Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Lankidetza Departamentuak beken deialdi berri bat atera du kooperante gazteentzat

Lankidetza Departamentuak beken deialdi berri bat atera du kooperante gazteentzat

Eskabidea 30 urtetik beherakoek egin dezakete, ekainaren 30era arte, dirulaguntzen atarian (https://egoitza.gipuzkoa.eus).

2025/06/11
Cooperación

Goizane Álvarez Kultura eta Lankidetzako foru diputatuak, 30 urtetik beherako kooperante gazteentzako beka-programaren beste edizio bat aurkeztu du gaur prentsaurrekoan. Horretarako, 2024an bekadun izan diren hiru gazteren testigantza ekarri du. Gazteok azaldu dute nolako esperientzia izan duten Boli Kostan, Bangladeshen eta Bolivian.

Álvarezek gogorarazi duenez, zortzigarren edizioa duen ekimen honek "berretsi egiten du departamentuak justizia globalarekin, elkartasunarekin eta belaunaldi berrien tokian tokiko prestakuntzarekin duen konpromisoa. Kooperanteen bizipenak zuzenean ezagutzea programari aurpegia eta ahotsa jartzeko modu bat da; izan ere, programa honek helburu du parte hartzen dutenak eta hartzen dituzten komunitateak eraldatzea. Kulturarteko trukea sustatuz, elkarren arteko ikaskuntza eta desberdintasun globalei buruzko kontzientzia kritikoa sustatzen ditugu".

Gainera, diputatuak adierazi du beka-deialdi berri bat ireki dela 2025erako. Eskabideak aurkezteko epea ekainaren 30era arte luzatuko da, eta uztailaren erdialdean emango da behin betiko ebazpenaren berri. Aurreko edizioetan bezala, laguntza horren aurrekontua 20.000 euro da guztira, eta gehienez 2.000 euro eskatzaile bakoitzeko. Eskabidea, ezaugarriek ahalbidetzen badute, Internet bidez aurkeztuko da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez (https://egoitza.gipuzkoa.eus), dirulaguntzen atarira sartuz eta horretarako dagoen formulario espezifikoa erabiliz.

Kooperante gazteen hiru ahots

Iaz, Lankidetza Departamentuak 14 beka eman zituen guztira, eta, horrela, jasotako eskaeren % 100 bete zuen. Horri esker, Gipuzkoako gazteek garapen-proiektuetan parte hartu izan dute Bolivian, Senegalen, Boli Kostan, Saharan eta Bangladeshen. Hautatuak Proyde Proega, Mundubat, Ndank Ndank eta Muhammad Yunus ibilbide luzeko gobernuz kanpoko erakundeekin lankidetzan aritu dira.

Zehazki, hiruk beren esperientzia azaldu dute prentsaurrekoan: Ane Acha Insaustik 1.550 euro jaso zituen Proyde Proega GKEarekin Boli Kostako Hogar Akwaba proiektuan parte hartzeko; José María Pavíak 1.076 euroko laguntza jaso zuen Bangladesheko Muhammadyunus proiektuan laguntzeko; eta Ainhoa Encinas Boliviara joan zen Proyde Proega GKEaren bidez Huérfanos Jesús Mercado Institutuan laguntzeko. Horretarako, 1.665 euroko beka bat jaso zuen.

Zazpi urte, 19 herrialde eta 67 bekadun

2016tik (2020an eta 2021ean izan ezik, pandemiaren ondorioz), programak aukera eman die 67 gazteri lankidetza-esperientzia bat egiten laguntzeko, guztira 130.000 euroko inbertsio metatuarekin. Urte hauetan zehar, bekei esker egonaldiak egin ahal izan dira hezkuntzan, osasunean, arkitekturan edo ingurumenean Latinoamerikako, Afrikako eta Asiako hainbat herrialdetan. Zehazki, Nikaraguan, Guatemalan, Ekuadorren, Argentinan, Txilen, Perun, Brasilen, Bolivian, Mexikon, Kolonbian, Saharan, Tanzanian, Kongon, Kenian, Liberian, Kamerunen, Senegalen, Boli Kostan eta Bangladeshen.

Goizane Álvarezek nabarmendu duenez, "politika publiko hau oso garrantzitsua da sentsibilizazio-tresna gisa, baina baita ekintza erreal eta eraldatzaile gisa ere. Kooperante gazteen aldeko apustua egitea gizarte bidezkoago eta konprometituago batean inbertitzea da". Era berean, azpimarratu duenez, "lekuan bertan egiten duten lanak errotik markatzen die ibilbide pertsonala eta profesionala, eta aldaketarako eragile aktibo bihurtzen ditu itzulitakoan".

Kooperante gazteentzako bekak Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetza Zuzendaritzak bultzatutako gizarte-eraldaketarako hezkuntza-estrategiaren (ETS) parte dira, tokiko eremutik herritartasun globala eraikitzen jarraitzeko helburuarekin.

  

3743