Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoak lanbide-heziketaren aldeko apustua egiten du, trantsizio ekologikoaren motor gisa, 50.000 euroko akordio batekin

Gipuzkoak lanbide-heziketaren aldeko apustua egiten du, trantsizio ekologikoaren motor gisa, 50.000 euroko akordio batekin

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentua eta Usurbilgo Lanbide Eskola hitzarmena sinatu dute gazteak jasangarritasunean prestatzeko.

2025/05/14
Usurbilgo Lanbide Eskola

Akordio horri esker, hezkuntza-jarduerak, tailer praktikoak eta proiektu pilotuak garatu ahal izango dira, ikasleei Gipuzkoako trantsizio berdearen erronkak eta aukerak hurbiltzeko.

José Ignacio Asensio: "Jasangarritasunak ekosistema osoaren konpromisoa eskatzen du, eta Lanbide Heziketa funtsezkoa da trantsizio ekologiko praktiko eta berritzailea bultzatzeko gai diren profil teknikoak eratzeko".

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Usurbilgo Lanbide Eskolak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, eredu sozioekonomiko jasangarriagoa eta erresilienteagoa eraikitzeko eta Lanbide Heziketako ikasleen artean ingurumen-prestakuntza eta -sentsibilizazioa sustatzeko. José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak eta Isidro Zaldua Usurbilgo Lanbide Eskolako zuzendariak parte hartu dute akordio hori sinatzen.

Akordioak, hasiera batean lau urteko iraupenarekin, jasangarritasun-printzipioak eskolaren hezkuntza-jardueran integratu nahi ditu, eta ikasleen parte-hartze aktiboa sustatu trantsizio ekologikoarekin, ekonomia zirkularrarekin, energia berriztagarriekin eta klima-aldaketara egokitzearekin lotutako ekimenetan. Jarduera horiek guztiak garatzeko, Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 50.000 euro bideratuko ditu guztira.

Aurreikusitako ekintzen artean, tailer praktikoak, bisita teknikoak, berrikuntza aplikatuko proiektuak eta tokiko jasangarritasun-ekimenetako lankidetza daude. Era berean, inguruko erakundeekin batera lan egitea sustatuko da, lurraldearen benetako erronkei lotutako ikaskuntza-ekosistema bat sortzeko.

Talentu berdea bultzatzea

Hitzarmenaren helburua lankidetza-esparru egonkor bat ezartzea da, ekonomia zirkularraren, ekodiseinuaren, ikerketa aplikatuaren eta konpetentzia berdeen arloko prestakuntzaren esparruan baterako proiektuak garatu ahal izateko. Akordioan jasotako lan-ildoen artean, nabarmentzekoak dira esperimentazio-jarduerak bultzatzea, prototipoak garatzea, ekintzailetza berdea sustatzea eta lurraldearen benetako erronkak konpontzera bideratutako praktikak eta ikerketak egitea.

Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok adierazi duenez, “jasangarritasunaren erronkak ekosistemako eragile guztien konpromisoa eta inplikazioa behar ditu, eta lanbide-heziketak funtsezko zeregina du eraldaketa horretan”. Era berean, Asensiok azpimarratu duenez, “trantsizio ekologikoaren erronkei ikuspegi praktiko, aplikatu eta berritzaile batetik heltzeko gaitutako profil teknikoak prestatu behar dira”.

Abian dauden proiektuak bisitatzea

Hitzarmena sinatu ondoren, diputatuak eskoako instalazioak bisitatu ditu, eta bertatik bertara ezagutu ahal izan ditu Usurbilgo Lanbide Eskola jasangarritasunaren arloan garatzen ari den proiektuak. Ibilbidean, irakasle taldearekin eta ikasleekin iritziak trukatu ahal izan ditu, eta oso positiboki baloratu du eskolak berrikuntzarekin eta garapen jasangarriarekin duen konpromisoa.

Gaur sinatutako akordioa bat dator Jasangarritasun Departamentua berrikuntza-ekosistemako hainbat prestakuntza-zentro, unibertsitate eta erakunderekin bultzatzen ari den antzeko beste hitzarmen batzuekin, garapen-eredu bidezko eta inklusibo baterantz aurrera egiteko, ingurune naturalarekin orekatuta.

Trantsizio ekosozialerako estrategia partekatua

Hitzarmen hau bat dator Jasangarritasun Departamentuaren estrategiarekin, funtsezko sektoreetan eraldaketa-palankak aktibatzeko eta ekonomia zirkularraren inguruan lankidetza-sare sendo bat eraikitzeko. Testuinguru horretan, lanbide-heziketa eragile estrategiko bihurtzen da belaunaldi berriak zaintzaren, eraginkortasunaren eta berroneratzearen kulturan gaitzeko.

  

3781