Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gaur hasi dira Udalekuak eta Gazte Oporraldiak udako programak, Gipuzkoako 1.381 adingabe hartuko dituztenak

Gaur hasi dira Udalekuak eta Gazte Oporraldiak udako programak, Gipuzkoako 1.381 adingabe hartuko dituztenak

Goizane Álvarez Kultura eta Gazteria diputatuak azpimarratu duenez, programa horiek «funtsezkoak dira gazteei garapen pertsonal eta kolektiborako espazio bat ematen jarraitzeko, euskararen erabilera, errespetuzko bizikidetza eta genero-berdintasuna sustatzeko».

2025/07/01
Gazteria

 

Udalekuak eta Gazte Oporraldien udako programak gaur hasiko dira.  Programa hauetan plaza bat lortu zuten 1.381 neska mutil gipuzkoarretatik, 402ek gaur hasiko dituzte oporrak. Zehazki, 307 dira Udalekuak programaz gozatuko duten 7 eta 13 urte bitarteko adingabeak, eta 95 14 eta 17 urte bitarteko gazte oporraldiak.

Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria diputatuak adierazi duenez, lehen txanda honetan, "goizeko 08:30etik 11:00etara, sei txandetan, guztira 18 autobus abiatu dira 20 leku ezberdinetara: 14 euskal lurraldeetan banatuta, eta beste sei Valentzia, Gaztela-Mantxa, Huesca edo Nafarrora".

Alvarezek azpimarratu duenez, "gaur ilusio handiko eguna da Gipuzkoako ehunka haur eta gazterentzat, eta egun ahaztezinez gozatuko dute, jardueraz, naturaz eta lagun berriak eginez. Baina dibertitzeko gunea izateaz gain, programa horiek funtsezko balioak sustatzen dituzte, hala nola autonomia, bizikidetza, euskara, berdintasuna edo garapen pertsonal eta kolektiboa".  

Goizane Álvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria diputatuak adierazi duenez, «bi programek hiru hamarkada inguru daramatzate garatzen, eta Gipuzkoako milaka gaztek gozatu dute ekimen horretaz. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu adingabeei garapen pertsonal eta kolektiborako espazio bat ematen jarraitzea, euskararen erabilera, errespetuzko bizikidetza eta genero-berdintasuna sustatzek».

Arabako eta Bizkaiko foru-aldundiekin lankidetzan, Udalekuak programarako 4.112 plaza eskaintzen dira hiru lurraldeetan. Zehazki, Gipuzkoak 1.010 plaza eskaintzen ditu (970 euskal eskaintza orokorrean, eta 40 Gipuzkoako parte-hartzaileei soilik); Arabak 1.628 eta Bizkaiak 1.514. Programa horretara sartzen diren haurrak 7-13 urte bitartekoak dira, eta hiru azpitaldetan banatzen dira: 7-8 urte, 9-11 urte eta 12-13 urte. Jarduerak 7 eguneko txandetan egingo dira, 2025eko uztailaren 1etik 29ra bitartean.

Hala, 15 instalazio eskaintzen dira.

  • Gipuzkoan: Txurruka (Orio); Zarautz; Juan Sebastian Elcano (Hondarribia); Abaraxka (Azkoitia); Irisarriland (Igantzi – Nafarroa).
  • Araban: Zuhatza (Vitoria-Gasteiz); Barria (Barria Narvaja); Espejo.
  • Bizkaian: Zugaztieta (Trapagaran); Gorliz; Lurraska (Ajangiz); Meakaur (Morga); Lapurreketa (Dima); Kattalin (Legasa-Nafarroa) eta Orozko.

Bestalde, Gazte oporraldiak programak 371 plaza eskaintzen ditu Gipuzkoako 14-17 urteko gazteentzat. Horiek 7, 10, 11 eta 12 eguneko opor-txandak hartuko dituzte uztailaren 1etik abuztuaren 7ra bitartean.

Guztira 15 jarduera eskaintzen dira: 10 euskaraz (269 plaza) eta 5 gaztelaniaz (102). Programa honekin egin ohi den bezala, trukea egiten da beste lurralde eta autonomia-erkidego batzuekin: eskaintzen diren jardueretatik 12 (256 plaza) Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon, Aragoi eta Madrilgo autonomia-erkidegoekin koordinatuta egingo dira, bai eta Nafarroako Foru Komunitatearekin eta Arabako Aldundiarekin ere.

Aurten era askotako jarduerak proposatzen dira: arroilen jaitsiera, raftinga eta via ferratak Nafarroako Baztanen edo Alquézar-en, Aragoiko Pirinioetan; abentura anitzeko eta naturako jarduerak Navarredondan, Gaztela eta Leonen edo Condemiosen Gaztela-Mantxan; jarduerak kostaldetik gertu Pilesen eta Benicassimen, Valentzian; eta uretako jarduerak Rascafrían, Madrilen eta Zuhatzan, Araban. Era berean, nabarmentzekoa da Gipuzkoako Foru Aldundiaren aterpetxeetako eskaintza, Zarautzen surf-udalekuak dituena, eta Orioko aterpetxeko udalekua, piraguez, urpekaritzaz eta Paddle surfez gozatzeko aukera emango duena.

Bestalde, beren sormena eta sen artistikoa landu nahi duten gazteek beste erkidego batzuetako gazteekin batera (Araba, Madril, Gaztela-Mantxa eta Galizia) Gasteizen egingo den "Gazte Rock" musikaren inguruko udalekuan parte hartuko dute. Era berean, Hondarribian egingo diren eta arte eszenikoen inguruan izango diren udalekuez gozatuko dute.

Foru Aldundian horrelako esperientzien aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, gure gazteak hazten laguntzen baitute, eta hainbeste familiak baloratzen baitituzte urtez urte. Abenturaz eta oroitzapen onez beteriko uda opa diegu guztioi ", amaitu du Alvarezek.

  

3514