Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro 2025eko sentsibilizazio - kanpaina, "NO VAMOS A PARAR -GEUREA LORTU ARTE"

2025eko sentsibilizazio - kanpaina, "NO VAMOS A PARAR -GEUREA LORTU ARTE"

Aurtengo kanpainak defendatzen du desgaitasuna duten pertsonek oraindik erronka asko dituztela aurretik

Gipuzkoako Foru Aldundia

Donostia-San Sebastián, 2025eko azaroaren 28a. Aurten Atzegik aldarrikapen kanpaina baten aldeko apustua egin du, "No vamos a parar-Geurea lortu arte" lelopean, desgaitasun intelektuala duten pertsonen kolektiboak oraindik erronka ugari dituela eta Atzegitik ez dutela etenik izango baieztatzen du.

Elkarteko presidente Josean Idoetaren hitzetan, Gipuzkoa inklusiboa pertsona guztien artean eraikitzen dela jabetzea nahi dute, "adimen-desgaitasuna duten pertsonen eskubideak errespetatzea eta defendatzea nahi dugu, eta ezin dugu bakarrik egin".

Idoetak gogora ekarri duenez, elkartea duela 65 urte sortu zen familia gutxi batzuen indarrari esker, sendi horiek euren seme-alaben eskubideen alde borrokatzeko elkartu ziren. "Familiak beti izan dira elkartearen bizkarrezurra, eta haien parte-hartzea ezinbestekoa da; badakigu gizartea asko aldatu dela, eta gero eta zailagoa dela komunaren alde borrokatzea, baina familiak eta gizartea behar ditugu aurrera egiten jarraitu nahi badugu. 65 urte bete ditugu, baina erretiroa ezin dugu hartu, oraindik lan asko dugu aurretik ", azpimarratu du Idoetak.

Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak adierazi duenez, "gaurko Gipuzkoa, inklusiboagoa eta solidarioagoa dena ezin da ulertu Atzegi bezalako elkarteen ibilbide eta konpromisorik gabe". Nabarmendu duenez, kanpainaren leloak, No vamos a parar – Geurea lortu arte, argi uzten du erakundearen nahia, eta lurraldeak inor atzean ez uzteko behar duen berme kolektiboa. Zentzu horretan, Peñak azpimarratu du Atzegi hainbat hamarkadatan egiten ari den lanari esker – adimen-desgaitasuna duten pertsonei laguntzen, haien familiei laguntzen eta komunitatea mobilizatzen–, lurraldeak aurrera egin duela eskubideetan, aukera berriak sortzen eta gizarte irekiagoa eta kontzienteagoa eraikitzen. "Nahi dugun Gipuzkoa lankidetzatik eraikitzen da: erakundeen konpromisotik, baina baita elkarte-sarearen, boluntarioen eta komunitatearen indarretik ere", adierazi du.

Lourdes Salvadorrek, 30 urteko Iñaki Chiviteren amak, azaldu duenez, "argi dago elkartea sortu zenetik aurrerapen asko izan direla, baina oraindik helburu asko ditugu lortzeko aisialdian, hezkuntzan edo etxebizitzan, esaterako, eta erronka berriak ere sortzen dira, hala nola zahartzeari buruz hausnartu behar da". Lourdes Salvadorrek azaldu duenez, bere kasuan, babes eta baliabide gehiagoren falta sumatu zuen Iñaki bigarren hezkuntza ikasten ari zenean, eta une honetan etxebizitzaren gaia dute mahai gainean, "Iñaki etorkizunean nola biziko den kezkatzen nau; nola, non eta norekin bizi nahi duen aukeratzeko aukera izatea gustatuko litzaidake", adierazi du Salvadorrek.

Kolektiboak gaur egun dituen erronkak ezagutarazteko, Atzegitik dekalogo bat prestatu dute, urtean zehar hainbat kanaletan banatuko dutena.

Bestalde, Kutxa Fundazioko zuzendari nagusi Ander Aizpuruak adierazi duenez, "Atzegi bateratze adibide argia da, proiektu baten inguruan familiak eta boluntarioak batzeko moduaren adibide. Horiei esker, adimen-desgaitasuna duten pertsonek modu independentean bizitzeko eskubideaz eta gaitasunaz goza dezakete, eta, horrela, gizarteari erakutsi hori posible dela beharrezko laguntza izanez gero. Halaber, adierazi duenez, "urteroko kanpaina hauekin, 65 urtetan zehar Atzegirekin elkarlanean aritu diren pertsona guztien ekarpenarekin batera, ezinezkoak ziruditen jomugak eta mugarriak lortu dira, baina ezin da gelditu, aurrera egiten jarraitu behar da, aurtengo leloak dioen bezala".

Kontzentrazioa Boulevardean

Kanpainari hasiera emateko, urriaren 2rako Donostiako Boulevardean desgaitasun intelektuala duten pertsonen eskubideen alde deitutako elkarretaratzea egingo da. Magda Dabrowskak (Legazpi, 25 urte) azaldu duenez, abenduaren 3an Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna ospatzen dela aprobetxatuz, kalera atera nahi dute euren eskubideak aldarrikatzeko. "Gauza asko ditugu aldarrikatzeko, horregatik mundu guztia animatzea nahi dugu, abenduaren 2an 18:15ean denak Boulevardera. Zenbat eta jende gehiago izan, orduan eta urrunago iritsiko da gure ahotsa ". Dabrowskak azaldu duenez, kontzentrazioaren ondoren, 19:00etan, Atzegiren urteroko ekitaldia izango da Donostiako Antzoki Zaharrean, "ekitaldian gure eskubideei buruz hitz egingo dugu, urtean zehar egin diren jarduera guztien errepasoa egingo dugu eta ezustekoren bat ere izango da". Amaitzeko, jende guztiarentzat zabalik dagoen ekitaldia dela gogorarazi du legazpiarrak eta bertara joan nahi dutenek 943 42 39 42 telefonora deitu eta gonbidapenak eskatu besterik ez dute egin behar.

"No vamos a parar-Geurea lortu arte" Gipuzkoa osoan zehar

Azkenik, Josean Idoetak azaldu duenez, hurrengo hilabeteetan lanean jarraituko dute desgaitasun intelektuala duten pertsonen ahotsa Gipuzkoako eskualde guztietara eramateko. "Pertsonek eta haien familiek beren esperientziak kontatzea eta beren premiei buruz hitz egitea nahi dugu, Gipuzkoako gizarteari gogorarazteko elkartasunak eta aniztasunak aberastu egiten gaituela" amaitu du Idoetak.

  

2035