Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea ZIURek zibersegurtasunaren etorkizuna elkartuko du ‘IndustrySec 2024’ kongresuan

ZIURek zibersegurtasunaren etorkizuna elkartuko du ‘IndustrySec 2024’ kongresuan

‘Etorkizuna babestea gaur hasten da’ lelopean, sektoreko azken aurrerapenak azalduko dituen kongresua egingo du hilaren 17an Aquariumean

Gipuzkoako Foru Aldundia

Zibersegurtasunaren etorkizuna Donostian elkartuko da hilaren 17an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zibersegurtasun Industrialeko ZIUR Zentroak antolatutako ‘IndustrySec 2024’ kongresuan. ‘Etorkizuna babestea gaur hasten da’ lelopean, aditu talde batek arlo horretan egindako azken aurrerapenak, enpresek eta industriak aurre egin beharreko mehatxuak eta erronka eta desafio berriak eztabaidatuko eta aztertuko ditu dagoeneko izenemate guztiak Beteta dituen kongresuan.

Lurraldeko industria eta zibersegurtasun sektorearen topaleku izango da Industrysec aurten ere. Zibersegurtasunaren arloko joeren nazioarteko, estatuko eta tokiko ikuspegia jasoko du, tokiko ekintzailetzaren kasu arrakastatsuak aurkeztuko dira, ZIURen lana partekatuko da eta hainbat proiektutan zentro horrekin lankidetzan aritzen diren industria arloko enpresen esperientzia azalduko da.

"Zibersegurtasunaren arloan gure burua indartzea funtsezko faktorea da, bai gure industria-sarearen lehiakortasuna ziurtatzeko, bai aukera berriak sortzeko, balio erantsi handiko proiektuekin. Urteak daramatzagu ZIURen bidez lanean, bere azpiegitura teknologikoa gure ETE industrialen zerbitzura jarriz. Halaber, aurten 370.000 euroko dirulaguntzak bideratu ditugu, eta horri esker 65 enpresatan garatu ahal izan dira zibersegurtasun proiektuak. Eta azkenik, ezagutza sortzea eta partekatzea da beste ardatzetako bat", adierazi du Ane Insausti Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak. Ildo horretan, nabarmendu du Industrysec-en helburu nagusia dela, hain zuzen ere, "gure enpresek ikaskuntzak eta jardunbide egokiak komunean jartzea, hain garrantzitsua den erronka honi berme osoz aurre egiteko".

AAren mehatxuak eta araudi berriak

‘IndustrySec 2024’ kongresuan azpimarratuko den alderdietako bat Adimen Artifiziala zibersegurtasunean ekartzen ari den iraultza izango da. Ildo horretan, AA ezartzen ari diren enpresen % 60k mehatxu espezifikoak jasan ditu dagoeneko, eta 2025erako AAarekin erlazionatutako erasoen ondorioz 5.200 milioi dolarretik gorako galerak aurreikusten dira.

“AAaren erabilerak gora egin du 2024an, eta horrek erronka berri bat ekarri dio Gipuzkoako industria-enpresen zibersegurtasunari. Horrek, nahitaez bete beharreko Europako araudi berriak agertzearekin batera, egunez egun gure industriarekin egon beharra ekarri digu, babesa eta laguntza emanez, esparru globalean lehiakorrak izaten jarrai dezaten”, adierazi du María Penilla ZIUReko zuzendariak. Izan ere, ZIURek AAean oinarritutako Laguntzaile Birtual bat jarri du abian bere webgunean, industriak NIS2 araudiari buruz dituen zalantzei eraginkortasunez eta berehala erantzuteko.

Trebatutako 1.000 pertsona baino gehiago

Gipuzkoako zibersegurtasun topaketa handiena 09:15ean hasiko da, Eider Mendoza diputatu nagusiaren hitzaldiarekin. Ondoren, María Penilla ZIUReko zuzendari nagusia etorriko da, zentroaren estrategia berria azaltzeko. Zentroak Gipuzkoako industriaren zerbitzura daramatzan lau urteetan zibersegurtasun tailerrak eman ditu, eta horietan 300 pertsona baino gehiagok hartu dute parte; 50 saio baino gehiago egin ditu Tokiko Garapen Agentziekin eta enpresa-elkarteekin, 700 pertsona baino gehiagoren parte-hartzearekin; 22 proiektu egin ditu 115 enpresarekin, eta bere sail teknikotik 140 enpresa ingururi eman dizkie aholkuak.

Penillaren ondoren, Elena García Díez Microsofteko Informazioaren Segurtasuneko, Eragiketen Zuzendaritzako eta Zibersegurtasunaren Kudeaketa Globaleko zuzendariak emango du hitzaldia. Enpresetan Adimen Artifizialeko soluzioak hartzearen garrantzia eta bere konpainiak jarraitzen duen estrategia azalduko ditu. Ondoren, ‘Nola ebaluatu eta hobetu nuen zibersegurtasun maila nire produktu industrialaren diseinuan’ izeneko lehen mahai-ingurua egingo da. Bertan, makina-erremintaren sektoreko lau fabrikatzailek, Fagor Automation, Ibarmia, Soraluce (Danobatgroup) eta Loire Gestamp, ZIURen metodologian oinarrituta beren produktuaren zibersegurtasuna ebaluatzeko prozesuan duten esperientzia azalduko dute.

‘NIS2 Europako Zuzentaraua, nola aplikatu nire erakundean’ bigarren mahai-ingurua Europako araudi hori aplikatzeko legezko zalantzen, gomendioen eta jardunbide egokien ingurukoa izango da, eta arlo horretako diziplina anitzeko adituek hartuko dute parte. Koldo Peciña Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak itxiko du jardunaldia.

  

4582