Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoak “jauzia egin du anbizioan”, industria berrikuntza sustatzen eta pertsona guztien ongizatea zaintzen dituen lurralde gisa

Gipuzkoak “jauzia egin du anbizioan”, industria berrikuntza sustatzen eta pertsona guztien ongizatea zaintzen dituen lurralde gisa

Foru Gobernuak legegintzaldi erdiko balantzea egin du eta, nabarmendu duenez, sustraiko eraldaketek sortzen dituzten “aukerak baliatzea” ahalbidetuko duten proiektu eraldatzaileen ernetze eta gauzatzea ari da ematen lurraldean. Eider Mendoza Larrañaga: “Gobernu honek lankidetza trakzionatzen du Gipuzkoan; akordioen legealdia izaten ari da”. José Ignacio Asensio: “Legealdiari desafio batekin ekin genion: pluraltasunetik gobernatzea posible dela frogatu nahi genuen eta gaur irmoki esan dezakegu lortzen ari garela”.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Eider Mendoza Larrañaga diputatu nagusiak eta Jose Ignacio Asensiok, diputatu nagusiorde eta Jasangarritasuneko diputatuak, legegintzaldiko erdiko balantzea partekatu dute gaur goizean, Mendozak berak foru erakundearen gidaritza hartu zuenetik bi urte bete direnean. “Ongizatearen alde egindako aurrerapen esanguratsuak” azpimarratu ditu eta, “garaiko eraldaketa handien” testuinguruan, sortzen ari diren “aukerei aurrea hartzeko eta baliatzeko” proiektu eraldatzaileen “gauzatze eta ernetzea” nabarmendu dute. Azken 24 hilabeteetan lurraldeak “anbizioan eman duen jauzia” azpimarratu dute, “pertsona guztien ongizate integrala zaintzen duen lurralde industrial berritzaile gisa”.

Komunikabideekin izan duten topaketan, Mendoza diputatu nagusiak gogorarazi du legegintzaldiaren hasieran hitza eman zuela bere jardunak ezaugarri izango zituela “begirada epe luzean” jartzea, “sozialki aurrerakoia” eta “ekonomiaren ikuspegitik, berritzailea” izatea, eta gauzak egiteko moduan, berriz, “gertukoa”. “Bi urte pasa diren honetan, esan dezakegu hitza bete dugula. Testuinguru globala oso ezegonkorra eta ziurgabea izan arren, Gipuzkoak ongizatean hazten jarraitzen du. Anbizioan jauzi bat eman du lurraldeak: industriaren berrikuntza sustatzeko gaitasunetan, zaintza eredu berritzaile baten garapenean… Horretan ari gara, oztopo guztien gainetik”, azaldu du.

Ildo horretan, diputatu nagusiak balioa eman dio Aldundiak lurraldean lankidetza “trakzionatzen” egiten ari den ekarpenari. “Akordioen legegintzaldia izaten ari da”, aipatu du, 2025eko aurrekontuak PP alderdiarekin adostu izana eta zerga erreforma Elkarrekin Podemosekin onartzea adibide modura gogoraraziz. “Aitzindari diren proiektuak aktibatzen eta indartzen ari gara, bai alor sozialean bai ekonomikoan”, esan du, MUBIL mugikortasun iraunkorreko zentroaren martxan jartzea, IBMren System Two ordenagailu kuantikoaren instalazio hurbila eta zaintza ekosistemen zabalkundea aipatuz. “Ekimen horiek ekarpen nabarmena egingo dute gipuzkoarren ongizatean, bizi eta lan aukerak sortuz”, gehitu du.

Gipuzkoako egoera ekonomiko orokor “positiboaren” eta “lorpen kolektiboen” aurrean, diputatu nagusiak ohartarazi du “autokonplazentzian ez erortzea” eta “norabidea mantentzea” ezinbestekoa dela, gure industria “lehiakorra” izaten jarraitzeko, geroan ere herritarren “ongizatea eta zaintza” bermatzeko eta gizarteak gaur egun aurre egin behar dien erronka berriei “modu berritzailean” erantzuteko. Beti ere, “lurralde osoaren ikuspegitik” jardunez, zehaztu du.

“Legealdiari desafio batekin ekin genion duela bi urte: pluraltasunetik gobernatzea posible dela frogatu nahi genuen eta gaur irmoki esan dezakegu lortzen ari garela. Ideologikoki urrun dauden alderdien artean akordio historikoak lortu ditugu, eta hori posible da interes komuna aurretik jartzen denean. Horren adibide dira aurrekontuak Alderdi Popularrarekin adostea edo zerga erreforma Podemosekin lantzea”, adierazi du Asensiok.

Jasangarritasuneko departamentutik, Asensiok gaineratu duenez, “hitzekin ez ezik ekintzekin ere frogatu dugu akordioetara iristeko gaitasuna dugula”, hala nola kostaldeko udalekin 2027ra arte hondartzen kudeaketa integralerako hitzarmena lortzea edo GHKren tarifak aho batez onartzea. “Sakonak diren akordioak dira, herritarren ongizatea lehenesten dute beste edozein interesen gainetik. Gipuzkoak benetako irtenbideak eskatzen ditu eta gobernu honek anbizioz, arduraz eta etorkizuneko ikuspegiz erantzuten ari da”, baieztatu du.

