Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro “Etorkizuneko Gipuzkoa” eraikitzen hasteko aurrekontuak

“Etorkizuneko Gipuzkoa” eraikitzen hasteko aurrekontuak

856,5 milioi euro aurreikusten ditu 2018ko aurrekontu proiektuak

2017/10/31
Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur aurkeztu du 2018rako bere aurrekontu proiektua: 856,5 milioi euro, hau da, aurten baino 18,6 milioi euro...

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur aurkeztu du 2018rako bere aurrekontu proiektua: 856,5 milioi euro, hau da, aurten baino 18,6 milioi euro gehiago (%2,2ko hazkundea). “Etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzen hasteko aurrekontuak dira”, esan du Markel Olano diputatu nagusiak. Foru erakundeak agenda politiko berria aurkeztu zuen irailean, Etorkizuna Erakiz programaren testuinguruan, eta 2018ko aurrekontuak “bideorri hori exekutatzeko erreminta” da. Honela, ekimen honen aterkipean kokatzen diren proiektu estrategikoak aurrekontuen “lehentasunen” artean kokatu direla azpimarratu du Olanok, ekonomia sustapena, gizarte politika eta zerga iruzurraren aurkako borrokarekin batera.

            Diputatu nagusia gaur goizean agertu da Donostian, Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza foru diputatuarekin batera, ekimenaren xehetasunak plazaratzeko. Aurretik, Gobernu Kontseiluaren onespena jaso du proiektuak eta ondoren Batzar Nagusietan izan da Olano, ekimena Eider Mendoza presidenteari eman eta batzarkide taldeekin partekatzeko. Foru arduradunek nabarmendu dutenez, 2018koa kontuan hartuta, hirugarren urtez jarraian haziko da Aldundiaren aurrekontua. “Ekonomia indartzen doan heinean zerga bilketak gora egiten du, eta horrek eragin zuzena du erakunde publikoen erabilgai dituzten baliabideetan”, azaldu du Olanok.

            Guztira, aurrekontu proiektuak 10,4 milioi euro aurreikusten ditu etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko proiektu estrategikoetara, Etorkizuna Eraikiz programaren testuinguruan kokatzen diren ekimenak. Esaterako, zibersegurtasun industrialeko zentroa edota Pasaiako zahartzaroaren arretako erreferentziazko zentroak daude estrategia honetan. “Hitzak eta ekintzak: orain arte Aldundiak martxan jarri duen agenda politiko berriaren edukiak xehatu ditugu eta, orain, proiektu hauek guztiak gorpuzteko garaia da”, nabarmendu du Olanok.

            Proiektu estrategiko hauekin batera, ekonomia sustapena, gizarte politika eta zerga iruzurraren aurkako borroka dira 2018rako foru aurrekontuaren lehentasun nagusiak. Gizarte politikari dagokionez, datorren urtean ere “inoiz baino baliabide” gehiago bideratuko dira esparru honetara, aurtengo zuzkidurari beste 13,3 milioi euro gehiago batuko baitzaizkio datorren urtean. Hau da, aurrekontuaren ia erdia (%47,48) zerbitzu sozialei dagokie eta biztanleko 525 euro inbertituko ditu datorren urtean Foru Aldundiak esparru honetan. “Europa mailan, gizarte ezberdintasun gutxieneko lurraldeen artean kokatu nahi dugula esan ohi dugu eta horretarako funtsezkoa da gure gizarte babeserako sisteman inbertitzen jarraitzea”, azpimarratu du diputatu nagusiak.

