Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Izeta sagardotegiak irabazi du XXIV. Gipuzkoako Sagardo Lehiaketa

Izeta sagardotegiak irabazi du XXIV. Gipuzkoako Sagardo Lehiaketa

Lehiaketaren edizio hau "Ipuskoa" hitzaren milagarren urteurrenaren barruan kokatu da, gure komunitatearen lehen erreferentzia idatzia. Testuinguru horretan Aldundiak aitortza egin dio Xabier Agoteri, lurraldearen historia berreraikitzen egindako ekarpenagatik.

2025/10/06
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak XXIV. Gipuzkoako Sagardo Lehiaketaren sari banaketa egin du gaur arratsaldean. Izeta sagardotegia izan da aurtengo edizioaren irabazlea, bigarren saria Zapiain sagardotegiak irabazi du eta hirugarrena Altzueta sagardotegiak.

Hogeita laugarren edizio honetan, “Ipuskoa” hitza lehen aldiz agertzen den dokumentu idatziaren milagarren urteurrenean, sari banaketa Albaola Itsas Etxera lekualdatu da. Agertoki enblematikoa, Aldundiak aukeratua gure lurraren tradizioa eta zaporea ospatzeko, eta sagardoak Gipuzkoako historian izan duen funtsezko papera gogoratzeko. “Produktu gutxik konektatzen gaituzte gure lurrarekin eta paisaiarekin, sagardoarekin bezala”, adierazi du Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak ekitaldiaren hasierako hitzetan.      

Urteroko hitzordu honetan sagardogileak, dastatzaileak, sektoreko, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako eta Foru Aldundia bertako ordezkariak biltzen dira. Bere hitzaldian, Arrutik sagardoaren garrantzi historikoa azpimarratu du, “XVI. eta XVII. mendeetan Ternuara bidaiatzen zuten euskal marinelen biziraupenerako funtsezkoa” izan zela gogoraraziz.

Arrutik adierazi duenez, edizio honen helburua da sagardogileek egunez egun edari hori ekoizten egiten duten lana aitortzea, “gure nortasunaren eta kulturaren sinbolo baita hau”. Era berean, nabarmendu du sustrai horiek tinko mantentzen egiten duten ahalegina, kalitatezko sagardo bat “Euskal Sagardoa” jatorri izen deiturarekin ekoiztuz eta, aldi berean, proposamen berriak berrituz eta garatuz. Sagardogileek sagardo berriak egiteko erakutsi duten ausardia saritzeko, Aldundiak sagardo apardun onena eta sagardo berritzaileena ere saritu ditu gaurkoan. Sagardo apardun onenaren saria Aburuza sagardotegiak eraman du eta sagardo berritzaileari dagokionez Itxasburu sagardotegiak eraman du saria Moko barietatedun sagardoarekin egindako “Batekoa” sagardoagatik.

Sagardo hauek kalifikatzeko ardura duen epaimahaiari dagokionez, aurten berritasun bezala, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak aukeratutako sommelier eta dastatzaile ospetsuek osatu dute. Dastaketa itsuan egin da, Kontseilu Arautzaileak berak proposatutako metodologia zorrotz bati jarraituz. Saritutako sagardo guztiek zigilu bat eraman ahal izango dute botiletan, datorren urte osoan, urrearen eta zilarraren sailkapena erakusteko.

Xabier Agoteri aitortza Gipuzkoako historiari egindako ekarpenagatik

“Ipuskoa” hitzaren milagarren urteurrenaren testuinguruan, Aldundiak ekitaldia aprobetxatu nahi izan du Xabier Agote Albaolako zuzendariari omenaldia egiteko, gure lurraren historiari eta kulturari egindako ekarpenagatik.

Agotek, Lurralde Oreka Berdeko diputatuaren eskutik, egurrean zizelkatutako sagar bat jaso du, urte hauetan Albaolan egindako lanagatik. Arrutik txalokatu egin du Agotek egindako ekarpena “urte luzez euskaldunon itsas historia ahanzturatik erreskatatzen eta gu guztioi erakusten zeinen garrantzitsua den itsasoa gure historian eta gure herri izaeran”. Era berean, eskertu egin dio bere lanak erakutsi egin baitigu, besteak beste “historian zehar gure lurrari eta honek eman digun fruituari lotuta egon den komunitate bat garela”.

Azkenik, diputatuak ekitaldiari amaiera eman dio, bertaratu diren guztiei lanean jarraitzera eta Euskal Sagardoaren kalitatea zaintzera gonbidatuz. “Gipuzkoarentzat ondare berezia” dela azpimarratu du, eta, era berean, gutxienez beste mila urtez sagardoarekin gozatzen jarraitzeko desioa agertu du.

  

3217