Jasangarritasun Departamentuak kontzientzia eta aldaketarako tresna bihurtu du bizikleta Gipuzkoan
Jasangarritasun Departamentuak kontzientzia eta aldaketarako tresna bihurtu du bizikleta Gipuzkoan
Aurten, tailerrak Luberri BHIn (Donostia) eta Arrasate BHIn (Arrasate) egingo dira, bizikletaren kultura lurraldeko geletara eramateko apustua sendotuz.

Hiru urtetan, Gipuzkoako eskualdetako Bigarren Hezkuntzako 500 ikaslek baino gehiagok jaso dute bizikleta mugikortasun jasangarri eta seguruari buruzko prestakuntza praktikoa.
José Ignacio Asensio: “Gazteek bizikleta garraiobidea ez ezik autonomia pertsonalerako, osasuna zaintzeko eta klima-aldaketari aurre egiteko konpromiso kolektiborako tresna ere badela uler dezaten nahi dugu. Pedalkada bakoitza Gipuzkoa garbiago, bidezkoago eta jasangarriago baterako urratsa da”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak Mugikortasunaren Europako Astea ospatzen du, mugikortasun bidezkoago, osasungarriago eta jasangarriago batekin duen konpromisoa berretsiz. Esparru horretan, Departamentuak, hirugarren urtez jarraian, lurraldeko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako bizikleta-ikastaro praktikoak bultzatzen ditu, gazteek trafiko-ingurune errealetan modu autonomoan eta seguruan zirkulatzen ikas dezaten, eta, aldi berean, bizikletaren onurei buruzko kontzientzia har dezaten, eguneroko garraiobide gisa.
Tailerrak "Bizikleta 1 +" metodologiaren bidez garatzen dira. Metodologia hori Bikeability programa ingelesaren egokitzapena da, 2007tik dago martxan, eta emaitzak egiaztatuta daude. Sistema zorrotza, errepikakorra eta oso zehatza da, teoria eta praktika lantzen ditu, eta bide-segurtasuneko arauetatik hasi eta bizikletaren oinarrizko mantentze-lanak eta hiri barruko bideetako talde-zirkulazioraino heltzen du. Hori guztia, prestatutako eta kualifikatutako pertsonek gainbegiratuta, ikaskuntza-prozesuaren segurtasuna bermatzen baitute.
2023an abian jarri zenetik, ikastaro horiek erreferentzia gisa finkatu dira lurraldean. 2023an, Lasarte-Oriako Oriarte BHI eta Eibarko BHI institutuetan egin ziren. 2024an, esperientzia Tolosako Orixe BHI eta Irungo Txingudi BHI ikastetxeetara zabaldu zen, non berrehun gaztek baino gehiagok aktiboki parte hartu baitzuten saioetan. 2025eko edizio honetan, ekimena Donostiara eta Arrasatera iritsiko da: Luberri institutuan 155 ikasleri emango zaie prestakuntza, eta Arrasate institutuan, berriz, 125 gazte gehiagori. Horrela, hiru urte eskasetan, Bigarren Hezkuntzako bostehun ikaslek baino gehiagok jasoko dute bizikleta bidezko mugikortasun seguruari buruzko prestakuntza praktikoa Gipuzkoako hainbat tokitan.
Horri dagokionez, Jasangarritasuneko diputatu José Ignacio Asensiok azpimarratu duenez, “gazteek bizikleta garraiobide bat ez ezik, autonomia pertsonalerako, osasuna zaintzeko eta klima-aldaketari aurre egiteko konpromiso kolektiborako tresna bat ere badela ulertzea nahi dugu. Pedalkada bakoitza Gipuzkoa garbiago, bidezkoago eta jasangarriago baterako urratsa da”.
Apustu horrekin, Jasangarritasun Departamentuak mugikortasunari buruzko eztabaidaren erdigunean jartzen du bizikleta. Auto pribatuaren alternatiba erreal gisa ez ezik, etorkizuneko sinbolo gisa ere egiten du: espazio publikoan bizikidetza-balioak, arauak errespetatzea eta emisio kutsatzailerik gabeko askatasuna irakasten dituen desplazamendu-modu bat.
“Balioetan hezten dugu praktikatik. Bizikletak kalean elkarrekin bizitzen, espazioa partekatzen eta askatasuna irabazten irakasten du, CO2 en aztarnarik utzi gabe. Eta horixe da Gipuzkoarako nahi dugun etorkizunerako bidea”, azpimarratu du foru-arduradunak.
1961