Aurkezpena

100 Mega segundoko nabigatzea edo telebistako plataforma digital aurreratuenetara sartzea posible da gaur egun Gipuzkoako herri txikien herriguneetan bizi diren biztanle askorentzat.

Aurrerapena oso esanguratsua da, beraz; populazio handia duten eremuen eta landa inguruen arteko ohiko eten digitala gutxituz doala esan daiteke: Probintziako herri txiki askotan bereizmen handiko serie bat ikusteko, urrutiko prestakuntzan sartzeko, on line jolasteko edo familiako kide batekin Internet bidez harremanetan jartzeko aukera dago jadanik.

Alabaina, Gipuzkoako Foru Aldundian ez gara horrekin konformatzen eta herri txikietako herriguneetan kokatzen ez diren etxebizitza eta ustiategietan komunikazio sare ultralasterrak zabal daitezen bultzatzera goaz, modu aktiboan bultzatu ere.

Horrenbestez, gure planak Informazio Gizarte gisa ezagutzen dena hasi zenetik administrazioei buruhauste handienetarikoa eman dien arazo bati heltzen dio, hau da, eraikin sakabanatuei, Gipuzkoako kasuan, baserriei eta nekazaritza ustiategiei.

Zerbitzuak kontratatzean ez dugu “diskriminaziorik” egotea nahi soluzio teknologikoetan edo prezioan eraikinaren kokapena dela eta; izan ere, gure nahia da herri txikietako biztanle gehienek hirikoek duten egoera bera edukitzea. Hori horrela izanik, nahi izanez gero, biztanle gehienok konexio ultralasterrak kontratatu ahal izango dituzue zuen etxeetan beste edozein lekutan duten prezio berean.