Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundiak errekurtsoa jarriko dio Euskara Planaren bost artikuluren aurkako Auzitegi Nagusiaren epaiari

Aldundiak errekurtsoa jarriko dio Euskara Planaren bost artikuluren aurkako Auzitegi Nagusiaren epaiari

Hizkuntza berdintasunaren aldeko politikak garatzeko lana eta konpromisoaren testuinguruan kokatu du helegitea Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzak

EAEko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzi Aretoak 2017ko maiatzaren 29an foru erakundearen normalizazio planaren aurka emandako epaiari kasazio helegitea jarriko dio Gipuzkoako Foru Aldundiak, Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzak jakinarazi duenez. Plan hori da, hain zuzen ere, Euskararen erabilera normalizatzeko plana Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta bere organismo autonomoen jarduera esparruan 2013-2017 aldirako. Epaiak bost artikulu baliogabetzen ditu, gai hauei lotuta daudenak: komunikazio instituzionala (5. art.), kontratazio administratiboak (8. art.), diru-laguntzen jasotzaileen betekizunak (9.3 art.), argitalpenak (11. art.) eta Internet eta intranet sareak (13. art.).

Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, Mikel Irizarrek, “epaiaren irakurketa zorrotz bat” egiteko beharra azpimarratu du. “Izan ere, epaiak artikulu horiek baliogabetzeko ematen dituen argudioek ez dute gure hizkuntza politikaren funtsezko irizpideen aurka egiten, eta gehienetan arrazoi teknikoen edo idazketaren interpretazio estu bati heltzen dio auzitegiak”, osatu du.

“Epai judizial guztiek behar duten errespetua ezertan gutxietsi gabe”, Irizarrek jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak “ez duela bat egiten epaiak erakusten duen ikuspegiarekin”. Irizarrek jakinarazi duenez, baliogabetzen diren artikulu guztien kasuan, administrazioarekin harremanak gaztelaniaz izan nahi dituen herritarraren eskubideak ikusi ditu arriskuan auzitegiak. Alabaina, azpimarratu du arau hori Diputatuen Kontseiluak 2014an onartu zuenez geroztik, Aldundiaren praktikak erakutsi duela, “zalantzarik gabe gainera”, ez dela inoiz erreklamaziorik izan, berarekin harremanak gaztelaniaz izan nahi dituzten herritarren aldetik; ezta behin ere. “Izatekotan, gure plangintzak eta ahaleginak zorrotz aplikatzen ditugun arren, gurekin harremanak euskaraz izan nahi dituzten herritarren kexak eta erreklamazioak jaso izan ditugu”, gaineratu du.

Horregatik, hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren politika hizkuntza berdintasunaren aldekoa delako, Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak gogorarazi du “lehentasuna” eman nahi zaiola euskararen erabilerari, “lehentasun konpentsatzaile bat, gurekin harremanak euskaraz izan nahi dituzten herritarrak posizio ahulago batean baitaude”.

Dena dela, epaiak ondorio praktiko mugatuak izango ditu, Euskara Plana 2017arekin batera amaituko baita. “Baliogabetzen diren artikuluen kasuan egin behar diren egokitzapen teknikoak eginda, Aldundiak hizkuntza berdintasunaren aldeko politikak garatzen jarraituko du, orain arteko ikusmolde eta hedadura berarekin”, jakinarazi du Irizarrek.

Foru Aldundiko zerbitzu juridikoak sakonki ari dira aztertzen epaia egunotan, Auzitegi Gorenaren aurrean kasazio helegitea jartzeko helburuarekin.

  

4147