Aldundiak Astigarragako Garraio Zentroa handituko du, garraiolarien ongizaterako eta herrialdeko logistikarako funtsezko azpiegitura osatzeko helburuarekin
Aldundiak Astigarragako Garraio Zentroa handituko du, garraiolarien ongizaterako eta herrialdeko logistikarako funtsezko azpiegitura osatzeko helburuarekin
Aldundiak Astigarragako Garraio Zentroa handituko du, garraiolarien ongizaterako eta herrialdeko logistikarako funtsezko azpiegitura osatzeko helburuarekin
Ibilgailu astun eta berezientzako aparkaleku seguru eta zaindua, 151 plaza berrirekin, egungo instalazioekin konektatuta egongo da, eta Oiartzungo zentroarekin batera, Gipuzkoak gune logistiko gisa duen papera indartuko du

Gipuzkoako Foru Aldundiak Astigarragan Garraio Zentro Integrala (CIT) handitzeko proiektua aurkeztu du. Ekipamendu berriak zaintzapeko 151 aparkaleku izango ditu ibilgailu astunentzat, eta AP-8 autobidearen hegoalderanzko noranzkoan kokatuko da. Astigarragako egungo aparkalekuarekin (341 plaza) zuzenean lotuta egongo da, autobidearen beste aldean, lurpeko pasabide baten bidez, eta, horrela, korridore atlantikoaren bi noranzkoetan garraio profesionalari zerbitzua ematen dion gune interkonektatu bat osatuko du. Honela, Oiartzungo beste zentroko 184 plazak batuta, AP-8ko mugatik 17 kilometroko erradioan, sektoreko profesionalek guztira 676 aparkaleku-plaza egokitu eta seguru izango dituzte, atsedenerako zerbitzu eta instalazio modernoak dituen konplexu batean.
Proiektua Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako foru diputatu Felix Urkolak eta BIDEGIko zuzendari nagusi Alfredo Etxeberriak aurkeztu dituzte gaur. Eraikuntzaz BIDEGI arduratuko da, 23,83 milioi euroko lizitaziorako oinarrizko aurrekontua dute (BEZa barne) eta 30 hilabeteko exekuzio epea.
Aparkaleku berriak zerbitzua emango die Frantziako mugatik Espainia, Portugal edo Afrikako iparraldera joaten diren garraiolariei, eta Oiartzungo egungo aparkalekuaren okupazioa arintzen lagunduko du, altua baita ia beti. Izan ere, azpiegitura hauek martxan jarri zirenetik, bi aparkalekuen okupazioa handituz joan da. Are gehiago, 2024an Oiartzungoa – hegoalderanzkoa –, ia etengabe egon da beteta. Plazen banaketa ez da orekatua, bi noranzkoetan antzekoa baita joan-etorria. Horregatik, beharrezkoa da eskaera errealari behar bezala erantzuteko eta zerbitzua hobetzeko aukera emango duen handitze bat egitea.
Eider Mendoza diputatu nagusiaren hitzetan, azpiegitura berri horrekin “zerbitzu aurreratu” bat osatzen da, “ekonomiarako funtsezkoa den sektore baten, garraiolarien, lana arintzen" lagunduko duena, haien “segurtasuna hobetuz eta ogibidea jasangarriago eginez”. “Gipuzkoa garraioaren ardatz transeuroparraren muinetako batean aurkitzen da, eta oso argi daukagu erronka askori aurre egin behar dion sektore honen aldeko apustua" egin behar dela, "ikuspegi europar batekin", adierazi du. Azpimarratu duenez, "Gipuzkoa inbertitzen ari da lurraldeko eta Europa osoko ekonomiarentzat funtsezkoa den lan bat jasangarriagoa eta seguruagoa egiten duten azpiegituretan. Eta ikuspegi batetik egiten dugu: mugikortasun segurua, eraginkorra eta jasangarria gidatzen jarraitu nahi duen lurralde batena”.
Mendozak azpimarratu duenez, “proiektu honek, sektoreko lan baldintzak hobetzeaz gain, bide segurtasunean eta trafikoaren arintasunean ere eragiten du zuzenean. Gipuzkoa erreferente izaten jarraitzea nahi dugu, eta zentro berriak bat egiten du Europa mailan jada errekonozimendua duen azpiegitura batekin: Astigarragako Garraio Zentroak European Truck Parking of the Year saria jaso zuen 2023an, eta 2025ean ESPORG Europako elkarteak Kamioientzako Aparkaleku Ekologikoen Kudeaketaren saria eman dio ”.
Bestalde, Felix Urkolak nabarmendu duenez, “egungo aparkalekuen gaineko presioa gero eta handiagoa da. Oiartzungo zentroa ia beteta egoten da astebururo, eta bai Oiartzungoak bai Astigarragakoak, astegunetan eta gauez, okupazio-maila handiak dituzte. Plataforma berri horrek, sektorearen baldintzak hobetzeaz gain, trafikoa antolatzen du, gure errepideetako segurtasuna indartzen du eta logistika hobetzen du ”.
Interkonektatua eta prestazio handiekin
Astigarragako handitzea 34.600 metro koadroko lauki formako azalera baten gainean egingo da, eta 195 metro luze eta 108 metro zabal izango da. Luzetarako hiru kale eta zeharkako bi izango ditu mugikortasuna errazteko, eta guztira 151 plaza ibilgailu motaren arabera banatuta. 10,50 metrorainoko luzera duten ibilgailu artikulatuentzako plazez gain, 20,5 metrotik gorako kamioientzako 33 plaza izango ditu, bereziki turismoen garraiorako, eta beste 9 plaza 17,5 metrorainoko ibilgailuentzako.
Komunen eta dutxen bi modulu instalatuko dira, eta esparru osoa babestuta egongo da gutxienez 2,5 metroko hesi eskalagaitzekin, bideozaintzako zirkuitu itxiarekin, etengabeko grabazioarekin, eta barneko kamerekin eta matrikulak irakurtzeko kamerekin sarbideetan. Segurtasuna funtsezko faktorea da, ibilgailuen eta gidarien aurkako erasoak ohikoak baitira egokitu gabeko eremuetan.
Konektibitatea eta jasangarritasuna
Proiektuaren funtsezko elementuetako bat da Astigarragako bi plataformak – iparraldekoa eta hegoaldekoa – lotzeko eraikiko den lurpeko konexioa da, ibilgailuentzat zein oinezkoentzat, eta hortik sartu ahal izango da jada iparraldeko norabideko plataformak eskaintzen dituen zerbitzu guztietara: jatetxe-gunea, supermerkatua, garbitegia, dutxak, garbiketa-tunela, atseden-gunea, kozinatzeko gunea eta 341 aparkaleku, horietatik 30 salgai arriskutsuentzat erreserbatuta (14 sukoiak eta 16 ez sukoiak) eta 48 hozkailu-kamioientzat (28 entxufedunak).
Gainera, eta ingurumen-inpaktua murrizteko helburuarekin, espazio berriak hidrozikloi motako drainatze-sistema bat izango du, lehen euri-isurketako materialak bildu eta dekantatuko dituena euri-uren sare orokorrera iritsi aurretik.
Sistema osoa Europa Barneko Garraio Sarearen (RTE-T) korridore atlantikoaren barruan dago integratuta, eta Garraio Adimenduneko Sistemei (ITS) lotuta dago. Horri esker, Europako garraiolariei gune konektatuak, babestuak eta azken belaunaldiko zerbitzuak eskaintzen zaizkie.
15003