Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Hondartzen denboraldiaren hasiera Deban

Hondartzen denboraldiaren hasiera Deban

Ingurumeneko Departamentuak Gipuzkoako hondartzen bideometria sistema indartuko du

2018/06/08

Deba eta Hondarribiko herrietan bi ekipo berri ezarri dira. Aurten 8 instalazio berri eskuratuko dira eta operatibo egongo dira 2019an. Beraz, hurrengo urtean Gipuzkoak erabiltzaileen dentsitatea, bainularien segurtasuna bermatzeko eta Klima Aldaketaren eragina ezagutzeko sistema edukiko du.

 

Garbiketa eta hondartzen irisgarritasuna hobetuko da ere. Obrak urrian hasiko dira eta Mutriku, Deba, Getaria, Orio eta Hondarribian egingo dira.

 

José Ignacio Asensio: “Hobekuntza guzti hauen bitartez, herritarrei kalitatezko eta bikaintasuneko zerbitzua eskaini nahi diegu eta gure hondartzen egoera beti hoberena izatea lortu nahi dugu”.

 

Sentsibilizazio kanpaina bat egingo da hondakinen gaikako bilketaren inguruan eta gure itsasoan plastikoaren inpaktua zein den ezagutzeko.

 

Ozeanoen Munduko Eguna dela eta, José Ignacio Asensiok, Ingurumeneko Diputatuak, hondartzen udako kanpainari hasiera eman dio Debako Santiago hondartzan Pedro Bengoetxea, Debako alkatearekin batera.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuaren ardura da Hondarribia, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutrikuko 12 hondartzak garbitzea eta zaintzea. Era berean, ekonomikoki laguntzen du Donostiako 4 hondartzak garbitzen. Asensiok azpimarratu du Departamentuaren helburua dela hondartzen bikaintasunean aurrera egitea, hondartzen kudeaketa plan integrala prestatzea eta “gure itsaso, hondartza eta kostaldeak jasangarritasunez zaintzeko ahaleginak egitea”.

Foru arduradunak gogora ekarri du gure hondartzen kudeaketa jasangarrian eta integralean aurrera egiten jarraitu nahi dutela. “Horretarako lan egiten dugu, gure herritarrei ahalik eta zerbitzu hoberena eskaintzeko hondartzen erabilera arduratsua egin dezaten”. Ingurumeneko Departamentua ekintza ugari egiten ari da, horien artean: garbiketa zerbitzuaren hobekuntza, bideometria sare baten ezarpena Deba eta Hondarribiako hondartzetan, hondartzen irisgarritasunaren hobekuntza eta itsasoko plastikoen zein hondakinen gaikako bilketa sustatzeko sentsibilizazio kanpaina.

Bideometria sarea

 

2017an martxan AZTIrekin batera martxan jarritako bideometria sarea jartzen jarraituko da gure kostako hareatzak kudeatzeko informazio baliagarria ematen dutelako. 2018. urte honetan, Zarautzen instalatuta dagoenaz gain, beste bi ekipo jarri dira Deba eta Hondarribian, eta, halaber, beste 8 instalazio oso erosiko dira, erabilgarri egongo direnak aurtengo irailean eta 2019ko urtarrilean. Horrela, 2019an, Gipuzkoako kostalde osoan jarrita egongo dira Gipuzkoako bideometria sarea osatzen duten ekipoak.

 AZTIk sortutako Kostasystem programa erabiltzen duen sistemak datu hauek ematen ditu:

  • Erabiltzaile dentsitatea neurtzen du eta hondartzetara egunero joaten direnen datua kalkulatzen du.  Hasieran, uda sasoiko datuak kalkulatuko dira.

 

  • Korronte eta olatuen mapak emango ditu, eta bainu-hartzaileentzat arrisku gehieneko bainu guneak zehaztuko ditu. Hori baliagarria da sorospen zerbitzuentzako. Funtzionalitate hori arrisku handieneko hondartzetan egongo da, eta baita uda sasoian ere.

