Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Hondarribiko aireportua eta Donostiako erdigunea zuzenean lotzen dituen E30 linea % 70 baino gehiago hazi da uda honetan

Hondarribiko aireportua eta Donostiako erdigunea zuzenean lotzen dituen E30 linea % 70 baino gehiago hazi da uda honetan

Azahara Domínguez diputatuak jakinarazi duenez, joan den ekainaren 20tik irailaren 7ra arte, iaz lehen aldiz martxan jarri zen linea horrek 10.315 bidaia egin ditu, eta 2024an, berriz, 5.939.

2025/09/10
Azahara Domínguez diputatua

Azahara Domínguez diputatua


Hondarribiko aireportua eta Donostiako erdigunea zuzenean lotzen dituen E30 linea % 70 baino gehiago hazi da uda honetan, 10.000 bidaiaren muga gaindituz.
Hala adierazi du asteazken honetan Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Azahara Domínguezek, eta jakinarazi du ekainaren 20tik (egun horretan jarri zen martxan) irailaren 7ra arte 10.315 bidaia erregistratu dituela linea horrek, 2024an baino % 73,67 gehiago, orduan 5.939 egin baitziren.
Azaldu duenez, bidaien % 58 (5.980 guztira) Donostiarako noranzkoan egin dira, eta gainerako 4.335 bidaiak Gipuzkoako hiriburutik irten dira aireportura bidean.
"Albiste bikaina da uda honetan bigarren aldiz funtzionatu duen linea honek hazten jarraitzea, martxan jartzea oso beharrezkoa zela erakusten baitu", esan du diputatuak.
Azaldu duenez, linea ekainaren 20an hasi zen martxan, eta asteak igaro ahala doitzen joan da, "herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena emateko". Horrela, uztailaren 21ean, aireportuaren aurrean dagoen E21eko (Hondarribia>Donostia) geralekua bertan behera utzi zen, aireportuko bidaiarien joan-etorriak linea horren eguneroko zerbitzua ez zezan oztopatu, (linea hori batik bat hondarribitarrek erabiltzen dute). Era berean, abuztuaren 4an, E30era bi espedizio gehitu ziren, 13:20an eta 21:20an, zerbitzu horren ordu-estaldura hobetzeko.
Gainera, uda honetatik aurrera, MUGI txartel anonimoak eros daitezke aireportuaren barruan dagoen dendan bertan.
"Linea horri esker, nabarmen hobetu dugu aireportuaren lotura garraio publikoaren bidez, eta, beste behin ere, herritarren erantzun oso ona dugu, gero eta gehiago egiten baitute autobusaren alde, aireportutik joan eta itzultzeko", adierazi du diputatuak. Gainera, gogorarazi du linea horrek ez diela soilik turistei eskaintzen zerbitzua, Hondarribiko aireportua bidaiatzeko erabiltzen duten ehunka gipuzkoarrei zerbitzu ematen diela ere, eta aurreratu du, Lurraldebusek Oarsoaldean eta Bidasoan martxan jarriko duen emakida berrian, zerbitzu hori maletentzako lekua duten autobusekin ematea aurreikusten dela, erabiltzaileen erosotasuna hobetuz. "Herritarren benetako beharretara egokitzeko lineak zabaltzen eta egokitzen eta ordutegiak hobetzen jarraitzea da garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta demokratizatzeko modurik onena, eta bide horretan lanean jarraituko dugu, Gipuzkoan gero eta pertsona gutxiagok ibilgailu pribatu baten beharrik izan ez dezaten bizitza garatu ahal izateko", adierazi du Azahara Domínguezek.
 

  

3327