Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Ziurgabetasunari, egungo eta etorkizuneko desafioei, lankidetzazko gobernantzaren bidez ari gara erantzuten”

“Ziurgabetasunari, egungo eta etorkizuneko desafioei, lankidetzazko gobernantzaren bidez ari gara erantzuten”

Orain arteko ibilbide emankorraren inguruko lan jardunaldia antolatu du Etorkizuna Eraikiz Think Tankak; Gipuzkoaren gerora begirako erronka nagusiak aztertzen dihardute azken bi urte hauetan erakunde, gizarte eta ekonomia alorreko 100 ordezkari eta adituk.

Etorkizuna Eraikiz Think Tankean esku hartu duten partaideetako batzuk.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, lurraldean “dagoeneko errotzen ari den gobernatzeko modu berria” aldarrikatu du gaur goizean foru erakundeko nahiz gizarte eta ekonomia alorreko hainbat ordezkariren aurrean. “Ziurgabetasunari lankidetzazko gobernantzaren bidez ari gara erantzuten. Aitzindariak gara horretan. Mundu osoan, Europan eta Euskadin bizi ditugun eraldatze sakonen aurrean, elkarlanaren bitartez ekitea eta berritzea, hori da Gipuzkoak aukeratu duen bidea eta horretan jarraituko dugu buru-belarri datozen hilabeteetan. Herritarrei entzun eta gizartearekin elkarlanean aritzea, horixe delako egungo eta etorkizuneko desafioei aurre egiteko bermea”, adierazi du.

Etorkizuna Eraikiz Think Tank-ak azken bi urte hauetan izandako ibilbide emankorraren inguruko lan jardunaldian egin ditu adierazpen hauek diputatu nagusiak, gogoetarako eta esperimentaziorako espazio komunitario hau osatzen duten ordezkarien aurrean. “Pertsona orori lana, babesa eta etorkizuna eskainiko dien lurralde jasangarria izan nahi du Gipuzkoak, etorkizunean ere. Horretarako jarri genuen martxan Etorkizuna Eraikiz, erakundeen eta herritarron arteko zubiak eraikitzeko, geroa elkarlanean irudikatu eta, hortik abiatuz, esperimentazioaren bitartez ekonomia eta gizartea eraldatzeko”, gogorarazi du diputatu nagusiak.

Etorkizuna Eraikiz Think Tankak, orain dela bi urte eratu zenetik, foru erakundeko eta gizarteko nahiz ekonomiako ordezkariak batzen ditu, lau taldetan banatuta. Talde bakoitzak bere lan esparrua du, guztiak ere gaurkotasun eta garrantzia handiko desafioei lotuta: ekonomia eta etorkizuneko lanpostuak, aldaketa klimatikoa eta ekonomia berdea, ongizate estatuaren eta zaintza ereduen etorkizuna eta kultura politiko berria. Guztira 100 lagun ari diren Gipuzkoaren etorkizunari buruzko beren ideiak eta gogoetak partekatzen eta, 24 hilabete hauetan dagoeneko 65 topaketa antolatu dituzte, disziplina anitzetako beste hainbeste adituren partaidetzarekin.

Markel Olanok eskerrak eman dizkie orain arte egindako lan eskergagatik, bere iritziz, “balio handiko ekarpena, aberatsa eta berritzailea”, egiten ari baita Think Tanka lurraldeko politika publikoei eta, oro har, Gipuzkoa “berdeago, sozialago eta lehiakorrago” baten aldeko ahaleginari. Izan ere, azpimarratu duenez, bere jarduna “ez da soilik gogoetara eta jakintza aurreratua sortzera” mugatzen; “esperimentazio kooperatiboa” ere bultzatzen du, parte hartzaileek lurraldea eraldatzeko ekimenak ere gauzatzen baitituzte. Horregatik guztiagatik, pandemiak eta gaur egungo testuinguru sozio-ekonomikoak areagotu dituen eraldatze sozial eta ekonomikoak eragindako “ziurgabetasun eta noraezaren” aurrean “itsasargi kolektibo” gisa lanean jarraitzeko eskaera luzatu die.

