Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoako bilketa metatua % 9,7 igo da irailera arte, aurreko urtearekin alderatuta

Gipuzkoako bilketa metatua % 9,7 igo da irailera arte, aurreko urtearekin alderatuta

2025eko lehen bederatzi hilabeteetan iazko aldi berean baino 358 milioi gehiago bildu dira

2025/10/17

Gipuzkoako zerga bilketa metatuak % 9,7ko hazkundea izan du aurreko urtearen aldean. Guztira 4.036 milioi euro bildu dira irailera arte, 2024ko aldi berean baino 358 milioi gehiago. Dirusarrera osoak % 7 igo dira, eta itzulketak ia ez dira aldatu. Zuzeneko zergen bilketa likidoak % 9 egin du gora; zeharkako zergenak, % 7,3; eta Estatuarekiko egokitzapenenak, % 25,3.

Irailera arte metatutako diru-bilketa likidoaren aldaketa, neurri handi batean, 2024ko uztailean, mutualistei egin zaizkien preskribatu gabeko ekitaldiei dagozkien ezohiko itzulketek eragin dute, eta horiek desitxuratu egiten dute konparazioa. Datu hori kontuan hartuko ez bagenu, aldaketa % 4,9koa izango litzateke.

Ondorio hori alde batera utzita, irailera arte izandako bilakaera positiboa honako hauetan izandako diru-sarreren gehikuntzak azaltzen du: lan-etekinen gaineko atxikipena, kapital higigarriaren etekinen gaineko atxikipena, BEZa eta ondare-eskualdaketen gaineko zerga. Bestalde, irailera arte metatutako bilketan eragin negatiboa izan duten faktoreen artean, ondare-irabazien gaineko atxikipenen murrizketa eta sozietateen gaineko zergaren itzulketen igoera aipatu behar dira.

Zergen arabera, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) kasuan, lan-etekinen gaineko atxikipenak % 6,1 igo dira, hau da, 96,7 milioi euro, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. PFEZaren kuota diferentzial garbiaren bidezko diru-sarrerak 5,8 milioi euro igo dira, eta itzulketak, berriz, 123,8 milioi gutxiago izan dira; beraz, bilketa likidoa 129,6 milioi euro igo da irailera arte, aurreko urteko aldi beraren aldean. Aldaketa hori, lehen azaldu den bezala, iaz mutualistei egindako ezohiko itzulketen ondorio da batez ere. Osagai guztiak kontuan hartuta, PFEZaren diru-bilketa likidoa % 15,1 igo da, hau da, 219,5 milioi gehiago.

Sozietateen gaineko zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiaren diru-sarrerak 73,8 milioi jaitsi dira irailera arte, 2024ko aldi berarekin alderatuz gero. Aldaketa horrek bi osagai ditu: batetik, diru-sarrera gordinek 2,9 milioi egin dute gora; eta, bestetik, itzulketek 76,7 milioi.

Kudeaketa propioko BEZari dagokionez, BEZaren bilketa metatua, aurreko urtearekin alderatuta, % 7,1 igo da, hau da, 63,6 milioi euroko igoera egon da. Atal honetan, Gipuzkoako diru-sarrerak 96,1 milioi euro igo ira (% +7,5), itzulketak 49,6 milioi euro (% +7,7) eta lurralde arteko doikuntzak 17,1 milioi (% +6,9).

Zerga berezien kasuan, tabako laboreen gaineko zergaren bilketak % 9,0ko igoera izan du, hau da, 9,7 milioi gehiago jaso dira. Elektrizitatearen gaineko zergak ere gora egin du, % 75,3, hau da, 7,4 milioi gehiago aurreko urtearekin alderatuta, onartutako arau aldaketen ondorioz.

Azkenik, Estatuarekiko egokitzapenen atalean, aurreko urtearen aldean metatutako diru-bilketa 66,7 milioi igo da BEZean, eta 12,9 milioi, zerga berezietan. Estatuarekiko doikuntzei dagokienez, nabarmentzekoak dira inportazioen BEZaren doikuntzaren igoera, 50,6 milioikoa; eta hidrokarburoen doikuntzagatik aurreko urteko likidazioagatik ordaindutako zenbatekoaren murrizketa, 17,2 milioikoa.

Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak urtea iaz uste baino diru-bilketa handiagoarekin amaitzeko konfiantzari eutsi dio, joan den astelehenean Gasteizen egindako Herri Dirubideen Euskal Finantza Kontseiluan adierazi zen bezala.

Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, Agirrek zehaztu du zergen bilketaren beherakada BGAEen tributazioari lotutako atxikipenen ezohiko itzulketek eragin dutela. Ildo horretan, adierazi du “enpresek, oro har, beren kontabilitate-emaitza hobetu dute, bai eta kuota likidoa eta sozietateen gaineko zergaren gainerako elementuak ere, eta horrek adierazten du Gipuzkoako enpresa-ehunak sendotasunari eusten diola”. Horrela, zehaztu du Gipuzkoaren kasuan “sozietateen gaineko zergaren kuota diferentzial garbiaren bilketa garbia BGAEen ondorio horrek oztopatu du”.

  

2035