Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Eider Mendoza: “Komunitatearen lokarriak eten ez daitezen lan egin behar dugu, lehentasunezko erronka da”

Eider Mendoza: “Komunitatearen lokarriak eten ez daitezen lan egin behar dugu, lehentasunezko erronka da”

Komunitatea eta demokrazia: etorkizun ikuspegia Gipuzkoatik jardunaldia antolatu dute Donostian, hainbat adituren partaidetzarekin, Ipuskoa 1025-2025 milurtekoaren egitarauaren barnean. Diputatu nagusiak iragarri du Foru Aldundiak, hainbat alorretako eragile eta herritarrekin elkarlanean, komunitatea indartzeko estrategia integrala landuko duela.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Foru Aldundiak lurraldean komunitatea eta komunitate-balioak indartzeko estrategia integrala landuko duela iragarri du gaur goizean Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak. Hori delako, adierazi duenez, egungo mundu “ziurgabean eta aldakorrean”, gizarte “kohesioari eusteko” eta hedatzen ari diren “indibidualismoari eta autoritarismoari” aurre egiteko “funtsezko” elementuetako bat. “Komunitatearen lokarriak eta balioak eten ez daitezen lan egin behar dugu, lehentasunezko erronka da”, azpimarratu du.

Donostiako Tabakaleran egin ditu adierazpen hauek Mendozak, Komunitatea eta demokrazia: etorkizun ikuspegia Gipuzkoatik jardunaldiaren irekieran, lurraldeko elkarteetako, unibertsitateko eta gizarteko 200 ordezkari eta herritarren aurrean. Gipuzkoa hitzaren idatzizko aipamen zaharrenaren milurtekoa ospatzeko Ipuskoa 1025-2025 Izanetik izena programaren testuinguruan antolatu du jardunaldia Aldundiak eta, udazken honetan antolatuko diren beste hiru topaketarekin batera, komunitate balioak indartzeko lurralde estrategia lantzeko gogoetak eta ideiak partekatuko dituzte bertan.

Gaurko hitzorduaren irekieran, Mendozak iradoki du “komunitate bizitza, komunitate baten babesa sentitzea, partaide izatea eta parte hartzea, pertsona ororen ongizaterako faktore oso garrantzitsua” da. “Aldi berean, demokraziari eusteko ezinbesteko elementua da. Horregatik, gure lurraldearen etorkizunerako funtsezko gai batez ari gara”, berretsi du.

Diputatu nagusiak adierazi duenez, gipuzkoarrok garatu dugu historian zehar “zentzu komunitario indartsua”, aurrera egiten lagundu diguna “momenturik zailenetan”, gainontzeko euskal lurraldeekin “harremanetan eta elkar-ekintzan”. “Indar komunitario horrek bultzaturik, Gipuzkoan azken hamarkadetan ekonomian, hezkuntzan, euskalgintzan, osasungintzan, gizarte babesean, kiroletan edota herrigintzan, besteak beste, abian jarri ditugu makina bat ekimen eraldatzaile. Ekimen horien guztien oinarrian balioak daude. Gipuzkoar komunitate bizi eta sendoaren balioak daude”, gogoeta egin du.

Ohartarazi duenez, baina, munduan hedatzen ari diren indibidualismoa eta kontsumismoa direla eta, “arriskua” da “batzen gaituzten balio horiek ahultzea”. Horregatik, dei egin duenez, “komunitatearen lokarriak eten ez daitezen lan egin behar dugu, lehentasunezko erronka da”. Hori dela eta, lurraldeko eragile eta herritarrak animatu ditu lurralde estrategiaren lanketan parte hartzera eta beren gogoetak partekatzera.

Jardunaldiaren hasieran, Valentziako Unibertsitateko Zientzia Politiko eta Administrazioko katedradun Pablo Oñatek hartu du hitza, eta demokraziaren etorkizunari buruzko hitzaldia eman du. Ondoren, Xabier Retegiren txanda izan da, Mondragon Unibertsitateko errektore eta Eusko Ikaskuntzako ohorezko presidente ohiarena, "Nola landu Euskal Herriko eraikuntza komunitarioa?" galderari erantzun dio.

Jardunaldiaren bigarren blokea mahai-inguru batekin hasi da: "Identitatea, komunitatea eta demokrazia. Nola uztartu konplexutasuna eta demokrazia Euskal Herrian". Honako hauek hartuko dute parte: Patxi Juaristi, EHUko Politika eta Administrazio Zientzia Saileko irakasle titularra; Lorea Agirre, Jakin aldizkariko zuzendaria, eta Andoni Eizagirre, Mondragon Unibertsitateko ikertzailea eta kooperatibismoan eta gizarte-berrikuntzan aditua. Jardunaldia amaitzeko, Erakundeen eta herritarren arteko kontratu sozial berri bat hitzaldia eskaini du Ainhoa Novok, federalismoan eta genero-azterlanetan espezializatutako EHUko irakasle eta ikerlariak.

  

2158