Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Zumarragako Metal 78 enpresaren instalazioa 2026aren hasieran egongo da martxan

Zumarragako Metal 78 enpresaren instalazioa 2026aren hasieran egongo da martxan

Metal 78 enpresako instalazioa Espainan lehenengoa izango da prozesu hidrometalurgikoak % 100 aplikatzen platinoa, paladioa edo errodioa bezalako material kritiko preziatuak berreskuratzeko, material horiek funtsezkoak baitira Europar Batasunaren garapen industrial eta teknologikorako.

2025/07/17
Metal 78

Espainiako Gobernuko Ekonomia Zirkularreko ordezkari Alejandro Doradok proiektuko obren aurrerapena bisitatu du, Jasangarritasun diputatu José Ignacio Asensiorekin, Zumarragako alkate Mikel Serranorekin eta enpresako zuzendari kudeatzaile José Manuel Murielekin batera egindako bisita instituzionalean.

José Ignacio Asensio: “Metal 78 enpresa Gipuzkoa industria-sektore estrategikoetan ikuspegi jasangarri batetik lehiatu daitekeenaren adibide argia da. Berrikuntza teknologikoa, kalitatezko enplegua eta emisioen murrizketa uztartzen dituen ekonomia zirkular aurreratuaren aldeko apustua egiten dugu. Hori da gure etorkizuneko lehiakortasuna eta ongizatea bermatzeko ibilbide-orria”.

Espainiako Gobernuko Ekonomia Zirkularreko ordezkari Alejandro Doradok proiektuko obren aurrerapena bisitatu du gaur. Metal 78 enpresak paladioa, errodioa eta platinoa bezalako metal kritiko preziatuak berreskuratuko ditu. Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensio, Zumarragako alkate Mikel Serrano eta Metal 78ko zuzendari kudeatzaile José Manuel Muriel, Doradorekin batera, industria-instalazio berritzaile hori kokatuko den instalazioak bisitatu ditu, gaur egun obretan baitago. Bertan izan dira, halaber, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria, Iñaki Ruiz Ekonomiako sailburuordea, eta Josu Bilbao Ingurumeneko sailburuordea.

Aurreikuspenen arabera, instalazioa 2026aren hasieran egongo da martxan. Une honetan, egokitzapen-lanek aurreikusitakoaren arabera egiten dute aurrera: obra zibila azaroan amaituko da, eta, ondoren, funtsezko ekipoak muntatzeari eta instalatzeari ekingo zaio, dagoeneko fabrikazio-fasean baitaude. Ekipo horiek proiektuaren inbertsio osoaren % 70 dira (12 milioi euro), eta urriaren amaieran jarriko dira martxan.

Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensioren hitzetan: “Metal 78 Gipuzkoak industria-sektore estrategikoetan ikuspegi jasangarri batetik lehia dezakeela erakusten duen adibide argia da. Instalazio horrek lehengai kritikoak berreskuratzea bultzatzen du eta Europako industria-autonomia indartzen du ziurgabetasun handiko testuinguru global batean. Berrikuntza teknologikoa, kalitatezko enplegua eta emisioen murrizketa uztartzen dituen ekonomia zirkular aurreratuaren aldeko apustua egiten dugu. Hori da gure etorkizuneko lehiakortasuna eta ongizatea bermatzeko ibilbide-orria”.

Nabearen barruan egindako bisitan – hutsik egon arren, harrigarria da bolumenagatik eta dimentsioengatik –, proiektuaren izaera estrategikoa nabarmendu da. Metal 78ko instalazioa Espainian lehenengoa izango da prozesu hidrometalurgikoak % 100 aplikatzen platinoa, paladioa edo errodioa bezalako metalak berreskuratzeko, material horiek funtsezkoak baitira Europar Batasunaren garapen industrial eta teknologikorako. Ekonomia zirkularraren adibide argia da. Horri esker, hondakinak baliabide bihur daitezke, kalitatezko enplegua sor daiteke eta urtean 17.000 CO2 tona baino gehiago murriztu daitezke.

Planta berriak 6.000 metro koadroko azalera hartuko du Arcelorreko industria-gune zaharraren barruan, eta urtean 400 tonatik gorako tratamendu-ahalmena izango du. 40 lanpostu sortzea aurreikusten da, eta horietatik 7 dagoeneko sartu dira. Uztailaren amaieran hasiko dira nabean sektorizatzeko eta suteetatik babesteko lanak. Metal 78 enpresak dagoeneko eskura ditu, apirilaz geroztik.

Alejandro Doradok azpimarratu duenez, “Espainiako Gobernuak Zumarragako Metal 78 proiektuari emandako babesa industria-eredu jasangarri, berritzaile eta erresiliente batekiko konpromisoaren erakusgarri argia da. Planta horrek baliabideen erabilera efizientearen adibideak ematen ditu, eta publikotik bultzatu behar dugun ekonomia zirkular mota irudikatzen du”.

Metal 78 proiektuaren guztizko inbertsioa 12 milioi eurokoa da, enpresak berak egina, eta horietatik 5 milioi Next Generation funtsetatik datoz, Espainiako Gobernuaren bidez.

Zumarraga, industria-birmoldaketa jasangarriaren sinboloa

Metal 78 martxan jartzea da Zumarragako industria-garapen berriaren lehen mugarria. Arcelorren itxierak, 2016an, industria- eta gizarte-hutsune handia utzi zuen Urola Garaiko eskualdean. Gaur, bederatzi urte geroago, Metal 78 enpresaren proiektuak sare ekonomiko horren berreskurapena irudikatzen du, ikuspegi moderno eta jasangarri batetik.

“Proiektu eraldatzaile honek aukera berriak irekitzen ditu Zumarragarako eta Gipuzkoa osorako. Enplegu berdea sortzen duen eta gure subiranotasun industriala indartzen duen ekonomia zirkularraren aldeko apustua egiten dugu”, adierazi du Mikel Serrano alkateak.

Industriaren bultzada berri horri esker, gainera, Gipuzkoa hazten ari den baina funtsezkoa den sektore baten mapan kokatu ahal izango da: naturan urriak diren eta etorkizuneko ekonomiarako funtsezkoak diren lehengaien mapan.

  

13271