 

  • Morfodinamika. Denboran zehar hondartzaren forma nola aldatzen den ikus dezakegu (harearen espazioa galtzea, harearen banaketan izandako aldaketa...). Horretarako, urte batean jasotako oharrak izan behar dira; beraz, datu horiek eskuragarri egongo dira 2019ko maiatza-ekainetik aurrera.

Irisgarritasuna

 

Nabarmendu beharreko beste alderdi bat ere badago, gure hondartzetara baldintza egokietan iristeko baliabideak hobetuko dira 2018an. Ingurumeneko zuzendaritzak gure hondartzen irisgarritasunaren azterketa egin du, sarbideak behar bezala egokitzeko;  jarduketa horiek kostako udal guztien adostasunarekin egin dira, eta 2 fasetan bereizi dira.

Lehen fasean proiektuak prestatu dira eta, orain, gure hondartzen irisgarritasuna hobetzeko obrak egiteko behar diren baimenak izapidetzen ari dira; obra horiek 2018ko urrian hasiko dira, hondartzen denboraldia amaitu ondoren: Mutrikuko Portu hondartzan, Debako Santiagon, Getariko Gaztetapen, Orioko Antillan eta Hondarribian.

Bigarren fasean irisgarritasun obrak egingo dira, eta laster hasiko dira lanak; aurreikuspenen arabera, 2018aren bukaeran 2019aren hasieran gauzatuko dira: Mutrikuko Ondarbeltz hondartzan, Debako Laparin eta Getariko Malkorben.

Sentsibilizazio kanpaina

 

Aurten ere garrantzi berezia eman nahi zaio hondakinen kudeaketa zuzenari, hondakinak ondo bereizteari eta hondakinak modu egokian jasotzeak duen garrantziari. Izan ere, gure itsasoetan dauden hondakin eta plastikoen eraginak ingurumen arazo handienetako bat sortzen du gure planetan, eta hori argi ikus dezakegu guk ere gure hondartzetan bainatzen garenean, gure inguruan dauden plastikoez jabetzen garenean.

Horregatik, 3 funtsezko elementu dituen sentsibilizazio kanpaina bat diseinatu du Aldundiak; kanpaina hori egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren informazio leku mugikor bat prestatu da, aurreko urte batzuetan bezala, eta Gipuzkoako hondartza guztietara iritsiko da datozen asteetan:

Espazio bat alderdi hauetara bideratuta: gure hondartzen informazio orokorra, hondartzak modu jasangarrian eta arduratsuan erabiltzeko aholku praktikoak, egun dauden zerbitzu eta azpiegiturak, web kamerak, eta gure hondartzetan bainu segurua izateko Kosta system-ak emango digun informazioa.

Beste espazio bat, hondakinen gaikako bilketa sustatzeko, eta umeei zuzendutako kanpainak egiteko, Emaus Fundazioaren laguntzarekin eta arratsaldeko ordutegian 17:30-19:00.

Umeei zuzendutako jarduera horren bitartez, hondakinak bereizteko eta birziklatzeko modu erakargarriak eskaini nahi dizkiegu, eta, horretarako, jolas bat aukeratu dugu, Euskal Herriko ohiko herri kirol batean oinarritutakoa: lokotz bilketa. Lau edukiontzi animatu jarriko ditugu, umeei begira diseinatutakoak: Edukiontzi marroia, urdina, horia eta berdea: jolasaren bidez ikasiko dute nora bota behar den hondakin bakoitza.

Hirugarren espazio bat, plastikoak itsasoan duen eraginaren berri ematera bideratutakoa; espazio hau Surfrider fundazioarekin batera dinamizatuko dugu, eta horrek Posidon Green Project-en laguntza izango du kanpaina gauzatzeko, zeinak 3 ekintza dituen:

