Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Lortzen den konposta merkaturatzeko zailtasunak eta benetako premia ezagutu beharra azpimarratu ditu Asensiok

Lortzen den konposta merkaturatzeko zailtasunak eta benetako premia ezagutu beharra azpimarratu ditu Asensiok

“Biohondakinen konposta. Araudia, kalitatea eta aplikazioak” jardunaldia.

2016/06/14

Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok ireki du “Biohondakinen konposta: araudia, kalitatea eta aplikazioak” izeneko jardunaldia.

Bere aurkezpenean, Asensiok aipatu du horrelako jardunaldi bat egin beharra zegoela. “Gipuzkoa liderra da Europan konpostaje kontuetan, eta emaitza oso onak lortu dira, bai kuantitatiboki, bai kualitatiboki; hala ere, eskuratzen dugun konposta merkaturatzeko zailtasunak ditugu”, azaldu du. Horregatik, konpost premia errealei buruzko azterketa zorrotz bat egin behar da, ikuspegi desberdinetatik abiatuta, konpostaren ekoizle eta hartzaile diren eragile guztien parte-hartze aktiboarekin. Izan ere, konpostaren erabilerarekin itxi egin nahi da biohondakinen bilketarekin hasi eta tratamenduarekin jarraitzen duen zikloa.

“Autokonpostajearen arau esparruan dauden gabeziek, eta lortutako konpostaren kalitate mugek eta konpost hori merkaturatzeko zailtasunek, baldintzatu egiten dute jarduera honen garapena, eta konpostaren azken xedea”. Horrek guztiak kezka sortu du, konpostaje komunitarioak instalazio mota honen tamainari eta ezaugarri partikularrei egokitutako estaldura legalik ez izatearen ondoriozko arriskuengatik, eta merkatuan irteerarik aurkitzen ez duten konpost soberakinen metaketagatik", azaldu du Asensiok.

Ahalegin handiak egin badira ere (purutasun handiko gaikako bilketa, konpostaje sistema aurreratuak, kalitate kontrol zorrotzak,...), biohondakinen konpostari irteera emateko merkaturik ez egotea arazo handia da Kantaurialdean, klimagatik batez ere.   Horregatik, kontsumo txikiko merkatuetara zuzendu behar da, lorezaintza, paisajismoa edo lurzoru degradatuen lehengoratzea bezalako jardueretara alegia. Klima kontinental eta mediterraneoko  lekuetan, berriz, nekazaritzako, baratzezaintzako eta frutagintzako produkzio handiak daude.

Krisi ekonomikoaren ondorioz, eta simaur eta minda soberakin handiak daudenez, konpostaren eta antzeko beste materialen eskaria eta beharra txikitu egin da azken urteotan. Hori horrela, 2015ean Gipuzkoan bildu ziren biohondakinetatik lortutako konpostaren hamarrena baino gutxiago kudeatu da lurraldean bertan.

“Errealitate konplexu baten aurrean gaude, eta, horregatik, erantzun zentzudun eta jasangarria eman behar dugu”, azaldu du Ingurumeneko arduradunak.  

Ingurumen diputatuak gogorarazi du bere Departamentuak hondakinen kudeaketari dagokionez daraman politikak helburu estrategiko bat duela: hondakinen hierarkia betetzea eta ekonomia zirkularrerantz aurrera egitea, lurraldearen garapen jasangarrirako esparru gisa.

Horretarako, Departamentuak hainbat jarduera garatu ditu, hala nola Hondakinen Behatokia sortzea, udalerriei eta mankomunitateei zuzendutako diru laguntzak deitzea gaikako bilketa sustatzeko, edo gaurkoa bezalako jardunaldiak antolatzea. Jardunaldian parte hartu dute:

Javier Ansorena: “Biohondakinen konposta: araudia, kalitatea eta aplikazioak” liburuaren egilea. “Biohondakinen konpostaren kalitatea” izan du hizpide.
Domingo Merino: Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Ingurumen Laborategiko zuzendaria da, eta “biohondakinen konpostaren aplikazioei" buruz hitz egin du.
Felix Asenio: Foru Aldundiko Ingurumen zuzendariak “Epeleko konposta merkaturatzeko plana” aurkeztu du.

Azkenik, mahainguru bat egon da, sektoreko hainbat eragilez eta hizlariz osatua: Jorge Arizmendi (Abelur), Josetxo Atin (Ikerlora), Aitor Etxeandia (frutagintzan aditua), Laureano Lobo (Turbas GF), eta Amaia Moreno (GHK). Mahainguruan biohondakinen konpostaren gaur egungo egoerari eta etorkizunari buruz eztabaidatzeko aukera egon da.

  

1534