            Agertoki ekonomikoari erreparatuz, Olanok irakurketa baikorra egin du eta Gipuzkoako enpresa ehuna babesten jarraitzea aldeztu du. “Legealdi hasieran ia bikoiztu egin genuen Ekonomia Sustapeneko departamentuaren aurrekontua eta martxan jarri genuen Ekonomia Suspertzeko Plana, 200 milioiko inbertsioa gure ehun ekoizlea indarberritzeko”, gogoratu du Olanok, arlo ekonomikoan Aldundia egiten ari den apustua berretsiz. Azkenik, zerga iruzurraren aurkako borrokak ere lehentasunen artean jarraitzen, arlo honetako “giza baliabide eta euskarri teknikoak” hobetze lanetan ari baita foru erakundea.

 

GHK eta Bidegi

Gastuari erreparatuta, ia departamentu denetan jazo dira hazkundeak. Aldaketa nagusiak Ogasun eta Finantza departamentuan eta Bide Azpiegituretan daude. Foru Ogasunari dagokionez, 11 milioi euroko hazkundea aurreikusten da, baina hauetatik 9 milioi aurreko foru Gobernuak GHKn utzitako nahastea konpontzeko erabiliko dira. Izan ere, duela bi legealdi, Europako Inbertsio Bankuak mailegua eman zion Gipuzkoari hondakinen kudeaketarako azpiegitura eraikitzeko; pasa den legealdian, ordea, proiektua gelditu eta maileguaren zati bat beste ekimen batzuetan erabili zen. Orain, Ogasuneko departamentuaren 9 milioi euroko zuzkidura gehigarriak arazo hau konpontzea du xede.

Departamentua

2017

2018

Aldaketa

%

Diputatu nagusia

18.033.560

18.695.860

662.300

3,67

Kultura, Turismoa, Gazteria eta Kirolak

53.823.610

55.618.770

1.795.160

3,34

Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioa

48.848.950

50.939.990

2.091.040

4,28

Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka

70.000.670

70.136.180

135.510

0,19

Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa

59.835.580

60.360.950

525.370

0,88

Ogasuna eta Finantzak

44.379.610

55.535.350

11.155.740

25,14

Bide Azpiegiturak

89.412.400

74.094.870

-15.317.530

-17,13

Gizarte Politika

363.629.150

376.924.740

13.295.590

3,66

Ingurumena eta Obra Hidraulikoak

23.758.420

24.512.600

754.180

3,17

Batzar Nagusiak

7.063.990

6.814.800

-249.190

-3,53

Hainbat departamentutako gastuak

237.200

289.420

52.220

22,02

Finantza zama

58.915.000

62.615.000

3.700.000

6,28

Kudeaketa aurrekontu propioa guztira[1]

779.023.130

793.923.530

14.900.400

1,91

 

 

 

 

 

            Bide Azpiegituren departamentuari dagokionez, beherakada azaltzen du Bidegiri kapital handitzerik egin beharrik ez izanak. “Pasa den urtean 21 milioi bideratu genituen foru sozietate honetara Antzuola-Bergara errepidearen proiektua bultzatzeko. Aurten, ordea, Bidegi gai da bere kabuz ekimena finantzatzen jarraitzeko”, azaldu dute foru arduradunek, Bidegi ereduaren sendotasuna nabarmenduz. “Efektu finantzario hau alde batera utzita, Bide Azpiegituretako departamentuaren aurrekontua hazi egingo da”, azaldu du diputatu nagusiak, hazkunde horren helburua lurraldeko errepideen mantenua izango delarik.

            Sarrerei dagokionez, eta azkeneko Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan onartutakoaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak 4.868,6 milioi euroko sarrerak aurreikusten ditu 2018an. Banatzerako orduan, zatirik handiena Eusko Jaurlaritzari dagokio, 3.173,2 milioi jasoko baititu; Aldundiak, bere aldetik, aipatutako 856,6 milioi euroak izango ditu eta udalek, berriz, 488 milioi, inoizko zuzkidurarik handiena. Estatuak, azkenik, 351 milioi euro jasoko ditu Kupoaren bitartez.

 

[1] Kudeaketa aurrekontu propioa: aurrekontu propioa, finantza-zama kenduta.

  

1275