Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundiak bakearen aldeko uso zuri bat jarriko du fatxadan, Gazarekiko eta gatazken biktima guztiekiko elkartasunaren ikur gisa

Aldundiak bakearen aldeko uso zuri bat jarriko du fatxadan, Gazarekiko eta gatazken biktima guztiekiko elkartasunaren ikur gisa

Irune Berasaluze foru bozeramaileak nazioarteko komunitateari eskatu dio irmotasuna blokeo humanitarioaren aurrean eta elkartasuna gatazkaren biktimekiko. Horrela, Gipuzkoak bakearen, justiziaren eta giza eskubideen balio unibertsalekiko konpromisoa berretsi nahi du

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gobernu Kontseiluak adierazpen instituzional bat onartu du aste honetan, eta bertan bakearen aldeko konpromiso irmoa adierazten du, Gazan gertatzen ari diren giza eskubideen urraketa larriak salatzen ditu eta nazioarteko erakundeei eskatzen die premiaz eta erabakitasunez joka dezatela larrialdi humanitarioari aurre egiteko. Jarrera horren ikur gisa, Irune Berasaluze foru bozeramaileak iragarri du uso zuri baten sinboloa jarriko dutela Foru Jauregiaren fatxadan, “Gipuzkoak bere tokikotasunetik mundu bidezkoagoa, seguruagoa eta gizatiarragoa eraikitzen laguntzeko duen borondatearen adierazle”.

“Gazako egoerak ez du aurrekaririk, eta bonbardaketen pean bizi den biztanleria zibilaren sufrimenduaren aurrean erreakzionatzea premiazkoa da, ura, janaria eta arreta medikoa jasotzeko aukerarik ez baitute. Nazioarteko komunitateak aurrera pauso bat eman behar du, irmo jokatuz, eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa bete dadila eskatu behar du”, adierazi du Irune Berasaluze foru bozeramaileak. Ildo horretan, Israelgo Gobernuaren jarrera salatu du, gazatarrei laguntza humanitarioa iristea eragozteagatik, eta nazioarteko zuzenbidearen urraketa hori onartezintzat jo du. “Era berean, gure errekonozimendu erakutsi nahi diegu dena galdu dutenei gutxieneko duintasuna bermatzeko muturreko baldintzetan lanean jarraitu duten pertsona eta erakunde guztiei, hala nola UNRWAko langileei. Lan hori kriminalizatzeak berez etsigarria den egoera okertu baino ez du egiten”, azpimarratu du.

Berasaluzek, gainera, munduko edozein lekutan giza sufrimenduarekin Gipuzkoak duen sentsibilitatea gogoratu du. “Gure gizartea biktimen alde egon da beti, dela Ukrainan, dela Sirian, dela Afrikan, dela, orain bezala, Gazan. Uso zuriak bakearen, giza duintasunaren eta pertsona guztien eskubideetan oinarritutako bizikidetzaren aldeko konpromiso kolektibo hori adierazten du ”.

Onartutako adierazpenean, Aldundiak irmo gaitzesten du bai Israelgo Estatua Palestinako biztanleria zibilaren aurka egiten ari den genozidioa, bai Hamasek 2023ko urriaren 7an egindako eraso bortitza. Era berean, Israelgo Gobernuari dei egiten dio Gazan dituen operazio militarrak geldi ditzan, eta berehalako su-eten humanitarioa, baldintzarik gabekoa eta iraunkorra eskatzen du. Hamasen esku dauden bahitu guztiak berehala eta baldintzarik gabe askatzea eta zerrendan Nazio Batuen Erakundeak koordinatutako laguntza humanitarioa premiaz sartzea eskatzen du, biztanleria zibilak oinarrizko zerbitzuak eta bizirauteko bitartekoak eskura izatea bermatzeko. Aldundiak ere bere babesa adierazten die UNRWAko langileei, eta beren lana kriminalizatzeko edozein saiakera arbuiatzen du, eta, aldi berean, segurtasun bermeak eskatzen ditu langile humanitario guztientzat. Indar militarrak Gazatik erretiratzea eta azpiegitura zibilen suntsiketa amaitzea eskatzen du, baita herritarren lekualdatze behartua debekatzen duen nazioarteko zuzenbidea errespetatzea ere. Nazioarteko komunitateari eta Europako erakundeei eskatzen die azkar joka dezatela bake iraunkor baterantz eta Gazaren berreraikuntzarantz aurrera egiteko, eta elkarrizketa eta negoziazioari berriro ekiteko premiazko beharra defendatzen du, israeldarrentzat eta palestinarrentzat bizikidetza bidezkoa, segurua eta baketsua bermatzeko bide bakarra den aldetik.

Irteera operazioa

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bidegik dispositibo zabal bat aktibatuko dute AP-8 eta AP-1 errepideetan uztailaren 30etik abuztuaren 3ra bitartean espero den trafiko-hazkunde handiari aurre egiteko, udako irteera-operazioarekin batera, zeina ofizialki martxan baitago joan den ostiraletik, hilak 27. Aurreikuspenen arabera, 273.000 ibilgailu igaroko dira Irungo ordainlekutik intentsitate handieneko egun horietan, gehienak Donostiarako noranzkoan, egunean 63.000 ibilgailu baino gehiagoko maximoekin.

Auto-ilarak minimizatzeko eta segurtasuna bermatzeko, Irungo eta Zarauzko ordainlekuetako bide guztiak, 14 eta 19 hurrenez hurren, irekita eta langile gehiagorekin egongo dira. Behobia eta Irungo ordainlekuaren artean ere informazio panel bat jarri da lau hizkuntzatan, eta tarifa beherantz biribildu da (3,06 €-tik 3,05 €-ra) eskudirutan ordaintzea errazteko. Dispositiboan, gainera, 8 patruila mugikor (bost AP-8an eta hiru AP-1ean) eta Isuskitzako tunelerako guardiako ibilgailu espezifiko bat egongo dira.

