Basotik Fundazioak basoak eta txirrindularitza uztartuko dituen jaialdia antolatu du Deban
Basotik Fundazioak basoak eta txirrindularitza uztartuko dituen jaialdia antolatu du Deban
Urriaren 25ean gazteak eta txirrindularitza maite duten pertsonek I. Basotik Txirrindulari Festan parte hartzeko aukera izango dute. Ekimena Basotik Fundazioak basoek gure ongizatean duten eragina gizarteratzeko helburuaren baitan kokatzen da; besteak beste, bertan izango dira Laboral Kutxa – Euskadi Fundazioko txirrindulari profesionalak.

Basoak gizarteari hurbilarazteko helburuarekin Basotik Fundazioak I. Basotik Txirrindulari Festa antolatu du. Datorren urriaren 25ean Deban izango da jaialdia eta gazteak eta txirrindularitzara afizionatuta dauden pertsonak jaialdira bertaratzea espero da. Gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiko prentsa aretoan egin da aurkezpena. Bertan izan dira, Xabier Arruti, Lurralde Oreka Berdeko foru diputatua, Jon Ander Ostolaza, Basotik Fundazioko zuzendaria, Alazne Txurruka, Debako Alkatea eta Aitor Galdós Laboral Kutxa - Euskadi Fundazioko zuzendari orokorra.
Lurralde Oreka Berdeko diputatuaren hitzetan, “askotan esaten dugu ezagutzen dena bakarrik maite daitekeela, eta ekimen hau horretara dago bideratua: gure lurraldeko basoak ezagutzera eta maitatzera, espazio hauekiko harreman osasuntsua sustatuz, kasu honetan gurean oso errotua dagoen kirol baten bitartez: txirrindularitza”. Arrutik azpimarratu duenez, “Baso kudeaketa jasangarri eta kolaboratiboaz hitz egiten dugunean, ez gara soilik basoen gestioaz ari, baizik eta espazio hauen zaintzaz. Eta zaintza ez dagokio erakunde bati bakarrik, baizik eta gizarte osoari. Horregatik, gaur aurkezten dugun Basotiken lehen txirrindularitza biraren bidez, baita izango ditugun beste gizarteratze ekimenen bidez ere, gure gipuzkoarrak eta bertaratzen diren herritarrak gure basoak ezagutzea, maitatu eta, ondorioz, zaindu eta errespetatzea bilatzen dugu”.
Jon Ander Ostolaza, Basotik Fundazioko zuzendariak, ekitaldiaren xehetasunak aurkeztu ditu. Bere hitzetan, «Gure basoak eta txirrindularitza uztartuko dituen festa egun bat izango da. Basoak ez dira soilik natura-ondarea, gizarte osoaren altxorra baizik, eta altxor horretaz gozatzeko aukera izango dugu Deban ospatuko dugun festa honetan».
Ondoren, Laboral Kutxa – Euskadi Fundazioko zuzendari orokorrak, Aitor Galdósek, kirolaren balio soziala azpimarratu du: «Txirrindularitza gure herriaren kirol identitarioa da, eta aukera paregabea eskaintzen du gaztetxo eta familiengana heltzeko. Basotik Fundazioarekin balioak partekatzea ohorea da guretzat: natura maitatzea, jasangarritasuna eta herritarren parte-hartzea».
Amaitzeko, Debako alkatea den Alazne Txurrukak herriaren parte-hartzea nabarmendu du: «Deba kirolaren, naturaren eta komunitatearen topagune izango da urriaren 25ean. Herriko kaleak eta espazioak bizikletaz eta festaz beteko dira, herriko elkarte eta kolektiboekin batera».
I. Basotik Txirrindulari Festa ekitaldiaren xehetasunak:
Festa goizean zehar ospatuko da, bi jarduera nagusiren bidez:
- Basotik Zikloturista Martxa: 89 kilometroko ibilbide ez-lehiakorra, 9:00etan abiatuko dena Debako Alamedatik. Izena ematea doakoa izango da federatu zein ez federatuentzat, baina beharrezkoa da RockTheSport plataformaren bidezko izen-ematea. Parte-hartzaile guztiek opari zorta eder bat jasoko dute.
- Txirrindulari Txiki Festa: familiei eta haurrei zuzendutako ekitaldia. 11:00etan martxa herrikoia (4 km) egingo da, eta ondoren bizikletaz gincana dibertigarria. Parte-hartzea doakoa izango da eta aurrez izen-ematerik ez da beharko; irteera gunean bertan eman beharko da izena. Haur guztiek partehartze opari poltsa jasoko dute.
Bi ekitaldietan parte hartzen dutenen artean 2 bizikleta zozketatuko dira: Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko txirrindulari profesional baten errepideko bizikleta Basotik Zikloturista Martxako parte-hartzaileen artean, eta mendiko bizikleta bat Txirrindulari Txikien Festan parte hartzen dutenen artean.
Goiza giro onean borobiltzeko, 13:00etan parrillada herrikoia egingo da Alamedan, musika eta pintxoekin.
Giro herrikoia eta txirrindulari profesionalen parte-hartzea
Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko txirrindulari profesionalak izango dira ekitaldiaren protagonistetako batzuk, eta hauek bi bizikleta irteeratan hartuko dute parte. Konfirmatu diren emakumezkoen artean daude Usoa Ostolaza, Ane Santesteban, Naia Amondarain, Idoia Eraso eta Eneritz Vadillo; baita gizonezkoen talde profesionaleko txirrindulariak eta, 23 urte azpikoak ere.
Egitaraua:
- 8:30 – I. Basotik Zikloturista Martxarako dortsalen banaketa
- 9:00 – Basotik Zikloturista Martxaren irteera (89 km)
- 11:00 – Txirrindulari Txiki Festa:
- 4 km-ko ibilbide txirrindularia
- Txirrindulari ginkanak
- 13:00 – 13:30 Basotik Zikloturista Martxaren helmugara iristea eta finisher poltsaren banaketa (Debako kioskoan)
- 13:00 – 14:30 Pintxoak (parrillan) parte-hartzaile guztientzat
Gonbidapena
Basotik Fundazioak herritar guztiak gonbidatu ditu urriaren 25ean Debara bertaratzeko:
- Zikloturista Martxan parte hartu nahi dutenek RockTheSport bidez egin dezakete izen-ematea.
- Familiek eta haurrek, berriz, goizeko 10:30etan Alameda ingurura hurbildu besterik ez dute izango.
«I. Basotik Txirrindulari Festa ez da soilik kirol ekitaldia: gure basoak balioan jartzeko eta herritarrak elkartzeko espazioa da», nabarmendu du Xabier Arrutik. Informazio gehiagorako bisitatu basotik.eus webgunea.
2962