Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro 20 egoitzak kanpoaldeko espazioak prest dituzte, irteera seguruak bermatzeko

20 egoitzak kanpoaldeko espazioak prest dituzte, irteera seguruak bermatzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalek elkarrekin lan egiten dute egoitzen kanpoko espazioak gaitzeko, eta horrela “bertan bizi diren adinekoentzako paseo eta irteera seguruak bermatzeko”.

 “Gipuzkoako egoitzetan bizi diren adinekoentzako paseo eta irteera seguruak bermatzeko” helburuarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako udalek elkarrekin lan egiten dute egoitzetatik hurbil aire zabaleko hiri espazioak prestatzeko. Gaur egun, 20 gune daude martxan, beste hainbeste egoitzatarako, 12 udalerritan. Gizarte Politiketako diputatuak, Maite Peñak, azaldu duenez, datozen egun eta asteetan espazio gehiago gaituko dira: “Gure helburua da egoiliarrek kanpora irtetzeko aukera izatea, senitartekoekin batera, eta irteerak espazio seguruetan, jende pilaketarik gabe eta aire zabalean egin ahal izatea”.

          Ekimen hau aste honetan bertan aurkeztu den Goxatu programaren barruan kokatzen da, eta Gipuzkoako egoitzetan bizi diren adinekoen bizi kalitatea eta ongizate psiko-emozionala ahalik eta gehien babestea du helburu. Diputatuak azpimarratu duenez, kultura jarduerak indartuz, ratioak, bisitak eta irteerak handituz, “adinekoen ongizatea hobetzen jarraitu nahi dugu, berotasuna, lankidetza, zein gizarte eta komunitate eragileen arteko lankidetza oinarritzat hartuta”.

          Azaroaren 30ean, Markel Olano diputatu nagusiak, eta Xabier Txurruka Zarauzko alkateak, Zarauzko Santa Ana egoitzaren ondoan prestatutako espazioa bisitatu zuten, eta orduan, lau ziren prest zeuden guneak. Asteburu honetan bertan, 20 espazio daude dagoeneko erabilgarri irteerak egiteko:

  • Zarauzko Santa Anan
  • Tolosako Iurreamendin
  • Tolosako Uzturren
  • Zumarragako Argixaon
  • Lazkaoko Sanitas Txindokin
  • Hernaniko Santa Maria Magdalenan
  • Aretxabaletako GSR Debagoienan
  • Soraluzeko Nuestra Señora de la Merceden
  • Elgoibarreko San Lazaron
  • Eibarreko Egogainen
  • Arrasateko Iturbiden
  • Donostiako Lamorousen
  • Donostiako Gurutze Gorrian
  • Donostiako Berriz 1-en
  • Donostiako Berion
  • Donostiako Villa Sacramenton
  • Donostiako Txara I-en
  • Donostiako Berminghanmen
  • Irungo Ama Xantalenen
  • Irungo Gurutze Gorrian

Datozen egunetan espazio segurua prest egongo da Irungo Caser Residencial Anakan ere. Maite Peñak gogorarazi duenez, egoitza guztiek ez dute kanpoko eremurik behar; izan ere, beren esparruetan nahikoa leku dute irteera eta paseo horiek egiteko: Azpeitiko San Martinen, Eskoriatzako Jose Aranan, Andoaingo San Juan Bautistan, Hondarribiko San Gabriel eta Betharramen, Beasaingo Arangoitin, Azkoitiko San Josen, Eibarreko San Andresen eta Irungo Inmaculadan eta SAU Bidasoan, besteak beste.

 Diputatuak adierazi du Gizarte Politiketako Departamentuak udalekin lanean jarraitzen duela kasu bakoitza aztertzen jarraitzeko eta, horrela, espazioak ahalik eta azkarren prestatzeko; izan ere, kasu guztietan ez da erraza egoiliarrek erabili ahal izateko espazio bat mugatzea.

  

1342