Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundiak eta Andoaingo Udalak Arrate pilotalekua berrituko dute elkarlanean

Aldundiak eta Andoaingo Udalak Arrate pilotalekua berrituko dute elkarlanean

Planak 55 udalerriri eta 567.000 biztanleri eragiten die, hau da, Gipuzkoako biztanleen % 80ri; Aldundiak 10,6 milioi euroko laguntza eman du.

Ana Carrere Andoaingo alkateak eta Denis Itxaso Kultura eta Kirol Departamentuko diputatuak eta hitzarmena sinatu dute Arrate pilotalekua birmoldatzeko. Proiektuak 1.200.000 euroko aurrekontua du eta Aldundiak 435.191 euro jarriko ditu. Itxaso Goizane Alvarez, Kiroletako Zuzendariarekin izan da bertan.

Arrate pilotalekuak 41 urte bete ditu. Urte hauetan guztietan berritze-lan txikiak egin dira, hala nola, teilatua, gasa sartzea, pilotalekuaren paretetan konponketak egitea edo gimnasio bat gaitzea.

Andoainek Gazte Leku pilota-elkartea du, Euskal Herrian pilotari gehien dituen elkarteetakoa. Pilotaren ia modalitate guztiak irakasten dira, bai emakumeentzat, bai gizonentzat, eta zesta-puntan, erremontean eta palan aritu daitekeen Gipuzkoako pilotaleku luze gutxienetakoa da.

Kirol-instalazio honetan jardutea justifikatuta dago. Izan ere, egoera kaskarrean dago eta, gainera, indarrean dagoen araudira egokitu behar da, batez ere segurtasunari eta irisgarritasunari dagokienez.

Andoaingo Udala obrak gauzatzeaz arduratuko da (2019ko abenduaren 31 baino lehen amaituta behar dute). Era berean, gutxienez hamar urteko epean ekipamenduen helburuei eusteko konpromisoa hartzen du.

Udan hasiko diren obra horiei esker, zorua eta frontisa berrituko dira, harmailetan bainugela bat gehituko da eta igogailu bat ipiniko da. Igogailuak pilota-jokalekua beheko solairuarekin lotuko du (bertan dago aldagelen eremua).

Beheko solairuan, egun, Urki Dantzaren jarduerak, txirrindularitza eta musika-taldeen entseguak egiten dira. Bertan, bada, kirol-jardueretara soilik zuzendutako bigarren eremu bat eraikiko da. Aldagelak berrituko dira, eta borroka-arteetarako bi areto, gimnasio bat eta biltegirako eta bilera-gelarako esparruak sortuko dira.

Kirol ekipamenduak birmoldatu, berritu, ordeztu eta lekualdatzeko 2017-2020 aldiko Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planaren esparruan sartzen da laguntza; izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat inbertsio finantzatuko ditu lurraldeko kirol azpiegiturak hobetzeko eta, horrela, erantzuna emateko Gipuzkoako gizarteak jarduera fisikoa eta kirola egiteko duen premiari. Aldundiak lehentasuna eman dio egungo ekipamenduak berritu eta birmoldatzeari, instalazio berriak eraikitzearen ordez.

Itxasok nabarmendu duenez, "planak 55 udalerriri eta 567.000 biztanleri eragiten die, hau da, Gipuzkoako biztanleen % 80ri; guztira 53,8 milioi euroko inbertsioa egin da, eta Aldundiak 10,6 milioi euroko laguntza eman du".

Hauek dira aurreikusitako jarduerak:  Kantxako zorua nibelatu eta tratatzea; frontisaren lauzetan dauden hausturak zigilatu eta nibelatzea; ezker pareta margotzea; egun dauden barandak kendu eta segurtasun-beiraz egindakoak jartzea harmailetan; Iparraldeko sarreraren ondoan komuna egitea, irisgarritasuna bermatzeko; kanpoko horman 2,50 x 2,50 metroko baoa irekitzea, kanpotik kontrakantxara zuzenean sartzeko atea jartzeko; geldialdi bat izango duen igogailua instalatzea, erdisototik kontrakantxara igotzeko, kirol egokituari erabateko irtenbidea emateko xedez.

Ana Carrere Andoaingo alkatearen hitzetan: “Pilotalekuaren birmoldatzea urte akoz egiteko zegoen obra da, eta behar-beharrezkoa da pilotan aritzeko baldintzak hobetzeko eta kirol hori sustatzeko. Eta, bainera, beste jarduera fisiko eta kirol-jarduera batzuen eskaintza hobetzea ahalbidetuko du. Azken batean, pilotaleku irisgarria eta egokia izango da andoaindarrentzat”.  

“Foru Aldundian adin guztietako, edozein sexuko eta jatorri guztietako herritarrek instalazio egokiak izan ditzaten eta horietara sarbidea izan dezaten nahi dugu, haietan kirola edo gainerako aisialdiko jarduerak egin ahal izateko eta, horrela, haien bizi kalitatea hobetzeko”, esan du Itxasok. 

Bai Andoaingo Udalak bai Aldundiak balorazio ona eman diote lankidetzari, eta adierazi dute bizi ditugun garai hauetan inoiz baino beharrezkoagoa dela baliabide publikoak modu eraginkorrean eta jasangarrian erabiltzea, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta.

  

1791