‘GazteAkt’ abiarazi du Aldundiak, entzuna izatea eskatzen duen Gipuzkoako ‘Z belaunaldia’-rekin konektatzeko
‘GazteAkt’ abiarazi du Aldundiak, entzuna izatea eskatzen duen Gipuzkoako ‘Z belaunaldia’-rekin konektatzeko
‘GazteAkt’ abiarazi du Aldundiak, entzuna izatea eskatzen duen Gipuzkoako ‘Z belaunaldia’-rekin konektatzeko
Gaurtik deia egiten zaie 18 eta 30 urte arteko 3.000 gazte gipuzkoarri, etorkizuneko Gipuzkoa irudikatu eta eraikitzeko komunitate digitalera eta deliberazio-foroetara batzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak GazteAkt ekimena aurkeztu du, lurraldeko politika publikoen eraikuntzan Z Belaunaldia-ren inplikazioa bultzatzeko helburuarekin. Proiektua gazteei ahotsa eta protagonismoa emateko sortu da, gazteek euren errealitateari buruz dituzten eztabaidak kontuan hartuta. “Gazteek zeresan handia dute beren bizi baldintzei, enpleguari, emantzipazioari, osasun mentalari edo beren balioei buruz, eta entzunak izatea eskatzen dute”, adierazi du Eider Mendoza diputatu nagusiak ekimenaren aurkezpenean. “Hala ere, maizegi ez zaie zuzenean entzuten eta, aldi berean, urrun sumatzen dituzte erakundeak. GazteAkt ekimenarekin, Aldundiak gazteriari buruz hitz egitetik, gazteekin hitz egitera igaro nahi du, elkarrizketarako eta erabakiak hartzeko benetako bideak irekiz”. “Konbikzio horrekin ekiten diogu bide berritzaile honi”, gainera du Mendozak, “Gipuzkoaren eraldaketak belaunaldi berrien inplikazio aktiboa eskatzen du. Gazteek ez dute politikak edo zerbitzuak jasotzera mugatu behar, baizik eta gure garaiko erronka sozial handiak aldatzeko eragile gisa jardun behar dute, hala exijitzen digutelako eta gure komunitatearen parte garrantzitsua direlako”. Horrela, erakundeen eta herritar gazteen arteko zubiak eraiki nahi ditu GazteAkt ekimenak, entzutean, lankidetzan eta erantzukidetasunean oinarrituta.
Ekimena Z belaunaldiari zuzentzen zaio, centennial ere deiturikoak (gutxi gorabehera 1997 eta 2007 artean jaiotako gazteak). Gipuzkoan, 83.500 pertsona inguruk osatzen dute talde hori, Eustaten azken datuen arabera, eta biztanleriaren %15 inguru da talde hau. Etorkizun hurbileko erabakiak, balioak eta lehentasunak markatuko dituen belaunaldi honekin bide berriak urratu nahi ditu Aldundiak, datozen urteetako politika publikoak diseinatzeko eta erronka sozial eta ekonomiko berriei erantzuteko. Aldi berean, neurri handi batean, erakunde tradizionaletatik deskonektatuta sentitzen den belaunaldia ere bada, eta GazteAkt ekimenaren helburuetako bat da, hain zuzen ere, gazteen eta foru erakundeen arteko konfiantza eta partaidetza lotura hori eraikitzea, deliberazio eta partekatze espazio errealak sortuz.
Komunitate digital bat eta sei dilema: ‘Gazteakt.eus’
GazteAkt metodologia parte-hartzaile baten egituratzen da. Batetik, sei dilema handi landuko dira, eztabaidarako ardatz tematiko gisa definituta. Horietako bakoitzaren inguruan, parte hartzeko komunitate digital ireki bat aktibatuko da Gazteakt.eus plataformaren bidez. Komunitate digital horretan jasotako ekarpenetatik abiatuta, Aktibazio Foro bat osatuko da, hogei bat gazte “aktibatzailek” osatua. Eskualdearen, generoaren eta adinaren arabera aukeratuko dira eta proposamenak deliberazio saio presentzialetan landuko dituzte. Prozesu horren emaitzak proposamenetan zehaztuko dira, eta Aldundiari aurkeztuko zaizkio. Aldundiak itzultzeko saio bat antolatuko du, erakundearen erantzunekin eta konpromisoak hartuko ditu
“Helburua 3.000 gazte inplikatzea da”, Andoitz Gutierrez talde eragileko kideak zehaztu duenez. Hala, “GazteAkt ez da izango hitz egiten jarduteko espazio soil bat, GazteAkt tresna bat izango da erabakietan eragin ahal izateko”. Horregatik, “gonbita egin nahi diegu Gipuzkoako gazte guztiei: parte hartu, aktibatu, proposatu. Zuen ideiek balio dute, zuen iritziek eragina dute”.
Lehen erronka batekin abiaraziko dute ekimena, Ipuzkoa izena jarri diotena: “Zeintzuk izango dira datozen mila urteetan gipuzkoarron nortasun eta identitate berriak?” galderari erantzungo diona. Gipuzkoarron identitateaz, hizkuntzaz, kulturaz eta nor garen galdetzera gonbidatuko ditu gazteak. Yeray Arakistain izango da gazte “aktibatzaile” horietako bat eta azaldu duenez, “beharrezkoa den barnera begirako ariketa batekin hasiko da ekimena, askotan hitz egiten baitugu etorkizunaz, baina nor garen eta nondik gatozen ulertzea da lehen urratsa”. Aurreratu duenez, datozen hilabeteetan euren egunerokoan eragin zuzena duten gaiez jardungo dute. Halaber, Ainhoa Azkarate aktibatzaileak nabarmendu du, GazteAkt “pentsatzeko, eztabaidatzeko eta proposatzeko leku bat” izango dela eta tresna “indartsu bat” dela, hala partaideentzat eurentzat nola lurralde osoarentzat: “Niretzat, GazteAkt-ek esan nahi du gazteoi protagonismoa ematea. Ez soilik entzutea, baizik eta erabaki-prozesuaren parte izatea. Eta hori ez da askotan gertatzen.”
Parte-hartzea gaurtik zabalik
Gaurko aurkezpenetik abiatuta, GazteAkt martxan jarriko da publikoki eta interesa duten Gipuzkoako centennial guztiek parte hartzeko aukera izango dute. Lehenengo dilema gaur bertan aktibatuko da Gazteakt.eus atarian. Partehartzaileek galdetegiari erantzuten eta beren proposamenak bidaltzen hasteko aukera izango dute. Ondoren, Aktibazio Foroko hiru saio egingo dira: lehena azaroaren hirugarren astean (azaroaren 17ko astea), bigarrena abenduaren lehen astean, eta hirugarrena, lehen dilema honi dagokion aurkezpen-saioa, urtarrilaren bigarren astean egingo zaie Foru Aldundiko arduradunei. Halaber, parte-hartze prozesu osoak sare sozialen bidez izango du oihartzuna, gazteen inplikazioa bide horretatik ere sustatzeko.
2584