Irune Berasaluze foru bozeramaileak azpimarratu duenez, “gure errepideetan intentsitate handiko egun horietarako prestatzen ari gara, eta berme guztiekin egin nahi dugu. Helburua da zirkulazioa ahalik eta arinena izatea eta herritarrek segurtasun eta erosotasun baldintzetan bidaiatu ahal izatea ”.

Era berean, Berasaluzek gogorarazi duenez, “Gipuzkoa Europatik penintsulara sartzeko ate nagusietako bat da, eta ardatz estrategiko honen segurtasunarekin eta funtzionamendu onarekin konprometituta gaude, bereziki hau bezalako une berezietan”. Bozeramaileak zuhurtziaz jokatzeko eta joan-etorriak planifikatzeko deia egin du, Frantziako agintariek Biriatun egiten dituzten kontrolek iparralderako fluxuan eragina izan dezaketela kontuan hartuta.

2026ko egutegiaren lehiaketa

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2026ko egutegia irudiz hornitzeko balioko duen Argazki Lehiaketaren edizio berria abiarazi du. Herritarrek asko estimatzen duten argitalpena da, eta iaz 40.000 ale banatu zituen lurralde osoan. Lehiaketaren bederatzigarren edizioa da aurtengoa, eta Gipuzkoako Argazkilari Elkartearekin lankidetzan antolatzen da, urtero bezala. Parte hartzeko epea irailaren 1ean irekiko da, eta hilabete bereko 30era arte luzatuko da.

Aurtengo leloa Ekin. Zaindu. Bizi. Izango da. Horrekin, herritarrei proposatzen zaie Gipuzkoa definitzen duten balioak islatzen dituzten argazkiak egitea. Irune Berasaluze foru bozeramaileak, honela, parte hartzera eta uda aprobetxatzera animatu ditu herritarrak, “sasoi hau bereziki inspiratzailea baita gure lurraldearen izaera berezia erretratatzeko: paisaia, jendea, ohiturak eta sustraiak galdu gabe etorkizunari begiratzeko modua  islatzen duten irudiak sarituko dira. Gipuzkoa lurralde bizia eta dinamikoa da, aparteko ingurune naturalarekin, sakon errotutako tradizioekin eta balio komunitario sendoekin. Aldi berean, lurralde industriala ere bada, etorkizunerantz aurrera egiteko ekimenak bultzatzen dituena, pertsonak eta ingurumena zainduz. Azken batean, guztion ongizatearen alde lan egiten duen lurraldea. Hori da legealdi honetako leloaren zentzua, Ekin. Zaindu. Bizi. Gipuzkoako gizartearen ongizate integralaren alde dugun konpromiso partekatua laburbiltzen du, eta parte-hartzaileen begiradaren bidez indartu nahi dugu ”.

Berasaluzek gogorarazi du, gainera, foru egutegia “oso argitalpen maitatua dela, urtero Gipuzkoako milaka etxetara iristen dena, eta dagoeneko nortasun partekatuaren sinbolo txiki ere bihurtu dena”.

Parte hartzeko oinarriak eta formularioa www.gipuzkoa.eus/argazki-lehiaketa webgunean egongo dira eskuragarri irailaren 1etik aurrera. 18 urtetik gorako pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, argazkigintzako profesionalak izan edo ez, eta pertsona bakoitzak gehienez hiru irudi aurkeztu ahal izango ditu. Argazki guztiak Gipuzkoan aterata egon beharko dira.

Aurkezteko epea irailaren 30era arte egongo da zabalik. Azaroan sariak banatzeko ekitaldia egingo da. Egutegiaren azala ilustratuko duen argazki irabazleak 1.000 euroko saria izango du, eta aukeratutako 12 irudien egileek 250 euro jasoko dituzte.

Bankuen gaineko zergari buruzko Foru Arauaren aurreproiektua

Gipuzkoako Foru Aldundiak jendaurrean jarri du gaur, abuztuaren 14ra arte, zenbait finantza-entitateen interes eta komisioen marjinaren gaineko zergaren foru-arauaren aurreproiektua. Zerga hori 2024ko abenduan Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan egindako bileran lortutako akordioaren ondoren ituntzen da.

Zuzeneko zerga bat da, kreditu-erakundeek, atzerriko kreditu-erakundeen sukurtsalek eta kredituko finantza-establezimenduek Espainiako lurraldean jarduera gauzatzearen ondorioz lortutako interesen eta komisioen marjina positiboa zergapetzen duena.

Karga-eskala bost tartek osatzen dute: hasierako tasa 100eko 1ekoa da likidazio-oinarriko lehen 750 milioietarako, eta 100eko 7koa 5.000 milioitik gorako likidazio-oinarrirako. Zergaldia bat etorriko da finantza-erakundearen ekitaldi ekonomikoarekin, eta zerga zergaldiaren azken egunean sortuko da.

Etorkizuneko zergaren foru-arauaren aurreproiektuak foru murrizketak planteatzen ditu banku-fundazioen gizarte-ekintzagatik eta kooperatiben araudi substantiboak edo estatutu sozial kooperatiboek ezarritako nahitaezko ekarpen jakin batzuengatik. Era berean, kenkari bat planteatzen da udalerri txikiagoetan finantza-inklusioa bermatzeko eta indartzeko.

  

13575