Foru Aldundiak 2025eko Boluntariotza Saria Arrats elkarteko Txiki Txoko proiektuari emango dio, ama bakarra diren emakume migratzaileei laguntzeko egindako lan komunitarioagatik
Foru Aldundiak 2025eko Boluntariotza Saria Arrats elkarteko Txiki Txoko proiektuari emango dio, ama bakarra diren emakume migratzaileei laguntzeko egindako lan komunitarioagatik
Foru Aldundiak 2025eko Boluntariotza Saria Arrats elkarteko Txiki Txoko proiektuari emango dio, ama bakarra diren emakume migratzaileei laguntzeko egindako lan komunitarioagatik
21 urteko ibilbidea du proiektuak, eta gaur egun 39 boluntariorekin lan egiten du. Azken urtean, 1.376 laguntza-ekintza burutu dituzte, eta 265 emakume, haur eta neraberi arreta eman diete. Gipuzkoan haurrak integratzeko eta babesteko prozesuei eusten dien sare sendo eta aktiboa da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du Gipuzkoa Boluntariotza Saria 2025 Arrats elkartearen Txiki Txoko proiektuari emango diola. 21 urteko ibilbidea duen programa komunitario honek migrazio-prozesuetan dauden emakumeen —bereziki familia monomarentalen— inklusioa, ahalduntze pertsonala eta kontziliazioa sustatzen ditu.
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, Txiki Txokoko boluntarioei aurrez aurre eman nahi izan die sariaren berri eta, elkarrekin izandako topaketaren ondoren euren ekarpen eskuzabala “zoriondu eta errekonozitu” nahi izan du publikoki. “Gipuzkoarron komunitate sena eta indarra erakusten du zuen eguneroko lanak”, berretsi du, eta nabarmendu du boluntario taldeko kideak “emakumezkoak” direla, horietako asko “jubilatuta” daudenak. “Ederra da ikustea zuen goxotasuna eta borondatea, gainerako emakumeei eta haien haurrei babesa eta laguntza eskaintzeko ematen duzuen guztia”, azpimarratu du.
“Txiki Txokoren bitartez, hainbat eta hainbat emakume etorkinek komunitatearen babesa jasotzen dute. Gehienak ama monomarentalak dira eta, boluntarioei esker, haurtzaroko zaintza garai gorabeheratsu horietan, akonpainamendua eta beren kontziliazio beharrak betetzeko laguntza jasotzen dute. Horri esker, komunitate loturak eta harremanak indartzen dituzte, haurtzaroaren babesa bermatzen dute eta emakumeen aukera berdintasuna sustatzen dute”, balioa eman dio diputatu nagusiak.
1.376 laguntza-ekintza urtebetean
Proiektuak gaur egun 39 boluntario ditu, gehienak emakumeak eta azken urtean 1.376 laguntza-ekintza burutu dituzte, ekintza bakoitza bost orduko akonpainamenduari dagokiona. Txiki Txokok 265 erabiltzaile artatu ditu, horien artean 100 emakume, 78 neskato eta 87 mutiko. Ekimena laguntza komunitarioko sare gisa egituratzen da, eta laguntza emozionala, instrumentala eta soziala eskaintzen du, harreman sendoak sustatuz harrera-gizartearen eta bazterketa-arriskuan dauden emakumeen artean. Boluntario taldea, adin eta jatorri desberdinekoa, astero inplikatzen da kontziliazio-lanetan, haurren zaintzan, harreran, parte hartzean, aisialdi-jardueretan eta talde espazioen dinamizazioan.
Gainera, proiektua sendotu egin da talde egonkor bati eta erabiltzaile diren zenbait amaren parte-hartze gero eta handiagoari esker. Izan ere, duela bi urtetik hona, boluntario gisa ere jarduten baitute ekintzak kudeatzen eta prestatzen. Elkarteak oso positibotzat jo duen inplikazio horrek indartu egiten du ekimenaren izaera komunitarioa eta eraldatzailea.
Boluntariotza Saria 2025
Sariaren banaketa-ekitaldia abenduaren 5ean, ostirala, 13:00etan, Tabakalerako Prisma espazioan egingo da. XXXII. edizioan, Gipuzkoako Boluntariotza Sariak komunitate-lanarekin eta boluntariotza sustatzeari lotutako pertsona eta gizarte-erakundeen lana azpimarratuko du berriz ere. Aitortzaz gain, saritutako erakundeak 2.500 euroko ekarpen ekonomikoa jasoko du.
Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak adierazi du sari hau funtsezko tresna dela milaka boluntariok Gipuzkoan egiten duten lan balio ezina ikusarazteko. Azpimarratu du lurraldean 40.800 pertsona baino gehiagok bideratzen dutela euren denbora jarduera solidarioetara, komunitate-indarraren eta herritarren konpromiso sozialaren adierazle gisa. Era berean, gizarte entitateek gizarte bidezkoago, kohesionatuago eta solidarioago baterantz aurrera egiteko duten funtsezko zeregina azpimarratu du, eta Foru Aldundiak horiei irmo laguntzen jarraitzeko duen konpromisoa berretsi du.
Gipuzkoako Boluntariotza Sariak 31 urte betetzen ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuenetik, lurraldeko Hirugarren Sektore Sozialaren konpromisoa aitortu eta eskertzeko helburuarekin. 2002tik honakoak izan dira sarituak: Nagusilan, Hijas de la Caridad, DEE, CERMI, Gipuzkoako Espetxe Pastoraltza, Juan María Garitano, Izan Fundazioa – Gizakia Helburua, Behar Bidasoa, DYA Gipuzkoa, Gipuzkoako Itxaropen Telefonoa, Laringektomizatuen Elkartea, Odol-emaleak, Koldo Aulestia, Gipuzkoako Janari Bankua, Hurkoa, Atzegiko boluntarioak, Jose Mari Soroa, Charo Martinez Lascurain, Begisare, Kemen, ATECE, Aspace eta Algaraklown.
1919