Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak batzar ibiltaria egin du Errenteria
Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak batzar ibiltaria egin du Errenteria
Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Aizpea Otaegi alkate errenteriarrak lan-bilera egin dute Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategian; ondoren, foru diputatuek asteroko bilera egin eta Lekuona Fabrika ezagutu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak Errenterian batzarra egin du gaur, legegintzaldi honetan hasitako saio ibiltarien esparruan, lurraldeko udalerrien beharrak, erronkak eta proiektuak bertatik bertara ezagutzeko eta horiekiko lankidetza estutzen jarraitzeko asmoz. Foru diputatuek, Eider Mendoza diputatu nagusia buru zutela, asteroko ohiko topaketa egin dute bertan eta, horrela, lurralde osoarekin lotutako zenbait neurri eta erabaki onartzeaz gain, hurbiletik ezagutu ahal izan dute Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategian eta Lekuona Fabrikan egiten duten lana.
Kontseilua egin aurretik, Eider Mendozak eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak lan bilera egin dute, hirian lantzen ari diren erronka eta proiektu nagusiak bertatik bertara aztertzeko eta lantzeko.
Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategian egindako Diputatuen Kontseiluaren ondoren, foru diputatuek, alkatearekin batera, Lekuona Fabrikaren eraikina eta kultur proiektua ezagutu ahal izan dute. Datorren urtean bost urte beteko ditu kulturaren sorgune eta topagune gisa ateak zabaldu zituenetik. Herritarrei, banaka zein kolektiboki, kultura bizi eta esperimentatzeko, arte eszenikoen sorkuntza prozesuak lehen pertsonan partekatzeko, hiri laborategietan parte hartzeko, ezagutzak trukatzeko edo elkarrekin ikasteko aukerak eskaintzen dizkiete espazio honetan antolatzen diren ekintzek.
"Kontseilu ibiltariaren helburua da lurraldeko eta udalerriko proiektuak eta estrategiak ezagutzea eta partekatzea, baita herritarren kezkak eta ekarpenak biltzea ere", azaldu du Eider Mendoza diputatu nagusiak. Eta gaineratu du: "Gipuzkoa osora irekita ari gara lanean, ahalik eta udalerri, auzo, enpresa eta eragile gehienekin bilerak eginez. Errenteria lurraldeko ekonomia, kultura eta gizarte ekimeneko gune garrantzitsuenetako bat da, eta, beraz, topaketa honek aukera ematen digu udalarekin lankidetzan aurrera egiteko, partekatzen ditugun proiektuetan sakonduz". Diputatu nagusiak honako konpromiso hau hartu du: "Ildo berean aurrera egiten jarraitzea, lankidetza estutuz eta pertsonen ongizate integralean eragina duten proiektuak babestuz".
Errenteriako alkateak, Aizpea Otaegik, eskerrak eman dizkie Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariei, Errenteriara gerturatu eta etorkizuneko asmo, erronka eta proiektuak partekatzeko aukera izateagatik. “Erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa da, parez pare ditugun erronka handiei arrakastaz erantzun ahal izateko” adierazi du. Goizean egindako bileran, Errenteriako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetza aukerak aztertu dituzte eta pozik agertu da alkatea izandako elkarrizketaren ondoren, “gure herriarentzat estrategikoak diren gaiak jorratu ditugu eta espero dugu laister asmoak errealitate bihurtu ahal izatea”.
1519