Gipuzkoak bere industriaren sendotasuna agerian utzi du EMO Hannover 2025 azokan, berrikuntza eta lidergoa erakutsi dituzten 20 enpresarekin
Gipuzkoak bere industriaren sendotasuna agerian utzi du EMO Hannover 2025 azokan, berrikuntza eta lidergoa erakutsi dituzten 20 enpresarekin
Gipuzkoak bere industriaren sendotasuna agerian utzi du EMO Hannover 2025 azokan, berrikuntza eta lidergoa erakutsi dituzten 20 enpresarekin
“Funtsezkoa da gure enpresen lehiakortasuna babestea, inoiz baino gehiago”, adierazi du Eider Mendoza diputatu nagusiak, eta azpimarratu du makina-erremintaren sektoreak paper gakoa duela Gipuzkoaren ekonomian eta ongizatean.

Eider Mendoza diputatu nagusiak EMO Hannover 2025 azokan parte hartzen duten Gipuzkoako 20 enpresei babes instituzionala adierazi die gaur. Fabrikazio aurreratuko nazioarteko azoka garrantzitsu hau irailaren 22tik 26ra egingo da Alemanian, eta mundu guztiko 1.500 konpainia biltzen ditu.
Mendozarekin batera izan dira Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua, Amaia Arregi Ekonomia Sustapeneko zuzendaria eta Jon Gurrutxaga Berrikuntzako zuzendaria. Foru-ordezkaritza Hannoverrera joan da, AFM klusterreko arduradunen eskutik, sektoreak duen babes instituzionala erakusteko eta Gipuzkoako enpresekin zuzeneko bilerak egiteko. Topaketa horren bidez, foru arduradunek sektoreko enpresekin harremanak sendotu eta zuzenean ezagutu nahi izan dute gaur egungo testuinguru ekonomikoari nola egiten dioten aurre, Europako merkatuaren geldialdiak, AEBetako muga-zergek eta gero eta handiagoak diren tentsio geopolitikoek baldintzatutako testuingurua hain zuzen.
Agenda estua izan dute egun osoan, sakon ezagutu ahal izateko sektorearen testuingurua eta, azokan parte hartzen duten enpresekin harreman zuzena izateko. Goizean, lan bilera bat izan dute AFM klusterreko ordezkariekin, sektorearen egungo egoera eta lankidetzan jarduteko aukerak aztertzeko. Ondoren, Gipuzkoako enpresak bisitatu dituzte, goizez nahiz arratsaldez, haien produktu eta prozesuak bertatik bertara ezagutu ahal izateko.
EMO Hannover azokak fabrikazio-teknologien munduko erreferentziazko azoken artean duen posizioa indartu du aurten ere, industriaren nazioarteko topaketarik handiena izan baita 2025ean. Aurten, ekonomia mugitzen duen sektore nagusienetarako azken berrikuntzak aurkeztu dituzte, baita kontsumorako produktuak ere. Sektore horien artean daude automozioa, aeroespazioa, trenak, energia, doitasunezko ingeniaritza eta elektronika, ingeniaritza biomedikoa, ingeniaritza mekanikoa eta ekipamendu ondasunak.
Azokan parte hartzen duten Gipuzkoako 20 enpresek 2.729 m²-ko erakusketa azalera dute. Besteak beste, hauek izan dira sektoreko erreferentziazko konpainiak: Fagor Automation, Korta, Soraluce, Danobat, Alteyco, Arralbe, Bost, Etxetar, Geminis Lathes, Ger Máquinas Herramientas, Gurutzpe, Hepyc, Ibarmia, Lagun Machine Tools, Mosnik, Mrodin, MTE, Tecnifuelle eta Doimak. Horiek guztiek, AFM klusterrarekin batera, Gipuzkoako industriaren sendotasuna eta berrikuntza erakutsi dituzte.
Gipuzkoakoak izan dira azokako euskal enpresa guztien % 66, eta horrek agerian uzten du lurraldean pisu espezifiko nabarmena duela makina-erremintaren sektoreak eta paper gakoa duela lurraldeko industrian.
Euskadiri dagokionez, sektorea nazioarteko erreferente nagusietakoa da: Europar Batasuneko hirugarren ekoizlerik handiena eta munduko bederatzigarrena da, bai ekoizpen-bolumenari dagokionez, baita gaitasun teknologikoari dagokionez ere.
Eider Mendoza diputatu nagusiak honako hau azpimarratu du: “Gipuzkoako makina-erremintari, gure industriaren benetako aitzindariari, gure babesa emateaz gain, hitzordu hau baliatu nahi izan dugu gure enpresak zuzenean entzuteko eta sektorearen egoera benetan ezagutzeko. Egungo ezegonkortasun une honetan, gure esku dagoen guztian laguntzen jarraitu nahi dugu, digitalizazioak, automatizazioak, jasangarritasunak eta ziurgabetasunak markatutako testuinguru honetan aurre egin beharreko erronketan. Inoiz baino gehiago, funtsezkoa da makina-erremintatik eta haren errealitatetik hurbil egotea, gure enpresen lehiakortasuna babesteko, horiek baitira gure ekonomiaren muina eta, azken batean, baita gure ongizatearena ere”.
Ezegonkortasun geopolitikoa eta merkataritzarako oztopoen gorakada nagusi diren nazioarteko testuinguru honetan, Gipuzkoak sendotu du bere internazionalizaziorako estrategia, funtsezkoa baita arriskuei aurre hartu, merkatuak dibertsifikatu eta bere sare ekonomikoaren erresilientzia indartzeko. EMO Hannover azoka bezalako mundu mailako erreferenteetan parte hartzeak laguntzen du lurraldeak industrian duen posizionamendua sendotzen eta mundu mailako presentzia indartzen.
2146