Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Eider Mendoza: “Ekonomiaren aldeko apustuak azpiegitura seguru, moderno eta lehiakorrak izatea eskatzen du”

Eider Mendoza: “Ekonomiaren aldeko apustuak azpiegitura seguru, moderno eta lehiakorrak izatea eskatzen du”

Allerruko lotune berriak, Corten altzairuz estalitako bi zubien gainean goratutako biribilgune formakoak, N-I errepideko puntu neuralgiko honetako trafiko eta galibo arazoei soluzio ematen die

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak amaitu ditu Donostian N-I errepidearen gaineko biribilgunea eraikitzeko lanak. Biribilgune horrek Allerruko aurreko lotunea ordezten du, eta gune horretan bereziki trinkoa den trafikoa berrantolatzen du. Gune horretan, hain zuzen, Merca-Bugatti, Eskusaitzeta, Zubieta herriko eta Zubietako garraio-zentroetako fluxuak elkartzen dira, baita Lasarte-Oriako agitazio-trafikoak ere. Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Maria Ubarretxena, Bide Azpiegituretako diputatuak 2022ko azaroan eraikitzen hasi ziren azpiegitura berria bisitatu dute gaur, 8.989.292,30 euroko aurrekontuarekin gauzatu dena. Ezaugarririk nabarmenena Corten altzairuzko bi zubi berriak dira, atmosferaren korrosioari aurre egiten diotenak eta zubi zaharraren galibo-arazoak saihesten dituztenak.

Gaur goizeko bisitan, diputatu nagusiak N-I errepidearen lotune berriaren “garrantzi kuantitatiboa eta kualitatiboa” nabarmendu ditu, logistikaren gune neuralgikoa baita lurralde mailan, eta “Lasarte-Oriako industrialdeetara, Zubietako ingurumen-zentrora edo Eskusaitzetako industria-parkera (Gipuzkoako handiena) sartzeko bidea, non Naturklima erreferentzia-zentroak eta MUBIL mugikortasun berriaren poloa dauden, gaur egun eraikitzen ari direnak”. Mendozak, horrela, garrantzi handia eman dio Eskusaitzetako industrialdean etorkizuneko ekonomiaren eta lanpostuen aldeko apustu garrantzitsuari, batez ere Mugikortasun Iraunkor eta Adimentsuaren MUBIL Poloaren bidez. Horretarako, “azpiegitura seguruak, modernoak eta lehiakorrak” behar direla gaineratu du.

Trafikoak berrantolatzea

Lotune berriak aurreko azpiegituraren trafiko- eta galibo-arazoak konpontzen ditu. Azpiegitura horren goiko pasabide bakarrak lau adarrak hartzen zituen, bi noranzko bakoitzean, eta antolamendu-biribilgune bakarra Andoaingo noranzkorako. Hipodromo formako biribilgunearen azpiegitura berriak bi zubi ditu, mendebaldean dagoen biribilgunea hartzen du eta ekialdeko bidegurutzea ordenatzen du, trafikoa eta sarbideen segurtasuna hobetuz. Horrela, N-I errepidetik Lasarte-Oriarako irteera zaharra lotune honetara lekualdatuko da, herriguneko Oria etorbidetik lehen egin beharreko ibilbidea partzialki saihesteko.

Bide Azpiegituretako diputatu Maria Ubarretxenak, bere aldetik, egindako lanen “konplexutasun handia” azpimarratu du, eta horrek ekarri duen inbertsio handia nabarmendu du. Izan ere, pasabide garai bat ordeztu da eta 45 metroko luzera duten bi zubi berri jarri dira, “Gipuzkoa osoan ezaugarri hauek dituen biribilgune altu bakarra eraikitzeko”. Horri esker, gaur egungo galiboa 5 metrokoa da, eta arazorik gabe ibil daitezke jada garraio bereziak eta ibilgailu handienak N-I errepideko puntu horretatik, lotuneari ahalmen handiagoa emanez inguruko enpresen eta ikerketa-zentroen erabilerak eta beharrak estaltzeko.

  

1101