  • Hondartzak garbitzea eta tailerra: Hondartzak garbitzeko ekintzak egingo dira, bat hondartza bakoitzeko, eta hondakinak identifikatu eta katalogatuko dira. Gero, tailer bat egingo da, Orkestra Reusonika taldeko Rocco Papia musikariak koordinatuta, eta berak erakutsiko die garbiketan parte hartu dutenei nola egin musika tresnak jasotako hondakinekin.
  • Hondartzen garbiketa eta hondakin flotagarriak: Mater Museoa itsasontziaren laguntzarekin, iristeko zailtasuna duten hondartzak garbituko dira eta hondakin flotagarriak jasoko dira, eta LIFE LEMA proiektuarekin bat eginez, musika tresnak egingo dira.
  • Azken kontzertua, abuztuaren erdi edo amaieran egingo dena; izan ere, Reusonika bandak kontzertu bat emango du gure hondartzetan jasotako hondakinekin egin diren musika tresnak erabilita.

Hondartzetan jarriko diren sentsibilizazio puntuez  gain, gure hondartzak garbitzen dituen aldi baterako enpresa batasunaren laguntza ere izango dugu: FCC aldi baterako enpresa batasunak eragileak jarriko ditu udalerri bakoitzean inkestak egiteko herritarrei hondartzetako hondakinak bereizteari buruz duten informazioaren inguruan, eta edukiontzi txikiak banatuko dira hondakin txikiak biltzeko.

Sentsibilizazio kanpaina horrekin batera, prebentzio espezifikoko kanpaina bat ere egingo da, herritarrak babestera bideratua, eta Asociacion Contra el Cancer elkartearen laguntzarekin: Larruazaleko minbiziaren kontrako prebentzio kanpaina: informazio eta prebentzio kanpaina izango da, eta eguzkitan denbora luzean egoteko ohitura arriskutsuak baztertzera bideratutako hezkuntza-ekintzak sustatu nahi dira, betiere herritarren larruazalaren osasuna hobetze aldera.

Kanpaina hori ekainaren 18tik uztailaren 24ra egingo da, eta ekintza hauek burutuko dira:

  • Hondartzetan eta igerilekuetan panel informatiboak jarriko dira, eguzkitik babesteko neurriei buruzko informazioarekin (fototipoak, eguzkitan egon daitekeen denbora, prebentzio arauak, etab.).
  • Gipuzkoako hondartzetako megafonia bidez itsasoaren egoera, tenperatura eta gainerako datuak ematen direnean, eguzkitik babesteko neurrien berri ere emango da.
  • Unitate mugikorra jarriko da Gipuzkoako hondartza guztietan:
    • Profesional batek osasun aholkuak emango ditu herritarren zalantzak argitzeko, eguzkitan egoteak larruazalean sortzen dituen arriskuei buruz.
    • Optika arloko profesionalek aholkuak emango dituzte eguzkiaren erradiaziotik begiak behar bezala babesteko moduari buruz.
    • Kamera ultramorea, eguzki krema nola ematen dugun ikusteko eta erabiltzen dugun eguzkiaren aurkako babesaren errealitatea ezagutzeko.
    • Informazioa banatuko da gai hauen inguruan: eguzkitan denbora luzean egotearen arriskuak, eguzkitik behar bezala babesteko arauak eta eguzkiaren kontrako babes-faktoreak. .
    • Ume eta gazteei material espezifikoa emango zaie: «Eguzkitik babestea dibertigarria da!» jarduera koadernoak.
    •  Eguzki iragazkiak banatuko dira herritarren artean.
  • Aldi berean, galdetegi baten bidez, boluntarioek datuak jasoko dituzte eguzkitan egotearen ohituren inguruan.
  • Halaber, behar bezala prestatutako eragileek banakako probak egingo dizkie nahi duten pertsonei:
    •  Pertsonaren fototipoa zehaztea eta behar duen UVA eta UVB babes indizea kalkulatzea, melanina neurtzeko ekipo baten laguntzarekin.
    • Larruazal mota bakoitzak behar duen eguzki iragazkien erabilerari buruzko azterketak eta aholku praktikoak. Proba amaitu ondoren, pertsona bakoitzari banakako informazioa duen txartel bat emango zaio, eta baita ere eguzki babesaren lagin bat eta hainbat material informatibo.
  

1367