango dela Gipuzkoako lehenengo erakundea bere karbono aztarna konpentsatzen Gipuzkoako Borondatezko Karbono Funtsaren bidez. Asensiok zorionak eman dizkio Zinemaldiari, «jasangarritasunaren defentsaren aldeko apustu sendoa eta irmoa egin baitu mundu mailako eragina duen ekitaldi batean», eta eskerrak eman dizkio antolakuntzak egiten duen ahalegin handiagatik, klimaren aldetik neutroa den nazioarteko jaialdi bat izan dadin, bere karbono aztarna kalkulatzen, murrizten eta konpentsatzen duena. «Mugarri honek –gaineratu du– berriz ere konpromiso klimatikoaren abangoardian kokatzen du Gipuzkoa”.

Zinemaldiak 2019ko edizioan (pandemia aurretik antolatu zen azkena) egindako emisioen guztizko kalkulua, karbono aztarnaren azterketa amaitu ondoren, 5395 t CO2 bal. izan zen. Kopuru horretan sartzen dira bai aurretiko prestaketa prozesuan sortutako emisioak, bai ekitaldiarenak berarenak. Txostenaren arabera, emisio horietatik garraioaren ondoriozkoen ehunekoa % 75 zen(4046,25 t CO2 bal). Jose Luis Rebodinosek azaldu duenez, Zinemaldian, nazioarteko hegaldiak ia ezinbestekoak dira eta arintzen zailak, karbono aztarnari dagokionez; beraz, arlo horretan ezinbestekoa da konpentsatzea.

“Aurten, 2021ean hasi genuen trantsizioa areagotu nahi degu jaialdi jasangarriago bat izateko” esan du Rebordinosek. Hala, zinemaldiak jarraituko du jasangarriago izateko ekintzetan lanean, besteak beste, hondakinen bilketa areagotzen, ledak erabiltzen eta kontratazio jasangarriagoak egiten. Horiei Foru Aldundiko Ingurumen departamentuak sustatzen dituen konpentsazio-ekintzak gehituko zaizkie, izan ere “Donostiako Zinemaldia ezingo da izan emisio neutroko ez ekitaldi ez erakundea, baldin eta konpentsazioa eta lan-prozesuetako aldaketak konbinatzen ez badira”.

Lehenengo aldi honetan, Zinemaldiak sortzen dituen isurien erdia baino gehiago konpentsatuko du, eta % 53ra iritsiko da. Konpentsazio hori, garraioak eragindako isuri guztien %70,21era iritsiko da. Diruari dagokionez, 2840,81 t CO2 bal. konpentsatzeak 25.000 €-ko diru balioa du. Kopuru hori osorik emango zaio Gipuzkoako Borondatezko Karbono Funtsari, tokiko azpiegitura berdeak hobetzeko proiektuetan inbertitzeko, Gipuzkoako karbono hustubide naturalen funtzionaltasuna leheneratzen laguntzeko, batez ere basoak eta itsasoak.

Alfonbra gorri birziklatua

Karbono aztarna konpentsatzeaz gain, Zinemaldiak eta Ingurumen Departamentuak konpromisoa indartu dute Kursaaleko eta Victoria Eugeniako alfonbra gorrietarako moketa birziklatu eta birziklagarri bat erabiltzeko.

Jose Ignacio Asensio diputatuak nabarmendu duenez, «alfonbra gorri jasangarri baten alde egiteko ekimen hau mugarri garrantzitsua da; izan ere, Zinemaldia identifikatzeko elementu gisa duen karga sinboliko garrantzitsu eta ezagunaz gain, Ekonomia Zirkularraren oinarrizko printzipioak aplikatzeko adibide argia da, lurraldean bertan mantentzen baitu balio kate osoa, fabrikaziotik hasi eta berreskuratze prozesua amaitu arte».

Ildo horretan, Zinemaldiaren aurtengo hirurogeita hamargarren edizioaren ondoren, Juliette Binochen mailako izarrek zapalduko duten alfonbra gorria Emaus Fundación Social Taldeko «Sin Desperdicio» enpresak birziklatuko du, %100 birziklatutako poltsak fabrikatzeko, eta heldulekuak «Spanset» enpresak egingo ditu kamioien amarratzeko zintak erabiliz. Poltsa horiek Gipuzkoako Elikagai Bankuari emango zaizkio, behar dutenentzat emandako produktuen euskarri gisa erabiltzeko.

Alfonbra gorriaren moketa %100 birziklatua eta birziklagarria da. Alfonbra egiteko materialak, poliesterrak, erabat bermatzen du hura birziklatzea; izan ere, aldez aurretik ezabatu ezin diren beste material batzuekin nahastea saihesten den heinean, bere bizitza erabilgarria osatu ahal izango du, poliester zuntz bihurtuz berriro, eta, horrela, erabilgarritasun jasangarriko ziklo berri bat ahalbidetuko du, eredu zirkularraren erakusgarri.

  

1987