Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Gipuzkoako suhiltzaile talde bat Leonera abiatu da gaur suteak itzaltzeko lanak indartzera

Gipuzkoako suhiltzaile talde bat Leonera abiatu da gaur suteak itzaltzeko lanak indartzera

10 boluntariok eta sei ibilgailuk osatutako talde operatibo bat Gipuzkoatik abiatu da Gaztela eta Leonen hiru egunez laguntzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak eskertu egin du operatibo honetan parte hartzen duten profesionalen inplikazioa eta konpromisoa.

2025/08/18
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Larrialdi Zerbitzuarekin koordinatuta, operatibo berezi bat aktibatu du Gaztela eta Leongo iparraldean dauden suteak itzaltzen laguntzeko.

Gaur goizean bertan, Gipuzkoako 10 suhiltzaile boluntariok osatutako bi dotazio Gaztela eta Leonera abiatu dira, han egiten ari diren itzaltze-lanak indartzeko helburuarekin. Talde operatiboa bi esku-hartze unitatetan antolatuta dago, eta bakoitzak bere arduradunak ditu: operatiboa, taktikoa eta koordinazio estrategikokoa.

Gipuzkoako talde operatiboa sei ibilgailurekin abiatu da —hiru arin eta hiru baso-suteen aurkako autobomba astun— Urola, Bidasoa eta Oriako parketatik irtenda. Esku-hartzeak hiru eguneko iraupena izango du.

Gobernantzako foru diputatuak, Irune Berasaluzek, misio honetan parte hartzen ari diren boluntarioen konpromisoa eta dedikazioa nabarmendu ditu: “Nire eskerrik beroena adierazi nahi dizkiet operatibo honen esanetara jarri diren profesionalei. Suhiltzaile hauen inplikazioa konpromiso kolektiboaren eta herritarren zerbitzuaren adibide argia da”.

Gogoratu behar da, joan den ostiralean, Euskadiko erakundeek — Eusko Jaurlaritza eta foru aldundiek — suteen aurkako helikoptero bat bidali zutela bertara sua itzaltzeko lanetan laguntzeko.

Giza baliabide eta material berrien ekarpen honekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere laguntza eta elkartasun konpromisoa berretsi du Estatuko hainbat lurraldetan pairatzen ari diren baso-suteen aurkako borrokan, eta eskura dituen baliabide guztiak jartzen ditu erabilgarri.

  

8968