Lankidetza Departamentuak eta Mestiza Elkarteak doako 1.000 liburu pakete banatuko dizkiete Gipuzkoako 9 herritako eskolaurreko ikasleei Bookstart proiektuaren bidez
Lankidetza Departamentuak eta Mestiza Elkarteak doako 1.000 liburu pakete banatuko dizkiete Gipuzkoako 9 herritako eskolaurreko ikasleei Bookstart proiektuaren bidez
Lankidetza Departamentuak eta Mestiza Elkarteak doako 1.000 liburu pakete banatuko dizkiete Gipuzkoako 9 herritako eskolaurreko ikasleei Bookstart proiektuaren bidez
"Irakurri, hitz egin, abestu eta jolastu" lelopean, Bookstart Euskadi-Gipuzkoa programaren laugarren edizioa aurkezten da. Irakurzaletasuna sustatzeko doako programa da, eta urtero euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko liburuak ematen dizkie 0 eta 3 urte bitarteko haurrei, eta 5 urtera artekoei, biztanle gutxiko eremuetan. Hala, aurten, Ataunek, Idiazabalek eta Legorretak bat egingo dute Alkiza, Larraul, Lasarte-Oria, Ordizia, Orio eta Urnietako udalerriekin, non dagoeneko abian dagoen ekimena.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Lankidetza Departamentuak, Mestiza Elkarte Artistiko-soziokulturalaren laguntzarekin, Bookstart Euskadi-Gipuzkoa proiektuaren laugarren edizioa jarri du abian, eskolaurreko haurren artean euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko irakurketa sustatzeko. Aurten, 1.000 liburupack banatuko dira, doan, lurraldeko 9 herritan. Hala, Idiazabalek, Ataunek eta Legorretak bat egin dute Alkiza, Larraul, Orio eta Urnietarekin, proiektuari aurreko ikasturtean atxiki zitzaizkionak, baita Lasarte-Oriarekin, 2023an atxikitakoa, eta Ordiziarekin ere, 2022an atxikitakoa.
Goizane Álvarez Kultura eta Lankidetzako diputatuak azpimarratu duenez, Departamentuak 20.000 euro bideratu ditu proiektu honetara eta horrelako ekimenekin «irakurtzeko ohitura haur txikiei hurbiltzen zaie modu ludiko eta unibertsalean. Eta horrela, apurka-apurka eta txikitatik hasita, irakurzaletasuna sendotzen da. Irakurriz ezagutza barneratzen da, eta ezagutzak gizarte prestatuago, kritikoago eta aurreratuago bihurtzen gaitu".
Hala adierazi du gaur goizean Foru Aldundian egin den proiektuaren laugarren edizioaren aurkezpenean. Bertan izan dira Ana Molina, Mestiza Elkartekoa; Adur Ezenarro (Ordiziako alkatea); Iñaki Alberdi (Idiazabalgo alkatea); Maite Arana (Larraulgo alkatea); Iker Aizpurua Telleria (Kulturako dinamizatzailea Legorretako udaletxean); Martin Aramendi Arana (Ataungo alkatea); Inaki Irazabalbeitia (Alkizako alkatea); Ana Pozas (Urnietako Gizarte Sustapeneko eta garapen pertsonaleko arduraduna) eta Anuska Esnal (Orioko Responsable de Promoción social y desarrollo personal).
Banatuko diren mila Liburupacken barruan, zati handi bat 0-3 urte bitarteko adingabeentzat izango da, eta 5 urtera arte iritsiko da biztanle gutxiko herrietan. Programak barnean hartzen ditu, halaber, premia bereziak (entzumenekoak, ikusmenekoak eta motorrak) dituzten haurrentzako liburupackak, funtsezkoa baita haurrentzako eta haien familientzako eskaintza inklusiboa eskaintzea.
