Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Solasaldia. Óperas primas. E. Martín, L. Ferrés, J. Macipe

2024/02/27 19:00 - 21:00

KM Kulturuneak Donostiako Zinemaldiaren urte osoko Z365 atalarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatutako solasaldia, Zinemagileen arteko elkarrizketak zikloaren testuinguruan:

Óperas primas

Elena Martín, Laura Ferrés eta Javier Macipe belaunaldi bereko hiru zinemagile sortuberri dira, eta azken urtean beren lehen edo bigarren filmak estreinatu dituzte. Jaialdi ospetsuetan parte hartu dute, hala nola Cannes (Creatura, Elena Martín), Locarno, Seminci (La imatge permanent, Laura Ferrés), Donostia edo Sevilla (La estrella azul, Javier Macipe), eta nazioarteko arreta eta aintzatespen garrantzitsuak jaso dituzte.

Creatura Ikusmira Berriak egonalditik pasa eta Canneseko Quinzaine des Cinéastes-ean saritua izan zen; La imatge permanent-ek Urrezko Galburua lortu zuen Semincin; La estrella azul-ek Donostia Zinemaldiaren Gazteria Saria irabazi zuen.

Saioan, gonbidatuek beren filmak egiteko prozesua kontatuko dute, eta, besteak beste, honako gai hauek jorratuko dituzte: gidoiarekin eta produkzioarekin duten harremana, beren lanak garatzeko erabili zituzten tresnak, izan dituzten eraginak, casting fasea eta aktoreekin egindako lana, eta filmaketetan zehar erabili zuten lan metodoa. Talentu berriak sustatzeko atxikimenduagatik, elkarrizketa honekin hiru zinemagile horien lan-prozesua eta lan horiek egiteko bidea ezagutarazi nahi da.

Hiru filmekin zerikusia duten gai espezifikoak ere landuko dira, lan bakoitzaren puntu komunak eta berezitasunak nabarmenduta.

Ziklo honek ikuspegi ezberdinetatik zinema-sorkuntzaren nondik norakoak ikasleei eta zinemazaleei hurbiltzea du helburu, talde-lanaren garrantzia azpimarratuz.

Partaideak: Elena Martín, Laura Ferrés, Javier Macipe
Moderatzailea: Matteo Giampetruzzi

(Hizkuntza: gaztelania)

2024ko lehenengo seihileko saioak EZ dira zuzenean igorriko. Ekainetik aurrera eskuragarri egongo dira.

Google Calendar-era gehitu

Areto nagusia

Donostia

Agenda KMK