Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoak eta Kanadak harremanak estutu dituzte, etorkizuneko lankidetza bide berriak jorratuz

Gipuzkoak eta Kanadak harremanak estutu dituzte, etorkizuneko lankidetza bide berriak jorratuz

Eider Mendoza diputatu nagusiak lan bilera egin du gaur Kanadako ordezkaritza batekin; Kanadako lehen ministroaren Europarako ordezkari berezia, Stephane Dion, izan da kanadiar delegazioaren buru

Gipuzkoako Foru Aldundia

Eider Mendoza diputatu nagusiak lan bilera izan du gaur goizean Kanadako delegazio batekin, lehen ministro kanadiarraren Europarako ordezkari berezi Stephane Dion buru zuela, Gipuzkoako lurralde historikoaren eta Ipar Amerikako herrialdearen arteko harremanak estutzeko eta, bereziki ekonomiaren alorrean, etorkizuneko lankidetza bide berriak aztertu asmoz. Kanadako enbaxadore Jeffrey Marder-ek, Ekonomia Sustapenerako eta Proiektu Estrategikoetarako foru diputatu Unai Anduezak eta Kanpo Ekintzako eta Euskadi Globaleko idazkari nagusi Ander Caballerok ere parte hartu dute.

Foru jauregiko ohorezko sarreran egindako harreren ondoren, bilera Aldundiko Kontseiluaren aretoan egin dute. Kanadako ordezkaritzaren partaide izan dira, baita ere, Wanita Stone, Red Bayko alkateordea; Stephen Augustine, Mi 'kmaq Gran Council komunitateko burua; eta Michael Di Santo, Kanada-Espainia Merkataritza Ganberako zuzendaria, besteak beste.

Diputatu nagusiak azaldu duenez, aukera “ezinhobea” dugu “etorkizunera begira” gure lurraldearen eta Kanadaren arteko “harreman eta lankidetza bideak lantzeko”. Bereziki “alor ekonomikoan” jarri du azpimarra, merkatuen egungo ziurgabetasun egoeran, “garrantzia berezia” izan baitezake Europaren eta Kanadaren arteko harreman ekonomikoak indartzea. Horregatik guztiagatik, Aldundiak Ipar Amerikako herrialde honekin “elkarlaneko esparru berriak” jorratzeko duen "konpromisoa" berretsi du.

Mendozak adibide gisa gogorarazi du Kanadako Creative Destruction Lab (CDL) programa iritsi berri dela Donostiara, Europako lehen nodoa Gipuzkoan ezarrita, hasierako faseetan dauden eta eskalagarritasun-potentzial handia duten oinarri zientifiko-teknologikoko enpresak bizkortzeko. Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko diputatuak berak parte hartu du aste honetan Calgaryko Unibertsitatean, CDL Quantum Global Stream-en lehen saioan. Era berean, Aldundian egindako bileraren ondoren, Kanadako ordezkaritzak Multiverse enpresa bisitatu du, teknologia kuantikoetan erreferentea.

  

2100