Ana Molina Mestizako presidenteak azpimarratu duenez, udalerri berriak sartzeak "haur gutxiago eta kultur eskaintza mugatuagoa duten landa-eremuetara hurbiltzea ahalbidetzen du". "Hasieratik, programa hiru hizkuntzatan garatzeko pentsatuta dago, publiko zabalagoa erakartzeko, integrazioa sustatzeko, batasuna bultzatzeko eta guztiontzako espazio ireki eta inklusibo bihurtzeko modu bat baita."
Liburupacka jaso ahal izateko, elkarteko presidenteak azaldu du bederatzi udalerri horietan adin tarte horietako adingabeak dituzten etxe guztiek gutun bat jasoko dutela posta arruntez (edo parte hartzen duen udalerriak egokitzat jotzen duen bidea), eta bertan udal liburutegira edo Haurreskolara gonbidatuko dituztela, jaso ahal izan dezaten.
Liburupack bakoitzak euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko liburu bana izango du. Horrez gain, txiki-txikitatik irakurtzeak dituen onurei buruzko informazio-liburuxka bat, errimen eta abestien orri bat, eta QR kodea duen orri-markagailu bat erantsiko dira. QR horrek Liburu Baby Klubak udal liburutegi publiko kolaboratzaileetan irakurzaletasuna sustatzeko egiten dituen doako jardueren egutegiarekin lotuko du.
Liburu Baby Kluba
Bookstart Euskadi-Gipuzkoa programa Liburu Baby Klubaren saioekin osatzen da. Jarduera ludiko, didaktiko eta doakoa da, eta lehen haurtzaroan eta familietan literaturarekiko, musikarekiko, artearekiko eta naturarekiko interesa piztea du helburu. Irakurketa sustatzeko jarduera honek eleaniztasuna sustatzen du, eta euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egiten da. Liburu Baby Kluba 2009an jarri zen abian, Donostia Kulturarekin lankidetzan, eta gaur egun sareko 11 liburutegitan egiten da. Gainera, Gipuzkoako eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste udalerri batzuetara ere zabaldu da, liburutegi eta kultur etxe publikoen sarean irakurzaletasuna sustatzeko estrategiaren barruan.
Kolaboratzaile diren udalerrietako liburutegiek Liburu Baby Klubaren irakurzaletasuna sustatzeko saioak eskaintzen dituzte. Liburu Baby Kluba 0-5 urte bitarteko haurrak dituzten familientzako ekimena da (adina aldatu egiten da udalerriaren erroldaren arabera), lehen haurtzarotik lotura afektiboa sustatzeko liburuen bidez. Parte hartzen duten udalekin lankidetzan, saioak egingo dira lurraldeko hainbat tokitan.
Bookstart programa
Bookstart programa nazioarteko ekimen bat da, BookTrust UK-tik abiatuta Wendy Coolingek (1941-2020) 1992an sortutako Bookstart UK hasierako programaren ereduan oinarritua. Gaur egun, EURead irakurzaletasuna sustatzeko Europako partzuergoak sustatzen du ekimen hori. Partzuergoa 2000. urtean sortu zen, eta gaur egungo gizartean eta kulturalki askotarikoa den gizartean erabat parte hartzeko aurretiko baldintza gisa ulertzen du irakurketa, eta irakurzaletasuna eta kultura sustatzeko Europako 27 herrialdetako 38 erakundek osatzen dute (Alemania, Austria, Azerbaijan, Belgika, Bulgaria, Kroazia, Eslovakia, Eslovenia, Espainia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Hungaria, Irlanda, Italia, Lituania, Malta, Norvegia, Herbehereak, Polonia, Portugal, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Suedia, Suitza, Turkia eta Ukraina).
Mestiza Elkarte Artistiko-soziokulturala EURead-eko kide da 2018. urtetik. EURead-ek Bookstart maila globalean sustatzen duten erakundeen nazioarteko sare bat du (Global Network for Early Years Bookgifting). Programa arrakastaz ezarri da Europan, Amerikan, Asian, Ozeanian eta Afrikan.
2210