Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoako Batzar Nagusiek Ekonomia Ituneko aldaketak, eta bankuen zerga eta talde nazional eta multinazional handien gutxieneko tributazioa onartu dute

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Ekonomia Ituneko aldaketak, eta bankuen zerga eta talde nazional eta multinazional handien gutxieneko tributazioa onartu dute

Gipuzkoa da hiru Foru Arau hauek onartzen dituen lehen lurraldea, onarpen honekin urrats esanguratsua eman da lurraldeko autogobernu ekonomikoan. Talde multinazional eta nazionalen zerga osagarriaren onarpenarekin, gainera, Gipuzkoak beste pauso bat eman du nazioarteko fiskalitatearen esparruaren integrazioan.

2025/11/18
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Batzar Nagusiek beste urrats bat eman dute gaur autogobernuaren arloan, hiru foru arau berri onartuz, hala nola: Ekonomia Itunaren aldaketak; talde nazional eta multinazionalen mozkinen % 15eko gutxieneko tributazio zerga osagarria; eta zenbait finantza erakunderen interes marjinaren eta komisioen gaineko zerga osagarria. Foru Arau horien onarpena 2024ko urte bukaeran Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan lortutako akordioen ondorio da. Batzar Nagusietan neurri hauek onartuta, Gipuzkoa EAEko lehen lurralde historikoa bihurtu da duela urtebete hasitako prozedura amaitu duena.

Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako foru diputatua pozik agertu da “neurri horiek onartzeak zerga arloko autogobernuan aurrera egitea dakarrelako, honek autonomia ematen baitigu zergak arautu eta biltzeko orduan”. Era berean, enpresa nazionalen eta multinazionalen mozkinen %15ko gutxieneko tributazio zerga osagarriari erreferentzia eginez, Agirrek gaineratu du “arau hori onartzea, mugarri berri bat da Gipuzkoa nazioarteko fiskalitatearen esparruan integratzeko”.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga araudia Ekonomia Itunaren aldaketetara egokitzeko Foru Araua

Foru Arau honen bidez hainbat aldaketa sartzen dira zerga itunduei dagokienez, bai araudi autonomokoak direnei dagokienez, bai Estatuko arau substantibo eta formal berberek arautu behar dituztenei dagokienez.

Sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren kasuan, aplikatu beharreko araudia, ikuskatzeko eskumena eta zergen ordainarazpena zehazteko kontuan hartu beharreko eragiketen bolumena 10 milioitik 12 milioira igo da. Balio erantsiaren gaineko zergan ere aldaketa bera egin da eragiketa bolumenaren ordainarazpenari eta ikuskapenari dagokienez.

Ez-egoiliarren errentaren gaineko tributuaren kasuan, tributuaren ituna aldatzen da eta araudi autonomoko zerga bihurtzen da establezimendu iraunkorra duten ez-egoiliarrentzat, eta ituntze arau bereziak ezartzen dira establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentak zergapetzen diren kasuetarako.

Aipatutako aldaketez gain onartutako foru arauak amiantoaren biktimentzako konpentsazio ekonomikoetatik eratorritako errenta PFEZean salbuestea jasotzen du, Estatuak 483/2025 Errege Dekretuaren bidez konpentsazioen erregelamendua onetsi ondoren kolektibo horrekin hartutako konpromisoa betez. Era berean, finantza-izaerako zerga-oinarri negatiboak edo kenkariak aplikatzeko formula berriak sartu dira.

Azpimarratzekoa da, halaber, garapen jasangarria, trantsizio energetikoa eta ingurumen inpaktuaren murrizketa bultzatzeko neurrien esparruan, sozietateen gaineko zergaren foru arauaren 65. artikuluaren idazketa teknikoa hobetzen dela, eta, era berean, kultura eta I+G kenkarietarako indarrean dagoen finantzaketa mekanismoa sartzen dela, neurri horiei bultzada gehigarria emateko, bai eta trantsizio energetikoan inbertitzearen aldeko apustua indartzen duten beste neurri batzuk ere.

Azkenik, zerga erreformari buruzko 1/2025 Foru Arauaren edukietako batzuekin lotutako doikuntza teknikoak ere sartu dira.

Zenbait finantza entitateren interes eta komisioen marjinaren gaineko zerga Foru Araua.

Batzar Nagusietako osoko bilkuran gaur onartutako bankuen gaineko zerga aldi baterako tributu bat da, eta zuzeneko zergaren izaera du. Kreditu erakundeek, atzerriko kreditu erakundeen sukurtsalek eta Espainiako lurraldean jardutearen ondoriozko kredituko finantza establezimenduek lortutako interesen eta komisioen marjina positiboa zergapetzen du.

Foru Arauak bost tarteren arabera zergapetzea proposatzen du: hasierakoa % 1ekoa da, likidazio oinarriaren lehen 750 milioietarako; eta % 7koa, 5.000 milioitik gorako likidazio oinarrirako. Zergaldia finantza entitatearen ekitaldi ekonomikoarekin bat etorriko da, eta zergaldiaren azken egunean kobratuko da zerga.

Zergaren elementurik esanguratsuenen artean, aipatzekoa da haren oinarri likidagarria kalkulatuko dela zerga oinarriari hainbat murriztapen aplikatuta: 100 milioi euroko murriztapen generikoa, banku fundazioen ongintza eta gizarte ekintzetara bideratutako zenbatekoen murriztapena, eta sozietate kooperatiboen eremuan egiten diren nahitaezko ekarpen jakin batzuen murriztapena. Era berean, kenkari bat ezartzen da tamaina txikiagoko udalerrietan finantza-baliabideak eskuratzea errazten duten kutxazain automatiko berriak ezartzeagatik eta hobetzeagatik.

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Zerga Osagarriari buruzko Foru Araua.

Azkenik, Batzar Nagusiek osoko bilkuran onartu dute, 750 milioi euroko edo gehiagoko negozio-zifra kontsolidatuaren zenbateko garbia duten talde nazional eta multinazional handiei bere mozkinen % 15eko gutxieneko tributazio globala. Zerga hori Europako Kontseiluaren 2022ko abenduaren 15eko 2022/2523 Zuzentarauan ezarritakoaren arabera aplikatzen da. Erreforma fiskal globalaren paketearen parte da zerga hau (II. Zutabea). Zerga hori onartzeak aukera ematen dio Gipuzkoari autogobernuan aurrera egiteko, nazioarteko izaera nabarmena duen zerga batean ogasun integral gisa.

  

1558