ETXEKOAK 2021

Gipuzkoarrak etxeko produktuen kontsumoa sustatzeko komunikazio kanpaina

Gabon hauetan, aurreko urtean egin bezala, bertako produktuen kontsumoa sustatzeko ‘Etxekoak’ komunikazio kanpaina jarri du martxan Aldundiak. Kanpainak lehen sektoreko lau ekoizle ditu protagonista, eta gipuzkoarrak tokiko elikagaiak erostera bultzatzea du helburu.

Kanpainan ageri diren aurpegiak azpisektore ezberdinetako ekoizleak dira eta Gipuzkoako eskualde ezberdinetatik datoz: Ainhoa Artola, Amezketan txerrien ustialekua duen abeltzaina (Basatxerri), Mikel Eizagirre, Zarauzko nekazaria eta Lurreko bizia proiektuaren sortzailea, Patxi Otaegi, Idiazabal Jatorrizko Deitura babestudun artzain gazta egiten duten Beizama gaztandegiko artzaina, eta azkenik, Jose Juan Astigarraga, bertako basoetako egurrarekin altzariak egiten dituen Astigarraga Kit Line enpresako baso-eremuko zuzendaria. Izan ere, aurten, berrikuntza moduan, nekazaritza eta abeltzaintzaz gain, basogintza gehitu zaio kanpainari.

 

Ainhoa Artola
Zuzitza baserria, Amezketa
Basatxerri

Ainhoa txikitatik bizi da Amezketako Zuzitza baserrian, 30 urte ditu eta duela 3-4 urte bertatik bizitzeko pausoa eman zuen GazteNek programari esker: “Animaliak eta natura asko gustatzen zaidanez, baserritik bizitzea erabaki nuen.
Bi txerri talde ditu Ainhoak, bakoitza 140 burukoa. Beraien txabolak dituzte bertan lo egin dezaten eta basora joateko aukera ere badute: “Normalean goizean pentsu pixka bat jan eta basora joaten dira eta iluntzerako txabola ingurura gerturatzen dira. 25 bat kilorekin etortzen dira eta 5 hilabete pasa ondoren 120 bat kilo pisatzen dituzte kanalean. Pentsu naturala jaten dute, transgenikorik gabea eta basoan jaten duten guztia (ezkurrak, gaztainak, sustraiak…)”

 

 

 

 

 

Patxi Otaegi
Arreta baserria, Beizama
Beizama gazta

Beizamako Arreta baserrian betidanik izan dituzte ardiak, eta duela 35 urtetik egiten dute gazta. 300 ardiko artaldea dute egun, eta Idiazabal Jatorrizko Deitura babestudun artzain gazta egiten dute, zeina Beizama gazta izenarekin komertzializatzen duten. “Bi pabilioi eta arkumetegia ditugu, guztira 1250 metro karratudunak. Baita gaztandegia eta gazta ontzeko bi ganbera ere, gazta egiteko (90 metro karratu). Denda ere badugu bertan. Lurrei dagokienez, 28 hektareako lurrak ditugu”.
Zuzeneko salmenta egiten dute etxeko dendan eta horretaz gain, Azpeitiako azokan dute postua asteartero. Bestalde, inguruko herrietako harategi, jatetxe eta dendetara ere saltzen dute (Azpeitia, Tolosa, Bidania Goiatz, Irun, Andoain, Donostia, Azkoitia...).

 

 

 

 

 

Mikel Eizagirre
Gurmendi baserria, Zarautz
Lurreko bizia

Mikel zarauztarra da, Gurmendi Baserrikoa. Lurreko bizia proiektua sortu zuen 2016an garaiko barazki eta frutak sustatzeko etxalde agroekologiko moduan. “Nahiz eta baserri mundua txikitatik ezagutzen dudan, ez nuen beti argi eduki sektore honetan finkatuko nintzenik, hori dela eta ikasketak eta lehen lanak ez dute zer ikusirik, elektro mekanika ikasi bai nuen, baina azkenik hobby bat zela sentitu nuen eta baratza munduan sartzen hasi nintzen 2014 inguruan”.
Ustialekua Zarautzen dago kokatua, Gurmendi baserriko lurretan. Momentuz baratza proiektua aurrera eramateko 2000m2ko azalera hartzen duten negutegiak ditu, eta beste 6000m2 lurzoru aire librean. “Sasoiko barazki eta fruta ekologikoak ekoizten ditugu eta zuzeneko salmenta egiten dugu. Zarautzeko merkatuan eta kontsumo talde baten bitartez (otar banaketa etxera garaian dugun produktuarekin kuota baten truke)”.

 

 

 

 

Jose Juan Astigarraga
Astigarraga Kit Line, Azpeitia
Altzariak

Astigarraga Kit Line enpresako baso-eremuaren zuzendaria da Jose Juan, non Euskal Herriko basoetako pinu egurrarekin, eta batez ere Gipuzkoakoarekin, altzariak egiten dituzten; lehengaitik hasi eta amaierarako produkturaino. “Enborra moztu eta basotik ekartzen dugu, gure zerrategira eramaten dugu oholtzetan bihurtzeko, aire librean uzten ditugu lehortzen, eta ondoren eramaten ditugu mekanizatura. Oso garrantzitsua da jakitea guk egiten dugun aktibitate guztia ekonomia zirkularraren kontzeptuaren baitan sartzen dela. Gure Produktu guztiek daramate PEFC ziurtagiria”.
Zerrategia eta fabrika Azpeitian kokatzen dira, eta guztira 130 langile inguru dituzte. Bi arlo lantzen dituzte Astigarraga Kit Linen; batetik, astoak, eta, bestetik, antolamendurako altzariak.

 

 

 

ETXEKOAK 2020

ETXEKOAK kanpaina abiaratu da Aldunditik gabonetan bertako produktuen kontsumoa sustatzeko.

Kanpaina  honek gipuzkoarren eskaera bati erantzuten dio. 2020ko aurrekontu irekien programan 13.087 gipuzkoarrek bozkatu zuten eta  proiektu aukeratuenetako bat bertako produktuen kontsumoa sustatzea irten zen. Horregaitik Aldundiak 100.000 euroko kanpaina hau ipini du martxan, Zarauzko Arazi enpresa izan delarik ideia eta kreatibitatea landu duena eta Donostiako Gestion de Medios enpresa zabalkundeaz arduratuko dena.

Kanpainak Gipuzkoako lau baserritar ditu protagonista, azpisektore ezberdinetako 4 gipuzkoar:

 


Adur Gorostidi
Abeltzaina, Abaltzisketa


Maite Otaño
Baratzagintza, Urnieta


Inaxio Ameztoi
Txakolina, Getaria


Vanesa Barriuso
Arrautzatarako oiloak, zalditokia eta nekazalturismoa, Urnieta

 

Kanpainaren mezuak hauxe dio:

ETXEKOAK
Bertakoak, kalitatezkoak, gureak.
Orain inoiz baino gehiago eros ditzagun gure baserritarren produktuak.
Erosi geurea, erosi Gipuzkoa.

Kanpainaren eslogana ‘Etxekoak’ da, eta, mezu honen bitartez, baserritarrak berak eta beraien produktuak etxeko, gertuko eta konfiantzazko ditugula azpimarratu nahi da.

Hementxe duzue kanpainaren bideoa: