Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Ingurumeneko Departamentua aurrera egiten ari da Jasangarritasun Energetikoaren Estrategian

Ingurumeneko Departamentua aurrera egiten ari da Jasangarritasun Energetikoaren Estrategian

Oinarritzat hartu dira efizientzia energetikoa, toki eremuko instalazio berriztagarriak, eta pobrezia energetikoaren murrizketa.

2020/03/02

Jose Ignacio Asensio: «Beharrezkoa da energiaren gizarte ikuspegi bat, non lehentasunak diren, batetik, klima, eta, bestetik, pobreziaren nahiz zaurgarritasun energetikoa murriztea».

Dagoeneko zortzi eskualdeko garapen agentzia ari dira pobrezia energetikoari aurre egiteko, efizientzia hobetzeko eta energia berriztagarrien erabileran aurrera egiteko planak eta jarduketak gauzatzen. Zortzi eskualde horiek Gipuzkoako 89 udalerrietatik 81 biltzen dituzte.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak, Javier Zubizarreta Iraurgi Berritzeneko lehendakariak eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak aurkeztu berri dute Euronet 50/70 proiektuaren barruan 2019an Urola Erdian egin den lana. Azkoitiko eta Azpeitiko udalak eta bost ikastetxe bildu ditu proiektuak, Iraungi Lantzenek koordinatuta. Proiektu honek eraikin eta instalazioen efizientzia energetikoa hobetzea du xede, eta, ondorioz, komunitatearen kultura energetikoa optimizatzea.

Departamentuak sei urte baino gehiago daramatza «Komunitate energetikoki eraginkorrak» izeneko programa bultzatzen Gipuzkoan, lankidetza-hitzarmenak eginez garapen ekonomikoko eskualde agentziekin, helburutzat hartuta dagokien eragile guztien eta herritarren beren bitartez bultzatzea energiako eskualde planak, energiako eskualde mahaiak, eta energiako toki eta eskualde ekintza. Dagoeneko zortzi eskualdek hartzen dute parte eta bereganatu dute programa, eta haien bitartez 81 udalerri daude ordezkatuak, Gipuzkoan dauden 89etatik.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu Jose Ignacio Asensiok adierazi du garrantzitsua dela estrategia energetikoari gizarte aldagaia gehitzea: «Beharrezkoa da energiaren gizarte ikuspegi bat, non lehentasunak diren, batetik, klima, eta, bestetik, pobreziaren nahiz zaurgarritasun energetikoa murriztea». Hori horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentua Gipuzkoako Jasangarritasun Energetikoaren 2050 Estrategia lantzen ari da, zeina laster emango baita argitara, eta toki eta eskualde planoko ekintza guztiak batzeko balioko baitu.    

Bestalde, energiaren alorrean lurraldeak dituen helburuekin koordinaturik eta lerrokaturik, Gipuzkoako Energia Jasangarriaren eta Pobrezia Energetikoaren Lurralde Mahaian ari gara lanean. Mahai horretan biltzen dira, hain zuzen, energiari buruzko eskualde mailako ekintza koordinatzen duten zortzi agentziak.

  

1767