Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoako Ganberak eta Aldundiak hitzarmen bat sinatu dute 2026an enpresen nazioartekotzea indartzeko

Gipuzkoako Ganberak eta Aldundiak hitzarmen bat sinatu dute 2026an enpresen nazioartekotzea indartzeko

500.000 euro 2026an Gipuzkoako ETEen nazioartekotzea bultzatzeko. Hitzarmen honekin, Gipuzkoak berresten du enpresa-sare lehiakor, munduari irekia eta ekonomia globalaren erronkei aurre egiteko prestatuta dagoenari babesa emateko duen konpromisoa.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Ganberak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren bidez, indarrean dagoen lankidetza-hitzarmenaren luzapena sinatu dute, 2026an Gipuzkoako enpresen nazioartekotzea bultzatzeko. Akordioaren berritze honek 500.000 euroko dirulaguntza aurreikusten du, bi fasetan banatuta: 225.000 euro hasieran eta 275.000 euro jarduerak amaitzean.

Hitzarmenaren luzapena gaur goizean sinatu da Gipuzkoako Ganberaren egoitzan, eta ETEentzat nazioarteko aukera berriak irekitzeko eta Gipuzkoako enpresa-sarearen lehiakortasuna indartzeko lankidetza sendotu da. Bertan izan dira Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua eta Javier Zubia Gipuzkoako Ganberako zuzendari nagusia.

Erakundeen konpromisoa enpresa-sarearen nazioartekotzearekin

Sinaduran, Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak nabarmendu du nazioartekotzeak hazkundearen eragile gisa duen garrantzia: “Nazioartekotzea funtsezkoa da gure enpresen erresilientzia bermatzeko. Hitzarmenaren luzapen honek berresten du ETEei plangintza, inbertsioa eta laguntza espezializatua eskatzen dituen prozesu honetan laguntzeko dugun konpromisoa. Gure helburua ez da soilik merkatu berrietan saltzea, baizik eta munduarekiko irekiera horren bidez ikastea, berritzea eta indartzea”.

Diputatuak azpimarratu duenez, "etengabe eraldatzen ari den ingurune bati egin behar diogu aurre, eta egokitzeko gaitasuna funtsezkoa da. Gipuzkoak aurrea hartzeko eta elkarrekin lan egiteko gaitasuna erakutsi du. Gure helburua, munduari irekitako ekonomia bat bultzatzea da, ekonomia sendoa, prestatua eta hazten laguntzen dioten erakundeek babestua."

Bestalde, Javier Zubiak, Gipuzkoako Ganberako zuzendari nagusiak, hitzarmenak lurraldearen garapen ekonomikoan duen eragina nabarmendu du: “Nazioartekotze-estrategiak, enpresei banaka ez ezik, lurralde osoari ere mesede egiten dio, eta Gipuzkoako garapen ekonomikoari laguntzen dio”.

Ildo horretan, azpimarratu du bi erakundeek konpromisoa hartu dutela enpresei nazioartekotze-prozesuan behar duten laguntza emateko. “Akordio honi esker, beren presentzia areagotzeko eta, batez ere, prozesu osoan aholkularitza profesionala izateko aukera ematen dieten tresnak jarriko ditugu martxan”, gaineratu zuen.

Gipuzkoa munduarekin konektatzea: ETEak nazioartekotzeko plan estrategikoa

Hitzarmenaren luzapenak 2025-2026rako plan estrategiko bat jasotzen du, esportazio-oinarria handitu, ETEen nazioarteko proiekzioa sendotu eta haien lehiakortasuna indartzea helburu duena. Aurreikusitako ekintzen artean, honako hauek daude: enpresa-misioak – horien artean, Marokora udaberrirako programatutako enpresa-misio bat, gero eta interes handiagokoa den merkatu batean Gipuzkoako enpresen presentzia indartzera bideratua –; OTEBen programa, startup teknologikoei laguntzen diena nazioarteko estrategia definitzen; eta LagundEX Operatiboa, kanpo-merkataritzari lotutako barne-prozesuen auditoretzak eta optimizazioa eskaintzen dituena. Gainera, industria-enpresen presentzia digitala indartzen da, bereziki azpikontratistena, Market eSupporten bidez, eta Argibide zerbitzua aktibo mantentzen da. Zerbitzu horrek nazioarteko merkataritzari buruzko kontsultei erantzuten die, baita kanpoko merkatuei eragiten dieten arau eta muga-zergen aldaketei buruzkoei ere.

Plan honek, merkatu berrietan salmentak errazteaz gain, ikaskuntza, berrikuntza eta jasangarritasuna sustatu nahi ditu, Gipuzkoako enpresa-sarearen lehiakortasuna sendotzeko.

Lankidetzaren emaitzek enpresetarako aukera berriak irekitzen dituzte

Aldundiaren eta Ganberaren arteko lankidetzak emaitza ikusgarri eta zehatzak izan ditu azken urtean. Testuinguru horretan, Argibide zerbitzua funtsezko tresna bihurtu da kanpo-merkataritzari buruzko zalantzak argitzeko, eta 278 kontsultari erantzun die. Horrek agerian uzten du Gipuzkoako enpresek gero eta interes handiagoa dutela merkatu berriak esploratzeko. Bultzada hori ekainean Mexikora egindako enpresa eta erakunde-misioan ere islatu zen. Misio horrek hamabi enpresa bildu zituen, eta Gipuzkoak horrelako merkatu estrategiko horretan duen presentzia indartu zuen. Horrez gain, OTEB programak bost startup teknologikori lagundu die beren nazioarteko estrategia definitzen; LagundEXek, berriz, bosgarren edizioan, auditoriak eta aholkularitza tekniko espezializatua eskaini dizkie hamasei enpresari, haien prozesuak optimizatzen eta nazioarteko operatiba indartzen lagunduz.

Hitzarmen honek garrantzi berezia hartzen du etengabe eraldatzen ari den agertoki global batean, merkatuen dibertsifikazioa eta nazioartekotzea funtsezkoak baitira Gipuzkoako enpresa-sarea babesteko eta haren hazkunde jasangarria bermatzeko.

  

1488