Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoako Ekonomia eta Enpresen Garapen programan indarrak batu dituzte Aldundiak eta Adegik

Gipuzkoako Ekonomia eta Enpresen Garapen programan indarrak batu dituzte Aldundiak eta Adegik

Foru erakundeak 120.000 euroko dirulaguntzarekin babestuko du elkarteak bultzatutako lau ekimen

Foru Aldundiak eta Adegi Gipuzkoako Enpresen Elkarteak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute ‘Gipuzkoako Ekonomia eta Enpresen Garapena’ proiektua gauzatzeko. Horren arabera, foru erakundeak 120.000 euroko dirulaguntza batekin babestuko ditu elkarteak aurrera eramaten dituen ekimen hauek: Enpresaren Sustraitzea Gipuzkoan, Industria Eguna, Konekta Café eta New Culturers Gunea. Jarduera horiek bi eragileek partekatzen dituzten helburuen baitan kokatzen dira; enpresen ekarpen sozial eta ekonomikoa balioan jartzea, eta lehiakortasuna erraztuko duen testuinguru bat lantzea, egokia izango dena kanpoko zein barruko inbertsioetarako, enpresak sortzeko, ekintzaileentzako, eta talentua erakarri eta bertakotzeko.

Enpresaren Sustraitzea Gipuzkoan izeneko egitasmoaren bidez, ekonomia ehuna etengabe laguntzeko dinamika garatzen da, dituen beharren, zailtasunen eta etorkizuneko planen entzute aktiboan oinarrituta. Garrantzi berezia ematen zaie enpresen jarraikortasunari eta belaunaldi aldaketari, zein horien eraldaketen eta berrindustralizazioen eraginkortasunari. Lan ildoak eta lehentasunak definitzeko elkarlana bultzatzen da, enpresen eta eragileen artean beharrak eta aukerak konektatuz.

Industria Egunak, berriz, etorkizuneko profesionalen artean industria sektorearen erakargarritasuna zabaltzea du jomuga. Talentua erakartzea eta emakumearen presentzia areagotzea bilatzen du jardunaldiak, hazten ari bada ere, oraindik ere badago-eta hobetzeko tarte handia. Konekta Café ekimenari dagokionez, komunitate berritzaileko pertsonak modu irekian elkar konektatzea du helburu. Marka eta erakundeen gainetik, sareko lana bultzatzen du, ezagutzak, kontaktuak, interesak edo esperientziak partekatze aldera. Profil desberdinetako pertsonei zuzentzen zaie: enpresa, ‘start up’-ak, ikerlariak, irakasleak, inbertsiogileak… New Culturers Gunea, azkenik, Enpresa Kultura Berria ezartzen ari diren negozioen eta unibertsitate zein lanbide heziketako gazteen arteko topagune gisa sortu da, jarduera profesionala garatzeko etorkizunean enpresa aukeratuko duten gazteak, alegia.

Imanol Lasa Sustapen Ekonomikoko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak goraipatu egin du ekimen horiek guziek “pertsonetan” eta “kalitatezko enpleguan” oinarritutako ekonomia ereduari egiten dioten ekarpena. “Pertsonak, haien konpromisoa, kualifikazioa, talentua, ezagutza eta elkarlanerako gaitasuna, oinarri-oinarrizkoak dira jarduera ekonomikoa finkatzeko eta hemen mantentzeko, eta aberastasuna eta enplegua ekarriko dituzten enpresa proiektu berriak martxan jartzeko. Gipuzkoako ereduaren aktibo nagusia dira, izateko eta egiteko gure moduarena. Hori horrela, elkarlanean jarraituko dugu Adegirekin programa hau garatzen, errealitate hori oso ondo enfokatzen duelako, eta baita beste batzuk ere”, azaldu du.

Adegik, berriz, “enpresa hobeak eta enplegu hobea eta, horrekin batera, Gipuzkoa hobe bat lortzeko” egiten duen lanaren barruan kokatu du akordioa.Talentua da finkatu dugun erronketako bat, gure inguruarekin elkarlanean, Gipuzkoa enpresa eta gizarte arloan lurralde aurreratuenetako bat izateko garatu nahi dugun estrategiaren barruan. Adegik konpromisoa hartzen du enpresekiko talentua trakzionatzeko; asmo handiko erronka dugu hor eta demografiak ez du laguntzen”.

Elkarteak egiaztatu duenez, enpresek zailtasunak dituzte langile kualifikatuak kontratatzeko, batez ere ingeniaritza bezalako perfil teknikoetan unibertsitate ikasketei dagokienez, eta industria alorretan goi mailako lanbide heziketan. “Horren aurrean, ikusten dugu hamar ikasleetatik hiruk soilik aukeratzen dituzte adar teknikoak edo zientzietakoak ikasketak aukeratzerakoan. Horrek garbi adierazten du orientazio mekanismoak hobetu behar ditugula, mezuetan tematsuak izan behar dugula, eta STEM bokazioak landu behar ditugula, emakumeen presentzia areagotuz batez ere”. Aldundiak ere apustu hori partekatzen du eta lanean dihardu helburu horrekin. 

Bestalde, Adegik lanbide heziketako zentroekin eta enpresekin landutako harremanaren bitartez, azken ikasturtean zentroetako 160 ikasle baino gehiagok eta 150 zuzendari, irakasle eta orientatzaile baino gehiagok 20 enpresa inguru bisitatu zituzten. “Ikusten dugu badagoela bi munduaj gerturatzeko beharra. Enpresen errealitatea gizarteratzeaz ari garenean, horrek esan nahi du irakasleak zein ikasleak gertutatu behar ditugula enpresa kultur berrirantz eraldaketa prozesu bat egiten ari diren enpresetara”. Hori horrela, dei egin du enpresen, hezkuntza sistemaren, erakundeen, familien eta herritarren arteko elkarlanean sakontzeko, “alor horretan egiten dugunaren araberakoa izango da neurri batean gure enpresa ehunaren eta Gipuzkoaren ongizatearen etorkizuna”.

  

1345