Lau zutabe estrategiko

Mendozak eta Asensiok elkarrekin aurkeztu dituzte legegintzaldiaren lehen erdian lortutako aurrerapenak, 2023-2027 Plan Estrategikoan planteatutako lau ardatz estrategikotan banatuta. Lehenengoak bilatzen du sortzea ongizatera bideratutako ekonomia, lehiakorra eta berritzailea, aukerak sortzen dituena. Ardatz honetan, honako hauek nabarmendu dituzte: MUBIL zentroaren inaugurazioa, Europako mugikortasun jasangarriko proba eta berrikuntza gune garrantzitsuena bilakatuz; udazkenean IBMren System Two ordenagailu kuantikoaren instalazioa; Gipuzkoako Parke Teknologikoaren hedapena Ilunbera, non Columbus enpresak bioteknologiarekin loturiko berrikuntza poloa sendotuko duen; DeepTech edota mugako teknologietan ekintzailetasuna bultzatzeko Kutxa Fundazioarekin sinatutako akordioa, 5 milioi euroko aurrekontuarekin; urtean 700 lanpostu sortzen dituen Elkar Ekin Lanean programa sendotzea, bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzat; eta, gure industriaren lehiakortasuna sustatzeko, 39 programatan banatutako 31 milioi euroko laguntzak.

Jasangarritasunari lotutako ardatz estrategikoaren jomuga da lurralde berde, erresiliente, orekatu, kohesionatu eta konektatua garatzea. Atal honetan foru gobernuak nabarmendu ditu hainbat ekimen, hala nola, Zubietako Berrerabilpenerako Prestaketa Zentroaren eraikuntza proiektua aktibatzea —hondakinen berrerabilpen tasa igotzea du helburu—; Gipuzkoako udalerrien %70ean energia komunitateak sortzea; Lurraldebus zerbitzuaren indartzea eta 2024an lortutako marka historikoa, 28,8 milioi bidaiarekin; Baserritar-Misto-Profesionala izeneko ekimena, baserrietan belaunaldi erreleboa modu berritzailean sustatzeko; eta Basotik fundazioaren abiaraztea, jada 1.000 hektarea baso baino gehiago modu jasangarrian kudeatzen dituena Gipuzkoan.

Hirugarren ardatza da komunitate demokratiko, arduratsu, iraunkor eta bizia eraikitzea. Zutabe estrategiko honetan kokatzen dira, kasu, mila urte bete dituen “Gipuzkoa” hitzaren inguruko ekimenaren barruan, komunitate balioak sendotzeko eta komunitatea indartzeko lurralde estrategia sortzeko lanak; Badalab eta euskaltzaleen Taupa mugimenduarekin batera, Gipuzkoa Arigune ekimena jarri dute abian, euskararen erabilera sustatzeko; halaber, IV. Berdintasun Plana diseinatu eta onartu da, eta kultura demokratikoaren ikuspegitik, frankismo garaian emakumeek jasandako errepresioari buruzko ikerketa eta liburu baten argitalpena bultzatu dute. Ezin aipatu gabe utzi Koldo Mitxelena kulturgunearen berritze lanetan emandako aurrera pausoak.

Laugarren ardatzean, ongizatea, osasuna, babesa eta pertsonen berdintasunari dagokionean, foru gobernuak nazioarteko aitortza jaso duen Zaintza Herrilab ekimena nabarmendu du, zeinak dagoeneko 18 udalerritan tokiko zaintza ekosistemak sortzea ahalbidetu duen. Halaber, Pasaia, Irun eta Elgoibarren egoitza berrien eraikuntzarako emandako pausoak aipatu dituzte; Donostian eta Arrasaten sexu indarkeriaren aurkako arreta integralerako bi zentro –Hariberria– ireki izana; gaixotasun mentalak dituzten pertsonentzako 68 plaza berri irekitzea; gazteen ongizate mental eta emozionala indartzea helburu duten elkarlan proiektuak babesteko laguntza deialdi berria; eta etxebizitza erosteko edo alokatzeko desgrabazio fiskalak 36 urtera arte luzatu izana.

Lankidetza eta autoexijentzia

Etorkizunari begira, diputatu nagusiak azaldu du gobernu foralak gainerako erakunde, gizarte eragile eta lurraldeko eragile ekonomikoekin lankidetzan jarraitzeko borondatea duela, “autoexijentzia eta berrikuntzan oinarrituta, etengabeko akordioen bila”. Ildo horretan, azaldu du foru erakundeak gizarte politiketan inbertsioak sendotuko dituela, gero eta luzeagoa izango den gizarte batean kalitatezko zaintzak etorkizunean ere bermatzeko. Gizarte erronka berriek lehentasuna izango dute, baita ere: osasun mentalerako plan bat aktibatuko da, gazteen arteko nahi gabeko bakardadearen azterketa abiatuko da eta udalerri txikien egoeraren azterketa bat sustatuko da, komunitatearentzat topaleku eta lotura-gune gisa duten zeregina indartzeko helburuarekin.

Era berean, Gipuzkoako industriaren lehiakortasuna babesteko eta garatzeko asmoz, foru gobernuak iragarri du mugikortasun jasangarriaren eta teknologia kuantikoen potentziala ETEetara zabaltzeko ekimen berriak jarriko dituela abian; Gipuzkoako Parke Teknologikoa Bidasoa eskualdera hedatzeko urrats berriak emango direla; eta lurraldeko industria ikuspegitik garrantzia berezia duten industria poligonoen aldeko apustua sendotuko dela. Azkenik, proiektu horiek guztiak osatuko dira, besteak beste, udalerri txikietan etxebizitza eskaintza sustatzeko ekimen batekin eta Gipuzkoako errepideen sarearen zenbait puntu giltzarriri begira: Bidasoa eskualdeko mugikortasun arazoei aurre egiteko plana aktibatuko da eta N-I eta A-15 artean Andoainen dagoen lotura berritzeko proiektua gauzatuko da.

  

3190