Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua Irunen elkartu da

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua Irunen elkartu da

Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Irungo alkate Cristina Labordak lan bilera egin dute hiriaren erronkak aztertzeko eta, ondoren, foru diputatuek euren asteroko bilera ofiziala egin dute Gordailuan.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Legegintzaldi honetan abiatutako saio ibiltarien esparruan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua Irunen elkartu da gaur, hiriko beharrak, desafioak eta egitasmoak bertatik bertara ezagutu, administrazioen arteko lankidetza estutzen jarraitu eta herritarrei Foru Aldundiaren jarduera hurbildu asmoz. Foru diputatuek, Eider Mendoza diputatu nagusiarekin batera, asteroko euren bilera ofiziala egin dute Gordailuan, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan. Bertan, lurralde osoarekin zerikusia duten hainbat neurri eta erabaki adostu dituzte eta, ondoren, foru diputatuek gertutik ezagutu ahal izan dute erreferentziazko gune horren lana, zeina arkeologia eta paleontologia ondarearen sailaren 10. urteurrena ospatzen ari den aurten.

Kontseilua elkartu aurretik, Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Irungo alkate Cristina Labordak lan bilera egin dute, bi erakundeen arteko lankidetzari esker hirian bultzatzen ari diren proiektuak elkarrekin aztertu asmoz.

"Kontseilu ibiltarien helburua lurraldeko eta udalerriko proiektuak eta estrategiak ezagutzea eta partekatzea da, baita herritarren kezkak eta ekarpenak jasotzea ere", azaldu du diputatu nagusiak. "Gipuzkoa osoan ari gara lanean, ahalik eta udalerri, auzo, enpresa eta eragile gehienekin elkartuta. Irunek, lurraldeko bigarren hiria izateaz gain, funtsezko dinamismo ekonomiko eta soziala du Gipuzkoa osorako eta, beraz, bilera honen bitartez, partekatzen ditugun proiektuetan aurrera egin ahal izan dugu, irundarren eta gipuzkoarren mesedetan", gaineratu du. Diputatu nagusiaren hitzetan, lankidetza hori "fruituak" ematen ari da Irunen eta, espero duenez, etorkizunean ere emaitzak "ematen jarraituko" du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Irunekin duen "konpromisoan" jarri du azpimarra Mendozak. Izan ere, legegintzaldi honetan, besteak beste, 50 milioi eurotik gorako inbertsioa ekarriko duen plan integrala aktibatu da bide azpiegituretan, Bidasoako eskualdearen mugikortasuna hobetzeko. Horrek, besteak beste, Arbesen A-8rekin lotune erdi berria eraikitzea ekarriko du, dagoeneko Oñaurren egindako sarbidearekin lotura eginez. Horrez gain, Arbeseko egoitza eraikitzeko lanak laster hasiko dira, Irunen eta Gipuzkoan zaintza pertsonalizatuagoa eta berritzaileagoa eskaintzeko trantsizioari ekarpena eginez. Diputatu nagusiak gehitu duenez, Aldundiak “determinazio osoa” du gainera hiriko kirol instalazioak modernizatzen laguntzeko, baita Irungo eta Bidasoalde osoko industria ehunaren "lehiakortasuna eta berrikuntza" bultzatzen laguntzeko ere, Via Irun proiektuaren garapena bultzatuz. Izan ere, egitasmo hori, Zubietara Parke Teknologikoa zabaltzeko ekimenarekin batera, eskualde osoaren, lurraldearen eta herrialdearen "etorkizun ekonomikoaren" aldeko foru apustuaren parte da.

“Irungo Udalak eta nik neuk, Irungo alkatea naizen aldetik, ontzat dugu Irun Foru Aldundiaren erabakien mapan jartzen duen nolanahiko foru ekimen oro. Bi erakundeen arteko elkarlana fruituak ematen ari da proiektu esanguratsuetan, hego ingurabidea eta Arbesko egoitza barne. Ildo horretatik, eskaera garbi bat dugu: Foru Aldundia Vía Irun proiektuan ere inplika dadila, hiriko proiektu estrategiko nagusia baita, eta Gipuzkoaren garapen ekonomikorako oinarrizko pieza bat, datorren hamarkadan lurraldean izango den hiri eraldaketarik handiena. Badakigu Irunentzat onuragarria dena Gipuzkoarentzat ere badela onuragarria”, adierazi du Irungo alkateak, Cristina Labordak.

Gordailua

Gobernu Kontseiluaren bileraren ondoren, foru diputatuek, alkatearekin batera, Gordailuaren instalazioak ezagutzeko aukera izan dute. Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa duela hamarkada bat aitortu zuen Eusko Jaurlaritzak ofizialki Gipuzkoako Ondasun Arkeologiko eta Paleontologikoen Gordailu Zentro gisa. Ordutik sendotu egin du bere lana hamar urte hauetan, 700.000 elementu inguru kudeatu ditu eta 150.000 aurkikuntza berri jaso ditu bere instalazioetan.

Diputatu nagusiak Gordailuaren lana azpimarratu eta goraipatu nahi izan du, hain zuzen ere lurraldea “Gipuzkoa” hitzaren idatzizko aipamen zaharrenaren milagarren urteurrena ospatzen ari den honetan. Efemeride horri esker, "gure sustraiak hobeto ezagutzeko, gure historia eta komunitate gisa batzen gaituzten balioak aldarrikatzeko" parada izaten ari gara. "Gordailua bezalako espazio aurreratu bat izatea funtsezkoa da, hain zuzen ere, gure ondare historiko eta kulturala bizirik mantentzeko, eta etorkizuneko belaunaldiek ere ondare hori aztertzeko eta ezagutzeko aukera izan dezaten", adierazi du.

  

2287