Lehiakortasun ekonomikoa komunitatearen zerbitzura ingurune globalizatuan
Lehiakortasun ekonomikoa komunitatearen zerbitzura ingurune globalizatuan
Jardunaldian 150 parte-hartzaile baino gehiago elkartu dira, adituen, erakundeetako ordezkarien, enpresen eta Gipuzkoaren etorkizunean interesa duten herritarren artean. Komunitatearen, lehiakortasunaren eta garapen inklusiboaren inguruko esperientzia eta analisia partekatu dute Stephan Garellik (Lausanako Unibertsitatea), Josu Ferreirok (UPV/EHU), Sarah Chaytorre (University College London) eta ORKESTRAko eta Deustuko Unibertsitateko ordezkariek

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoaren etorkizunean izaeraren eta komunitate-balioen bilakaera zikloaren bigarren jardunaldia antolatu du gaur goizean Tabakalerako Prisma espazioan, Ipuskoa 1025-2025 Izanetik izena programazioaren barruan. Topaketa honako izenburupean garatu da, Lehiakortasun ekonomikoa komunitatearen zerbitzura ingurune globalizatuan, eta 150 pertsonatik gora elkartu dira. Bertan, erdigunean jarri dira lurraldearen etorkizunerako gakoak diren bi kontzeptu: lehiakortasuna eta komunitatea.
Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatuak hasi du ekitaldia eta lotura horren garrantzi estrategikoa azpimarratu du: "Gipuzkoa bereizten duen ezaugarri nagusietako bat da komunitate-zentzu sendoa duela. Gure historian zehar, lankidetza, balio partekatuak eta konfiantza izan dira gure garapen ekonomiko eta sozialaren funtsezko zutabeak. Gaur, funtsezko erronka bati egin behar diogu aurre: nola konbinatu sustrai komunitario horiek ekonomia global eta lehiakor baten eskakizunekin; nola indartu lehiakortasuna definitzen gaituen gizarte-kohesioa ahuldu gabe. Ez da hausnarketa teorikoa, estrategikoa baizik; horren mende dago gure lurraldearen etorkizuneko ongizatea. Horregatik, ezinbestekoa da komunitateak eta lehiakortasunak elkarrekin aurrera egitea, ingurune berritzaileak, arduratsuak eta kohesionatuak sortuz gure enpresentzat eta herritar guztientzat”.
Jardunaldian hainbat funtsezko elementu garatu dituzte, hain zuzen ere, ingurune globalean komunitatea eta lehiakortasuna uztartzeko erronkei eta aukerei buruz. Horien artean, Lausanako Unibertsitateko Stephan Garellik Ziurgabetasunaren aroan lehiatzea: ordena ekonomiko global berria ulertzeko gakoak aurkeztu ditu, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Josu Ferreiro Apariciok, berriz, Komunitatea eta lehiakortasuna ezegonkortasun globaleko garaietan: politika ekonomikoaren eta ekonomia politikoaren ikuspegia hitzaldian, bere gogoetak plazaratu ditu. Gainera, komunitate-zentzuak Gipuzkoako enpresen lehiakortasunean duen eraginari buruzko ponentzia bat ere entzun ahal izan da, Jon Ander Arzallus Galparsoro (Gureak taldea), Joseba Azurmendi Zabaleta (Orbinox Group) eta Aritz Kanpandegi Berrotaranen (LANKI, Mondragon Unibertsitatea) eskutik. Jardunaldia amaitzeko, University College London unibertsitateko Sarah Chaytorrek aurkeztu du Oparotasun inklusiboa eraikiz: azpiegitura soziala, unibertsitateak eta hazkunde ekonomikoa hitzaldia, Gipuzkoan garapen jasangarria eta inklusiboa bultzatzeko estrategiak landuz.
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak itxi du jardunaldia eta gogorarazi du lurralde bezala lantegi eta enpresa jarduerak "forma eman diola eta eragin erabakigarria izan duela" Gipuzkoako komunitatean azken hamarkadetan, eta, aldi berean, lurraldearen balio "propioak" bere industrian ere sustraitu direla. "Gipuzkoako enpresa eredua berritzailea da, mundura irekia, lehiakorra, pertsonen partaidetzari bidea ematen diona eta epe luzerako ikuspegia duena. Hori da gure erkidegoari aurrera egitea ahalbidetu dion enpresa eredua, bai ongizatean, bai kohesioan ", adierazi du.
Hala ere, adierazi duenez, ezegonkortasun ekonomikoko testuinguru batean, gizarte, ekonomia eta ingurumen eraldaketa handiak bizi ditugu, hala nola, lanari lotutako balioen aldaketa, indibidualismoa, estremismoa, adimen artifizialaren hedapena... "Horrek guztiak eragina izan dezake enpresa batean, proiektu partekatu gisa. Hain zuzen ere, kontrako norabidean jardun behar dugu, enpresa indartuz proiektu partekatu gisa, pertsona guztien ongizatea zaintzen duen komunitate arduratsua, berdintasunezkoa lortzeko aktibo ezinbestekoa baita", planteatu du.
1216