Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Abian da Erantzunkide sarea

Abian da Erantzunkide sarea

Kontziliazio erantzunkidearen aldeko enpresa erreferenteek osatzen dute.

2018/09/14

Gaur goizean Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz Gunean egin den lehen topaketa batekin abiarazi da kontziliazio erantzunkidearen aldeko Gipuzkako enpresen sarea. Erantzunkide sareak hogei inguru enpresa eta erakunderekin ekin dio ibilbideari. Aurrerantzean ere kide berriak batu ahal izango dira sarera, emakumeen eta gizonen berdintasuna eta kontziliazio erantzunkidea euren erakundeetan bultzatzeko nahia dutenak. Enpresetako ordezkariekin batera, diputatu nagusiak eta Mirel Elgarresta, Berdintasunerako Organoaren zuzendariak, hartu du parte saioan gaur. Hala, Markel Olanok azaldu duenez, Erantzunkide enpresetan kontziliazioari buruzko ezagutzak, praktikak eta esperientziak partekatzeko lehen espazioa da eta arreta jarri du, hain zuen, enpresek duten ahalmen eraldatzailean. Diputatu nagusiarentzat, enpresena "berdintasunaren arloko joko-zelaietako bat da esparru horretan elkartzen baitira kontziliazio eta erantzunkidetasuna gauzatzeko baldintzatzaile nagusiak. Sarea osatzen duten enpresen ia erdiak 2016 urtetik darama askotariko neurrietan lanean eta aurreikusten da legealdiaren amaierarako 30 enpresa baino gehiago batzea egitasmo honetara, lurralde osoko 3.000 langilera helduko den irismen ahalmen batekin.

             

Etorkizunerako erreferente

Abiatze etapa honetan Erantzunkide sarea enpresa hauek osatzen dute: Alcad, Alcorta Forging Group, Ampo, Angulas Aguinaga, Arazi, Askora, BPG Coordinadores de Seguridad, BPXport, Club Deportivo Bera Bera, Construcciones Moyua, Federación Mercantil de Gipuzkoa, Diputación Foral de Gipuzkoa, Donostia Kultura, Ikerlan, Ikor, Ikusi (Grupo Velatia), Kirolbet, La Guipuzcoana, Mara mara, Matia Fundazioa, Matz Erreka, Transportes Pesa eta Uliazpi. Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan kontziliazio erantzunkiderako esperientziak martxan jarrita dituzten ala ari diren enpresa eta erakundeak dira. Urte honetan zehar 10 gehiago batzea espero da..

            Arlo ezberdinak landu dituzte enpresek, hala nola, ordutegien malgutasuna eta produktibitatea, komunikazio eraginkorra, langileen partaidetza eta gizonentzako eta emakumeentzako kontziliazio neurriak. Izan ere, Gipuzkoako egungo egoerak hobekuntza-tarte nabaria uzten du oraindik, datuek agerian jartzen dutenez. Gure lurraldean enpresen %68an, zuzendaritzetan ala erantzukizuneko karguetan dauden emakumeak %40 dira, esate baterako. Aurten argitaratu den Gipuzkoako 908 enpresari egindako inkesta baten emaitzetako bat da hori. Aldundiak enkargatutako ikerketa berak azaleratu duenez, soilik enpresen %14,5ak du berdintasun planen bat. Halaber, azken urteetan amatasun eta aitatasun baimenak orokortu egin diren arren (enpresen ia erdiak eman ditu), legeak ezarritakotik harago gutxiengo txiki batek soilik ematen ditu baimen luzeagoak. Kontsultatutako enpresen %23an emakumeren batek hartu du mota honetako baimenen bat, eta soilik %9,7an gizonezkoaren batek. Errealitate honen aurrean, diputatu nagusiak adierazi du "datuek oraindik ere egiteko asko dagoela erakusten" dutela baina "ukaezina" dela "enpresak erakusten hasi diren interesa". Honela, Olanok deialdia egin du "sare hau etorkizunerako eraldaketa mugimenduaren abangoardia gisa" balia dadin, honezkero lorturako emaitzen argitara, "programa batzuek frogatu baitute enpresa batzuek soldaten arrakala murrizteko gai direla edo, beste kasuren baten bezala, zuzendaritza postuetan emakumezkoen presentzia handitu dutela".

            Aldian behin, Aldunditik neurrien ezarpenaren jarraipena egingo da, ekimenak sendotu eta behar den kasuetan hobekuntzak planteatu eta konponbideak eskaintzeko. Honekin baten, hala aurrez aurre nola on-line baliabideekin, metodologiak, babes-lanabesak, beste enpresen ezagutzak eta informazio buletinak partekatzeko espazio komun bat eratuko da.

 

'Berdintasuna eta Kontziliazioa', topaketa asteazkenean Tabakaleran

Gaurko topaketaren barruan, datorren asteazkenean, irailak 19, Donostiako Tabakaleran egingo den Berdintasuna eta Kontziliazioa topaketa aurkeztu da. Jardunaldi honekin nahi dena da aitatasun eta eszedentzia berriek aurki ekarriko duten paradigma aldaketa ulertzea eta Europa mailako erreferentzia eredu batzuk aurkeztuko dira. Euren herrialdeetako egoeraren berri emango duten bi adituk, hizlari nagusi gisa. Elin Kvande Norvegiako Zientzia eta Teknologia Institutuko irakaslea da eta harekin Norvegiako politiken berri izateaz gain, aldaketa eragin duten faktoreak aztertuko dira eta nola sustatu den gizonen eta emakumeen arteko lanaren eta zaintzaren partekatze parekidea. Bigarren hizlari nagusia Alexis Sierra izango da, Kataluniako Generalitatearen Presidentzia Departamenduak bultzatzen duen ordutegien aldaketarako ekimenaren koordinatzailea da Sierra. Esperientzia kataluniar hau ordutegien malgutasuna sustatzeko interes biziko ekimen bezala hartzen da, erronka sozial are zabalago bati aurre egiten diolarik: lanaz besteko ordutegien aldaketan ere eragitea, herrialde nordikoen egoeretara gerturatzeko. Topaketa honetan gainera, enpresek euren egoera eta aukeren berri izateko auto-ebaluazio ariketa bat egiteko aukera izango dute eta orientazioa eta gakoak emango zaizkie euren erakundeetan arrakastarako pausuak eman ditzaten.

            Elgarrestak aurreratu dituen datuen arabera, jada  149 dira izena eman duten enpresak eta antolakundeak 200dik gora izango dira. Halaber, datu argigarri bat ere eman du asteazkeneko topaketaren harira. Azaldu duenez, parte-hartzaileen %40a gizonezkoak dira eta "honek agerian jartzen du kontziliazioa poliki-poliki emakumeen gai esklusibo bezala ikusteari uzten hasi dela gure enpresetan". Hala, "partaidetzari dagokionez behinik behin, asteazkeneko topaketa parekidea" izango dela esan du foru zuzendariak.

 

  

2312