Jardunaldian parte hartu dute, baita ere, Gobernantzako, Ekonomia Sustapeneko, Gizarte Politikako diputatuek, Eider Mendozak, Jabier Larrañagak eta Maite Peñak, hurrenez hurren. Bertan izan da Monica Pedreira, Ingurumeneko foru zuzendaria. Etorkizuna Eraikiz Think Tankeko lantalde bakoitzeko ordezkari gisa, hitza hartu dute gaurko jardunaldian eta orain arte egindako ekarpenei buruz mintzatu dira.

Etorkizuneko gizarte politiken liburu zuria

Ongizatearen inguruko lantaldeak, esate baterako, etorkizuneko gizarte politiken Liburu Zuria landu du. Bertan, Think Tankeko parte-hartzaileen ekarpenei eskar, etorkizuneko gizarte politiken testuingurua finkatzen dira eta arretaren pertsonalizazioan sakontzeko oinarriak eskaintzen dira, eraldatze horri orainalditik ekiteko tresnak proposatuz. Izan ere, arreta eta zaintza eredu berri baterako trantsizioan murgilduta dago Gipuzkoa azken urteotan. Elkartasunean, balio partekatuetan, norbanakoaren eta belaunaldien arteko konpromisoan, eta guztion ongizatearen bilaketan oinarritutako eraldaketa kolektiboa gauzatzeko bidean mugarri bat da Liburu Zuria.

Kultura politiko berria

Talde honek kultura politiko berri baten beharrei erantzungo dien lankidetzazko gobernantzaren oinarriak landu ditu. Oinarri hauek bai teorikoak eta bai praktikoak dira eta lehen aldiz gaur goizeko saioan aurkeztu den liburu batean daude jasota. Oinarri hauek gaur egun Etorkizuna Eraikizeko beste eremu batzuetara zabaltzen ari dira, lan modu berriak garatzen laguntzeko.

Oinarri horiek jarrita, gaur egun taldea lurraldean lankidetzazko gobernantzaren mapa egiten ari dira, momentuz udal eta garapen agentziak biltzen dituena. Egitasmoaren azken helburua da lurraldean lankidetzazko gobernantza eredua hedatzeko erronkak eta aukerak identifikatzea batetik, ikasketara zein ekintzara bideratutako dinamika berriei bide emanez; eta bestetik,  Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldean duen erakunde arteko sarea indartzea.  Datozen hilabeteetan eragile hauek Think Tankean modu eraginkorrean txertatzeko pausoak emango dira. Horrez gain, Foru Aldundiaren barruan lankidetzazko gobernantza bultzatzeko antolaketan eman beharreko aldaketak identifikatzen eta proposatzen ari dira talde honetako ordezkariak.

Etorkizuneko lana

Talde honetako kideak lanaren zentzuari buruzko gogoeta bat zabaldu dute azken hilabete hauetan, lanaren inguruan gure gizartea ematen ari den aldaketa kulturalaz jakitun, horrek gure ekonomia ehunaren iraunkortasunean eta lehiakortasunean izan dezakeen eragina aztertu asmoz. Dagoeneko proiektu pilotuak garatzen ari dira lurraldeko sei enpresatan – Oribay, IZT, Lazpiur, Fagor industrial, Sutargi eta Zorrotz–, autonomia, xedea edo harremanen ikuspegia lantzen. Izan ere, argi ikusten da faktore horiek eragin zuzena dutela pertsonen motibazioan eta errendimenduan, eta, beraz, gako bihurtzen direla gure enpresak talentua erakartzeko eta atxikitzeko, besteak beste. Helburua da esperientzia horietatik metodologia kontrastatu bat lortzea, gure enpresa-ehun osoak erronka horri arrakastaz aurre egin diezaion eta Aldundiaren laguntza-programetan txertatu dadin.

Aldaketa klimatikoa eta berreskuratze berdea

Gipuzkoak klima-aldaketaren arloan dituen erronkak adostu dituzte lan taldeko parte hartzaileek, bai eta Green Deal delakoaren palanka politikak ere. Politika horietan, lurraldean berreskuratze berdeari eman zaio arreta: biodibertsitatea eta azpiegitura berdeak, energia garbia, baserritik mahaira, kutsadura zero eta industria jasangarria. Txosten bat sortzen ari da lantaldea, berreskuratze berdean lan egitearen eta lehentasunezko palanka politika horiekin lotutako ekintzak abian jartzearen garrantziari erreparatu asmoz.              

  

2313